2014.10.03
Ricky Falkner ekoizlearekin Madrilen grabatutako “Lemak, aingurak” abestia zabalduko du Badok.info atariak datorren astelehenean, urriak 6. Goizeko 9:00etatik aurrera entzun ahal izango da Berri Txarrak-en kanta berria atari honetan bertan. Guztira 20 abestik osatuko dute Denbora da poligrafo bakarra lan berria, hiru EPtan banaturik. Taldeak berak sortutako Only in Dreams zigiluak argitaratuko du azaroan.
Hogei kantuz osaturiko lan batekin ospatu nahi du Berri Txarrak-ek 20 urteko ibilbidea. EP bakoitza grabazio estudio batean eta soinu teknikari batekin grabatu du urtean zehar, eta “rocka ulertzeko hiru molde, hiru ikuspuntu (ia) kontrajarriak” jaso nahi izan ditu.
Lehen diskoa Kalifornian grabatu zuten Ross Robinsonekin, Haria diskoko ekoizle berarekin. Taldeak azaldu duenez, Robinsonek “alderdi emozional eta are espirituala lehenesten ditu, musikariaren erraiak hatz puntekin ukitu eta tripetatik egindako interpretazioen bila beti”. Duela hilabete batzuk disko horren aurrerapen kantua zabaldu zuen taldeak, “Etsia“.
Ricky Falknerrekin Madrilen grabatutako EPak “abesti sorta berezia” jasotzen du. Izan ere, “gure ohiko soinukera (horrek inongo zentzurik badu) beste norabaitera eramango zuelakoan” erabaki zuen taldeak Bartzelonako ekoizlearengana jotzea. “Hitz ilunkarak kantuen oinarrian, pop zertzeladaz zipriztindua dator disko hau”, dio taldeak. Disko horretakoa da Badok.info atariak astelehenean zabalduko duen kantua.
Azkenik, Coloradon amaitu berri duten grabazioak osatuko du Denbora da poligrafo bakarra lanaren hirugarren alea. Bill Stevenson musikari eta ekoizlearekin (Black Flag, NoFX, Only Crime…) grabatu dute eta “kantu laburrak eta zuzenak” biltzen ditu, “bi minutu inguruko bala azkarrak, estilo zaharrera astebetean grabatu eta nahastutakoak”.
Hiru EPak azaroaren amaieran argitaratu ditu Only in Dreams zigiluak (Berri Txarrakek sortatutakoa), biniloan eta CD formatuan.