2018.11.14
Euskal Herria Musika Bulegoa elkarteak antolatzen dituen Musika Bulegoa sarien irabazleak iragarri dituzte gaur. Zazpi dira saridunak: Gabriel Erkoreka, Tosta Banda, Atom Rhumba, Elkano Browning Cream, Izaro, Juan Mari Beltran eta Kalakan. Sariak emateko ekitaldia datorren astelehenean, hilak 19, egingo dute Iruñeko Baluarten.
Iazko irailaren 1etik abuztuaren 30a bitartean kaleratutako 71 lan aurkeztu dira aurtengo sarietara, eta horien artean aukeratu behar izan dute epaimahaiko kideek: Javier Sagastume soinu teknikari eta ekoizlea, Itziar Larrinaga irakasle eta Musikeneko ikerketa koordinatzailea, Jose Miguel Lopez eta Ainhoa Agirre kazetariak, Errege Belda, Suso Saiz eta Kristine Solano musikariak eta François Maton Atabal aretoko zuzendari artistikoa. “Lana sortu, interpretatu eta ekoizteko jardunari erreparatu dio nagusiki eta baita, jakina, azken emaitzari ere. Horretarako, hainbat balorazio-erreferentzia erabili ditu: berrikuntza, originaltasuna, indarra, potentzialtasuna, sotiltasuna, sentsibilitatea esperimentazioa, sonoritatea, estilo-estetikak eta artworka, besteak beste”, azaldu du Musika Bulegoa Elkarteak.
Irizpide horiek aintzat hartuta, herri musikaren arloko hiru disko nabarmendu ditu epaimahaiak: Elkano Browning Cream-en Bor bor, Atom Rhumbaren Cosmic lexicon eta Izaroren Eason. Halaber, Oreka TX-k bultzaturiko Tosta Bandaren proiektua saritzea erabaki du, hala nola Gabriel Erkorekaren Carta blanca lana.
Bost sari horiez gain, Etxepare Institutuak ematen duen saria Kalakan taldearentzat izango da, “Euskal Herriko musikaren erroak naziorteratzeagatik” —iaz Berri Txarrak-ek jaso zuen—, eta Juan Mari Beltranek EHMBE Sari Berezia jasoko du Oiartzungo (Gipuzkoa) Soinuenea-Herri Musikaren Txokoa proiektuarengatik.