Musika

badok

2015.11.26

badok

Beñat Antxustegi saritu du Laboa Katedrak

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Mikel Laboa Katedrak Beñat Antxustegi donostiarraren abesti bat saritu du Mikel Laboa saria: doinua hitza, hitza doinu ekimenaren barruan. Zortzi kanta aurkeztu dira saria jasotzeko deialdira, eta Antton Valverdek, Joxan Goikoetxeak eta Juan Kruz Igerabidek osatutako epaimahaiak Antxustegiren “Ohm” aukeratu du. Ondorioz, 3.000 euro jasoko ditu egileak. Bigarrenez irabazi du Antxustegik Laboa Katedraren saria, 2013an “Zu gabe” abestiarengatik eman baitzioten. Horrez gain, epaimahaiak akzesit bat eman dio Iñar Sastre pianistak sortutako “Tiro” abestiari.

antxustegi

Beñat Antxustegik bigarrenez irabazi du Laboa Katedraren saria.

“Abesti hau meditazioari dedikatu diot”, azaldu du Antxustegik, “aurreko aste santuan lagun batzuk zelai batean borobilean begiak itxita ikusiz inspiratu nintzen musika eta letra egiteko. Lasaitasuna transmititu nahi izan dut”. Abestiaren 13. bertsioa da saritutakoa eta Antxustegi Physis versus Nomos goitizen artistikoarekin grabatzen ari den Saudade é fatal diskoa osatuko duten kantuetako bat izango da. Kanta horretan, Alberto Lizarralde (gitarra efektuak), Eneko Sierra (saxofoia) eta Unai Pelaio (ahotsa) izan ditu lagun Antxustegik (ahotsa eta gitarra).

Barakaldon 1989. urtean jaiotakoa da Antxustegi. Xikinkei eta Txema taldeetan aritu ostean, Physis versus Nomos proiektua jarri zuen martxan 2010. urtean. Autoekoitzitako bi disko argitaratu ditu: Zartada eta ferekaren artean (2011) eta Ezin (2013).

Iñar Sastreren “Tiro” kantuari dagokionez, “gure sentimenduek egitera eraman gaitzaketen ekintza baten inguruan ari da kanta, tiro egitearen inguruan”, adierazi du pianistak. “Kasu honetan, tiro egindako batek bere sentipenak kontatzen ditu. Duda, damua, ezina, muturreko sentimenduek izan dezaketen gertutasuna, bere sentsazio psikosomatiko eta bestelakoak deskribatuz. Bizitzan zehar ekintza bera modu ezberdinetan sentitu eta baloratu daiteke, eta kanta honetan, tiro egin duena bere izatearen unerik baxuenean aurkitzen dela esan genezake, deskantsatu ahal izateko aukera bakarra bere heriotzan ikusten baitu”.

ETIKETAK:Antton ValverdeBeñat AntxustegiJoxan GoikoetxeaMikel LaboaPhysis versus Nomos