Musika

Iñigo Astiz

2019.11.15

Iñigo Astiz

Bermeoko auzo jamaikarra

Geografikoki soilik kolpatzen dute Bizkaiko itsasoko olatuek Bermeoko kosta (Bizkaia), zeren eta espiritualki, benetan, Karibeko uhinek mugitzen dute herria. Edo hori da, behintzat, Iñigo Iriondo Gatom rap abeslari, musika ekoizle eta bideogilearen ikuspegia. Herriko mapa bat jarri du horregatik bere bosgarren diskoaren azalean, baina izen guztiak moldatu ditu rap, trap eta reggae munduaren erreferentzietara. Talape hondartza zena, adibidez, Trap-lape bilakatu du berak, eta antzera, beste hamaika txokorekin ere. «Umore puntu bategaz egin dut, baina badago eszenatxo bat herrian, eta hori erakutsi nahi nuen». Eta giro orokorrago horren parte sentitzen da bera. Durangoko Azokan Taupaka elkartearen erakusmahaian jarriko du salgai diskoa, eta sarean ere osorik entzuteko moduan dago jadanik.

GATOM

Bosgarren diskoa kaleratu du Iñigo Iriondo ‘Gatom’ rap eta reggae musikariak.

EuskalSkillz deitu du lana, eta balio du tituluak diskoaren laburpen modura; bi esanahi batzen dituen hitz joko bat baita berez. Alde batetik, Bermeoko hizkeran kantatzen du Gatomek, eta horregatik tituluaren lehen adiera: «euskalki». Baina, bestetik, bere abilezien berri ere eman nahi izan du, rap abeslarien artean ohikoa izaten denez, eta hortik tituluaren ingelesezko bigarren adiera: «euskal skills». Euskal trebeziak, alegia. «Rap mundua halakoa da», azaldu du barrezka.

Ezpal askoko enborra da diskoa, halere. Reggae eta dancehall doinu eta kantaeradun abestiak dira nagusi “Loratu da bidea”, “Tiroka”, “Geure kode” eta “Zonbi lar” izenekoak, kasu, baina badira eskola zaharreko rap kantak ere “Izaki vs zenbaki”, “Memoria labur” eta “Prebekario”; trap aire bat du “Horma fin” abestiak, eta jungle ukitua dauka, adibidez, “Gazte ta errebelde” deitutakoak. Nahita bilatu du ugaritasun hori. «Saiatu naiz estilo asko lantzen, baina guztietan mantentzen reggaearen oinarri hori».

Maite du traparen musika, esaterako, baina ez hainbeste musika horren bidez maiz zabaltzen den mezua. «Estetikari mezuari baino inportantzia handiagoa ematea ez zait gustatzen. Beti egon da egozentrismo handia rap mundu barruan, baina uste dut euskaraz egiten dugunon artean oso ezberdina dela. Beste giro bat dago. Nik biak ezagutu ditut, eta euskaraz giro osasuntsuagoa dago, elkarri laguntzeko joera handiagoa dago. Horregatik uste dut irteten direla hainbeste talde euskaraz, laguntzen diogulako elkarri».

“Beti egon da egozentrismo handia rap mundu barruan, baina uste dut euskaraz egiten dugunon artean oso ezberdina dela”

Eskola zaharreko rapa egiten zuen lehen berak, baina maite zuen reggaea, eta, azkenean, iaz eman zuen jauzia. «Sentitzen nuen ez nengoela preparatuta melodietarako, eta rapa egiten nuen». 2018an, Kostako Vibes diskoarekin egin zuen aldaketa, baina lehenagotik zetorkion zaletasuna. «Gasteizera ikastera joan nintzenean ezagutu nuen reggae kutsua zuen eszena bat, eta musika horren gainean alaiago abesten ikusten nuen neure burua, eta hobeto pasatzen nuen».

Gaztetxeen babespean
Kolaborazio sorta bat ere badakar diskoak. Bi abestiren oinarri instrumentalak sortu ditu Bad Sound taldeko Stepi disko jartzaile eta ekoizleak, esaterako, eta aitortza moduko bat ere bada lankidetza, Gatomen hitzetan. «Ohorea da bere bi instrumental edukitzea, oso lagunak garelako, baina inoiz ez dugulako orain arte kolaboratu ezertan. Maisuak dira niretzat, eta haiek irekitako bidea jarraitzen dugu besteok».

Stepiz gainera, lau rap abeslari ere gonbidatu ditu Gatomek. Raperu abeslari galdakoztarra da bat, Sondikan (Bizkaia) bizi den Pake rap kantaria da bestea, Nikotina taldearekin aritzen den Kief da hirugarrena, eta, normalean gazteleraz kantatu arren, euskaraz ere aritzen den Drew da laugarrena. Onartu du Gatomek: duela urte gutxi batzuk zail izango zen euskarazko hainbeste rap abeslari bildu ahal izatea. «Azken urteetan jende asko atera da rapa egitera, batez ere, euskaraz. Baina badago jende asko herri txikietan saiatzen ari dena irteten, baina kostatzen ari zaiona beren lana zabaltzea, eta nahi nuen jende hori gonbidatu».

Hazten igartzen du eszena Gatomek, eta pozik dago horrekin musikaria. «Azken urteetan rap eta reggae mugimendu handia ari da ematen gaztetxeetan. Aretoek ekarpen txikiagoa egiten dute horretan; ez dute hainbeste arrisku hartzen, igual estilo horretan publikoa txikiagoa delako beste estilo batzuetakoagaz konparatuta. Baina nik uste dut gorantz doala eszena. Progresiboa da. Inoiz ez da egon euskal rap eszenaren boom bat, baina gutxika-gutxika jendea badabil batzen».

ETIKETAK:Bad SoundGatomIñigo IriondoRaperuStepiTaupaka