2016.03.23
Negua joan da eta ezohiko disko sorta oparoa utzi digu. Ekiza, Amorante, Peiremans+, Revolta Permanent, Keu Agirretxea, Pottors ta Klito, Zingira, Eraso! edota Broken Brothers Brass Band-en lanak plazaratu dira urteko lehen hiru hilabeteetan, eta uda bitartean beste hainbat lan interesgarri argitaratzeko bidean dira. Zantzu guztien arabera, aurtengo uzta gogoan gordetzekoa izango da. Hona hemen datozen aste eta hilabeteetan argia ikusiko duten diskoetako batzuk.
BAOBABS WILL DESTROY YOUR PLANET
Apenas bi urteko ibilbidea eta EP bat baino ez izan arren bagage gisa, Londresko Abbey Road estudio mitikora jo du Iruñeko hirukoteak lehen diskoa grabatzeko. Otsaileko egun bakar batean egin zuen, Iñaki Llarena soinu teknikariarekin. Apirilaren hasieran izango da kalean diskoa, eta 14an Iruñeko Zentral aretoan aurkeztuko dute Sr. Chinarrorekin batera. Uztailean Iruñeko Tres Sesenta jaialdian parte hartuko du Baobabs Will Destroy Your Planetek.
BIG BOY
Zumaiako taldea bigarren diskoa grabatzen ari da, Zapasalto, eta maiatzerako bukatuta izatea espero du. Grabazioaren eta fabrikazioaren gastuei aurre egiteko, crowdfunding kanpaina bat zabaldu du Karena.eus plataforman.
ESKEAN KRISTÖ: Ezkurrik onenak (Baga Biga)
Tio Pete estudioan grabatu du Arratiako rock&roll taldeak bere bigarren disko luzea, baina abestien nahasketak Londresen egingo ditu, Igor Delgadoren Marmitako Studiosen. Kokein taldeko Zaloa Urain abeslariak eta Bart Farrell kaliforniarrak kolaboratu dute diskoan, besteak beste. Kanaldudek eta RadioKulturak ekoizten duten Hertzetan musika saioko talde gonbidatua izango da Eskean Kristö apirilaren 13an, eta apirilaren 28an Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko du lan berria.
FETITXE
Apirilaren 4an argitaratuko du Zaratamoko posthardcore taldeak Distantzien artean lan berria. Haritz Lete (Cobra, Osso, Kokein), MobyDick eta Highlights taldeko Mario Coirak kolaboratu dute diskoan. Entzun lehen singlea, “Azal lohia”.
INOREN ERO NI
Zuzeneko azken emanaldietan kantu berriak aurkezten hasi da Inoren Ero Ni, baina diskoan entzun ahal izateko zertxobait itxaron beharko da oraindik. Oraingoan ere EP bat izango da, bost kantuz osatua, eta inprobisazioak pisu handia hartu duela adierazi du Okene Abrego kantariak Gaztezulo aldizkarian. Grabazioa amaituta, masterizazioa eta diseinu lanak egitea falta da. Dena ondo bidean maiatzean izango da kalean.
IZEBERG
Aste honetan sartu da Usurbilgo laukotea Higain estudioan bigarren diskoa grabatzera Haritz Harreguy teknikariarekin. Zazpi kantuk osatuko dute, “rocka zentzu zabalean ulertuta”, eta horietako batzuk asteburu honetan Laudioko Gazte Danbadan eskainiko duten kontzertuan entzun ahal izango dira.
JOSEBA B. LENOIR
Garate estudioan hasi zuen Joseba Baleztenak bere lan berriaren grabazioa, Ander Mujika, Miren Narbaiza, Xan Bidegain, Felix Buff eta Lutxo Neira musikariekin, eta bere etxeko Gakobeltz eta Lyongo Mikrokosm estudioetan eman dio jarraipena. Eguzkiari begietara so izenburudun lanak maiatzean ikusiko du argia, baina dagoeneko entzun daiteke lehen singlea, “Izaki arrotz hortara”. Halaber, diskoa aurrez erosten duenak kantuen bertsio biluziago bat jasoko du opari gisa, argitara emango den egunean bertan.
KEPA JUNKERA & SORGINAK
Uda aurretik argitaratuko du trikitilari bilbotarrak lan berria, hau ere Sorginak ahots taldearekin grabatua. Beste behin kolaboratzaile ugari izango ditu Junkeraren diskoak: Oreka TX, Ibon Koteron, Antonio Serrano, Diego Galaz, Daniel do Pando, German Diaz, Imanol Urkizu, Eleuterio Jauregi Beloki, Jose Luis Monton…
LAUROBA
Boskote bilakatu da Lauroba —Iñigo Asensio teklatu jotzailea (Van Poppel, Manent…) da taldekide berria—. Gaztain eta AME estudioetan grabatu du bere laugarren diskoa, IV, eta apirilaren 2an aurkeztuko du Donostiako Doka aretoan. Ondoren, Azkoitiko Zurt tabernan (apirilak 8), Alegiko Gaztetxean (apirilak 9), Gasteizko Parral tabernan (apirilak 19), Baigorriko Nafarroa Egunean (apirilak 24) eta Hondarribiako Endanea Gardenen (apirilak 30) aurkeztuko du.
NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO
Apirilaren 15ean kaleratuko du bikote donostiarrak Usurbilgo Higain estudioan grabatutako Eate. Oraingoz lehen singlea baino ez dugu ezagutzen, “Ariñau”, Belako taldeko Lore Nekane Billelabeitiaren kolaborazioarekin.
OSO FAN
Giorgio Basmatti bakarlariaren alter ego euskalduna da Oso Fan. Iaztik Oriol Flores bateria jotzaileak (Triz3ps) laguntzen dio zuzenekoetan —Lou Topet taldearen Abesti bat gutxiago diskoko aurkezpen bira egin zuen—, eta formatu horretan grabatu du diskoa Xabier Erkizia ekoizlearekin.
PERLAK
Martxoaren 12an sartu zen laukotea bere bigarren diskoa grabatzera, Mungiako Gaua estudioan, Aitor Abio ekoizlearekin. Azken aldiko zuzenekoetan bezala, diskoan ere Miren Narbaizak (Napoka Iria, Joseba B. Lenoir Gang) bete du Oihane Abarrategik utzitako lekua. Bederatzi kantuz osatutako lana izango da, “aurrekoa baino ilunagoa”, taldekideen arabera, eta maiatzean kalean izatea espero dute.
PETTI & ETXEKO UZTA
Apirilean plazaratuko du Pettik bere bakarkako zazpigarren diskoa. Etxeko Uzta taldeak —Joseba Irazoki eta Igor eta Iñigo Telletxea anaiak—, rock soinu gordin eta elektrikoetara itzuli da kantari nafarra Elkar estudioan grabatutako Hotzikarak diskoan. Hamar kantu izango dira, tartean Gu ta Gutarrak-en “Bi bide” abestiaren moldaketa, eta hitzen egileen artean ohiko izenez gain —Beñardo Goietxe, Harkaitz Cano— lagun berriak daude —Pello Lizarralde, Eneko Barberena, Juan Luis Zabala…—. Lehen zuzeneko aurkezpena Donostiako Antzoki Zaharrean egingo du Pettik, maiatzaren 7an.
SOLTE
Apirilean hasiko da grabatzen Bilboko Santutxu auzoko taldea bere disko berria, The Rock Studios-en, Urtzi Arrieta eta Carlos Creatorrekin. Hamar urte egin ditu Soltek eta hau bere hirugarren diskoa izango da.
SU TA GAR
Sentimenak jarraituz (1996) diskoaz geroztik ohitura duen bezala, Lorentzo Records estudioan eta Aitor Ariñorekin ari da Eibarko taldea disko berria grabatzen, estudioko hamalaugarrena. Baxua, gitarrak eta bateria grabatu dituzte jada, baina ahotsak udarako utzi dituzte —duela egun gutxi ebakuntza egin diote Aitor Gorosabeli, kiste bat kentzeko ahots-kordetan—, eta diskoa udazkenean izango da kalean. Hala ere, Su Ta Gar uztailean itzuliko da zuzenekoetara.
TXUMA MURUGARREN
Ia bere lan guztietan lagun izan dituen Miguel Ramirez (gitarra), Ekaitz Hernandez (baxua), Natxo Beltran (bateria) eta Rafa Aceves (pianoa eta teklak) musikariekin grabatzen ari da Txuma Murugarren disko berria. Haatik, estreinakoz ari da Mutrikuko AME estudioan lanean, Axular Arizmendirekin. “Sonu desjosia nahi dugu, marranta”, adierazi du Murugarrenek. Apirilean amaituko dute grabazioa eta irailean kaleratuko da diskoa.