Benito Lertxundik egindako ekarpena luze-zabal aztertzea dute asmo aurtengo Kanterri ikastaroan, eta, horretarako, ertz askotatik helduko diote kantariaren ibilbideari. Besteak beste, Benito Lertxundiren adiskideak, zaleak, musikariak, adituak eta kazetariak ariko dira bertan; hala nola Ane Ablanedo, Juantxo Zeberio, Itziar Navarro, Iker Gurrutxaga eta Imanol Artola. Hitzaldiez gainera, saio praktikorik ere izango da tartean. Uztailaren 4an eta 5ean egingo da Kanterri, Oiartzungo udaletxeko (Gipuzkoa) batzar areto nagusian. Ahotseneak, Bizardia kultur elkarteak, Soinueneak eta Oiartzungo Udalak antolatu dute egitasmoa, laugarrenez.

Ane Ablanedok emango du aurtengo Kanterri ikastaroko lehen hitzaldia: ‘Benito, gure emozioen alkimista’. KANTERRI
Kanterriren komunikazio arduradun Gotzon Barandiaranek Lertxundiren garrantzia nabarmendu du: “Alderdi askotan eduki du eragina Lertxundik, ez bakarrik musikagintzan, Ez Dok Amairun eta Berpizkunde hartan; gerora ere, pertsona askoren euskalduntze eta alfabetatzean eduki du eragina, esate baterako”. Naziogintzan izan duen “eta oraindik ere baduen” eraginari ere jarri dio azpimarra: “Erreferentzia sinboliko asko daude bere kantuetan, eta, horregatik, komunikazio euskarri mordoan erabili dira haren hitzak; baita hezkuntza arautuan eta ez arautuan ere”.
Euskal kantagintzak dituen gabeziez ere mintzatu da Barandiaran: “Gure adierazpen eta arte diziplina guztien artean musikak dauka eraginik handiena alde handiz, baina ikerketa eta saiakera lan gutxi ditugu horren inguruan”. Gabezia horri lotuta azaldu du, hain zuzen, aurtengo Kanterriko hizlarien zerrenda nekez osatu izana: “Batzuk oso erraz identifikatu genituen, baina Benito Lertxundiren kantagintzari helduko lioketen emakumezkoak aurkitzea ez da samurra izan”. Gai bat gelditu omen zaie osatu ezinik: “Genero ikuspegitik ere aztertu nahi genuen Benitoren kantagintza, baina ez dugu inor aurkitu”.
Ibilbidea eta eboluzioa
Ane Ablanedok emango du jardunaldiko lehen hitzaldia, uztailaren 4an, 09:30ean; Benito, gure emozioen alkimista hitzaldia emango du, kantariaren adiskide gisa. Benitoren musikaren zalea izateak “asko eta errotik” markatu duela dio Ablanedok, eta bere esperientziatik aztertuko ditu Lertxundiren musikak sortutako emozioen nolakotasuna, jatorria eta kolorea: “Zaleok urteetan erakutsi diogun maitasunean eta leialtasunean datza funtsean Benitoren arrakasta, eta horixe da beti musikari batek eduki dezakeen aitortzarik handiena”.
Juantxo Zeberio musikariak eskainiko du uztailaren 4ko bigarren hitzaldia, 12:00etatik 14:00etara: Zerk bereizten ditu Benitoren kantuak? Zeberiok bi kontu aztertuko ditu: Lertxundiren musika moldea nola aldatu den 1967an gitarra hutsez lagunduta plazaratzen hasi zenetik azken kontzertua eman zuen arte iragandako hirurogei urteetan, eta hasierako kantu haiek 2024an zuzenean grabatutako azken kantuetan zer arrasto utzi duten. Benito Lertxundiren kantu guztien artetik lagin bat hartuko du horretarako.
Itziar Navarro musikari eta musikologoak saio praktikoa egingo du, arratsaldez: Orioko bardoaren lorratzean. Benito Lertxundiren ibilbideari errepaso kantatu bat. Kanterriko lehen eguneko azken saioa izango da, eta bertara bilduko direnen parte hartze aktiboa eskatuko du: aurrez emandako kantu zerrenda bati jarraika, Benito Lertxundiren kanta batzuk landuko dituzte, ahots hutsez zein soinu-tresnez lagunduta.
Hiru aro
Imanol Artolak gizarteari jarriko dio fokua Benito Lertxundiren kantuak garai soziopolitikoen isla hitzaldian, eta 1967tik hasi eta 2024ra bitartean gertatu diren aldaketak hartuko ditu hizpide: “Benito Lertxundi bere garaiaren seme izan da, eta garai soziopolitikoa aldatu ahala joan da aldatuz bere kantagintza ere”. Lertxundiren ibilbidean hiru aro bereizten ditu Artolak, eta aro bakoitzeko ezaugarri nagusiak aletuko ditu. Uztailaren 5ean izango da Artolaren hitzaldia, 09:30ean.
Iker Gurrutxaga Naiz irratiko musika arduradun eta MusikHaria saioko gidariak emango du Kanterri ikastaroko azken saioa, 12:00etan: Benito Lertxundi, Talai-Menditik Mendibeltzera. Gurrutxagak Benito Lertxundiren herrikideei erreparatuko die, haren ekarpenak Orioko (Gipuzkoa) musikariengan izan duen eragina aztertuko baitu. Halaber, hainbat istorio kontatuko ditu, Lertxundiren alderdi pertsonalagoa ezagutzera ematearren: “Oriotarrontzat oso ohikoak izan daitezkeen kontuak izango dira, baina Euskal Herrian ziurrenik ez direnak oso ezagunak”.
Gaurtik hasi eta maiatzaren 8ra arte, zabalik da izena emateko epea. Aurreko aldietan bezala, aurten ere abantaila izango dute BERRIAlagunek: 30 euroan izango dute ikastaro osoa, eta 20 euroan, egun bakarra. Gainontzekoentzat, 40 euroan izango da egun osoko matrikula, eta 25ean, egun bakarrekoa, soldatadunak baldin badira. Soldatagabeek, berriz, 20 euro ordaindu beharko dituzte egun osoko ikastarorako, eta 15 euro, egun bakarrerako.