2018.05.12
Fermin Muguruzak berak onartua du The Suicide of Western Culture bikotearekin argitaratutako B-Map 1917 + 100 diskoa mugarri bat izan dela. Pisu handikoa dela bere ibilbide luzean. Soinu gogorretara itzuli da diskoarekin, Dut hirukoarekin Ireki ateak lana argitaratu eta hogei urtera. Baina azken lanean soinu elektroniko eta industrialera jo du, orain arte landu gabeko bide batera. «Zaila ere izan daiteke jarraitzen nauten batzuentzat», onartu zuen egunkari honi eskainitako elkarrizketan. Eta disko hori jende aurrean aurkeztearen erronka eduki zuen estreinakoz, ostegunean, Bilboko Kafe Antzokian. Atzo Gasteizko Jimmy Jazz aretoko taulara igo zen, eta Irungo musikariak beste sei emanaldi dauzka aurretik.
Erronka zaila zuen aurrez-aurre, eta Bilbon begi bistan geratu zen, Muguruzak berak onartu bezala, diskoa zaila egin zaiela haren ibilbidearen jarraitzaile diren askori. Ez ziren sarrerak agortu, baina, hala ere, 400 ikusle inguru bildu ziren lehen emanaldira. Eta ikusleek izan zezaketen zailtasun hori ere agerian geratu zen kontzertua hasi eta berehala, abestiak bata bestearen atzetik joan baitziren, eta harrera epela lortu zuten. Amaieran berotu zen giroa ikusle eta musikarien artean, ordurako kontzertua amaitzen ari zela. Denera ordu eta erdi inguruko emanaldia egin zuten.
Kontzertuko lehen hiru abestiak The Suicide of Western Culture (TSOWC) kataluniarren eskutik iritsi ziren. Miguel Unamuno bilbotar idazleak eta Jose Millan-Astray militar frankistak Salamancako (Espainia) unibertsitatean izan zuten eztabaida ekarri zuten gogora agertokiaren atzean zegoen pantailako irudiek. «Gora heriotza, hil dadila adimena!» hitzak azaldu ziren pantailan behin eta berriz, Unamunoren eta Millan-Astrayren argazkiak tartekatuz. TSOWCek aurrera egin zuen beste bi abestirekin, baina lehen doinu horiekin batera garbi geratu zen kontzertuan garrantzi berezia izango zuela agertokiaren atzeko aldean zegoen pantaila hark.
Muguruza atera zen ostera taulara, eta atzetik Karlos Osinaga Txap iritsi zen, gitarra soinean zuela. Haren gitarren ekarpenak beste osotasun bat eskaini zien doinu elektronikoei. “Barcelona – Sant Andreu” kantua izan zen lehen kolpea, eta agertokiko pantailan abesti horrentzako propio egindako bideoa proiektatu zuten. Muguruzak bideo bat egina dauka B-Map 1917 + 100 diskoko kantu bakoitzarentzat, eta Youtubeko bere kanalean daude ikusgai. Bada, bideo horiek denak azaldu ziren pantailan, diskoko abesti guztiak interpretatu baitzituzten taularen gainean.
Hasierako abestietan, Muguruza bera lotuta bezala azaldu zen taula gainean, eta horrela joan ziren diskoko abesti indartsu ugari: “Belfast – Zuhaitzak”, “Belgrad – Hiri zuria” edo “Buenos Aires – Gernika Jai Alai“. Baina musikari eta ikusleen arteko lotura atzera begirako abesti batekin iritsi zen. «Nostalgia ez zait gustatzen, baina adina izateak hori dauka», azaldu zuen. Gogora ekarri zuen Negu Gorriak taldearen Borreroak baditu milaka aurpegi diskoak 25 urte bete berri dituela, eta horko kantu baten berrinterpretazio bat eman zuten. “Itxoiten” kantuarekin solteago azaldu zen musikari irundarra, eta hortik aurrera gorantz egin zuen kontzertuak. Ikusleek berarekin batera kantatu zituzten abestiaren pasarteak, eta giroa berotzen hasi zen.
“Bilbao – Manifestazioa” eta “Baton Rouge – Black is beltza” iritsi ziren gero, eta mikrofonoa eskuz aldatu zen. Joan den uztailean Badajozeko espetxean hil zen Kepa del Hoyo euskal presoaren semea igo zen taula gainera, eta kartzelako bisita batetik itzultzen ari zela idatzitako kantua abestu zuen. Bidaia horien kronika rap doinuan, hain zuzen. Erruz txalotu zuten ikusleek haren ekarpena, eta Muguruzak berriz atzera begirako kantu bat berreskuratu zuen. Oraingo honetan, Kortaturen “El estado de las cosas” izan zen, Aljeriako gudako irudiak pantailan ikusten zirela. Kontzertuaren lehen zatia amaitzeko, “Brazzaville – Egun on Kinshasa” dantzagarria iritsi zen, eta kontzertua goian utzi zuten hor.
Bisetan beste bi abesti ekarri zituzten: “Zu atrapatu arte” mitikoaren bertsio industriala, eta azken diskoko “Berlin – Ulrike Meinhof” ezaguna. Doinu horiekin amaitu zen B-Map 1917 + 100 diskoaren lehen emanaldia. Epel hasi zena berotzen asmatu zuten, elektronikako kontzertu bat zaila izan zitekeen arren Muguruzaren jarraitzaile askorentzat.
Aurretik, ordea, La Furia rap abeslari nafarra igo zen taula gainera. Muguruza eta TSOWCen emanaldiaren aurreko giroa berotzeko ardura zeukan, eta baita hori egin ere. Abestien hitz zuzenek eta haren jarrerak lagunduta, ikusleek berehala egin zuten bat berekin. Feminismoaren aldarrikapenak eta patriarkatuaren aurkako kontsignak behin eta berriro errepikatu zituen. “Crisis S.A.” edo “Pena” kantuetan agerian geratu zen hori.