2016.01.21
2015ean argitaratu diren disko askok frogatu duten eran, hitzaren eta ahaireen artisauen arteko elkarreraginak ez du etenik. Mamitsua litzateke BADOKek berak letragintza genero literariotzat dugun hausnartzeko jardunaldiak antolatzea, berbarako Anariren Zure aurrekari penalak diskoko berbak poesiarekin erkatzen dutenek luze, zabal, sakon eta patxadaz argudiatu dezaten, edo idazle eta musikari direnek, Xabier Montoiak argitzen duen gisa, konpreniarazi diezaguten zer bereizten duen kanta baterako hitza eta liburu baterakoa edo urteetan lan bikotea osatu duten askok eman diezaguten gutxienez bi buru eta lau eskutara ontzen duten prozesuaren berri, edo musikari askok aitor diezaguten idazteko ezintasunaren argudioaren funtsean nagia dagoela, saiatzen ez direlako ez dutela letrarik idazten. Bitartean, 2015ean idazleen eta musikarien, letragileen eta instrumentu joleen artean sortuta argitaratu dizkiguten zenbait disko dakarguz gogora.
Andrazkubak, D’Capricho (Erroa)
Egunero menosten diguten kulturak bere proposamenen berri zabaltzeko dituen ezintasunen lagina da Andrazkubak diskoa. Euskalduntze bidean ahalegin eskergan ari diren Danieuris Moya Avila eta Daniellis Moya Avila ahizpa kubatarrek, zer eta hamar kantako disko oso bat argitaratu dute hiru euskal emakume sortzaileren poemak musikatuta. Oker egongo gara, ohitura dugunez, eta esango dugu gure kulturaren eta hizkuntzaren historian lehendabiziko aldiz gertatu dela. Lehen aldia izateak ez dio kalitatea bermatzen, noski, baina bide bat zabal dezakeelakoan gagoz, gure kulturaren enbaxadore miopeek aintzat hartzeko modukoa. Leire Bilbao, Miren Agur Meabe eta Arrate Mardarasen testuak kantatzen dituzte D’Caprichokoek ( lehen BiDeak) ,Bilboko Kafe Antzokikoen Erroa argitaletxea lagun. Diskoak ez du liburuxkarik ez bada idazle bakoitzaren poemak eta argazkia dakartzan potreta bana. Kuba ezagutzen dugunok bertakoek kulturari orohar eta beren beregi poesiari dioten mira kontuan izanda, ezin zuen bestela izan. Pianoa eta bi ahotsetan zein rockerako taldeagaz datoz entzungai kantuok, sekulako grinaz zein apalik, berbei irakurri diotenaren arabera, arinak ez beste edozer baitira ahotsak, bostenak:
“Kodea” (Miren Agur Meabe)
Bestelako kidea aldarrikatu nahi dut
hitzarena ez bezalako kidea,
hizkera ez-hitzezkoa,
oroimenean kondenatu ezineko lengoaia,
zeinak gezurta ditzakeen berbakera,
erreklamazio-libururik eta
tarifa-zerrendarik gabeko mintzo mutua,
mezu anbiguoz itxuraturiko jario askea,
adierazi gura ez denaren adierazpidea.
“Memoria ez galtzeko oharrak-1″ (Miren Agur Meabe)
Ezin zaitzaket giltzapetu,
txolarrez eta eroz beteriko kalea zarelako.
Ezin zaitzaket ordenatu,
umeltasun lizunezko trumila zarelako.
Ezin zaitzaket harrapatu,
paturik gabeko zaldiaren galopa zarelako.
Ezin zaitzaket maitatu,
gogo oneko jendearen beldurren zakua zarelako.
Ezin zaitzaket pentsatu,
lo-gabezian ernai naukan ideia burugabea zarelako.
Ezagut zaitzaket, ordea:
neu lakoa zara, beste azal batekin.
“Ez dut nahi” (Leire Bilbao)
Ez dut lurperatuko nauen aberririk nahi,
izan nahi genuena ahora ekarriko didanik.
Ez dut nekatuko nauen maitasunik nahi,
lepora igoko zaidanik mendeku hartzeko ez bada.
Ez dut babestuko nauen amarik nahi,
alboan izango ez badut denbora badoanean.
Ez aberri, ez maitasun, ez amarik
ez badut, nora itzuliko naiz?
“Memoria” (Leire Bilbao)
Nire izena ahaztu nuen lehendabizi.
Eskuak zertarako nituen ahaztu nuen gero,
hitzak zertarako diren
minak zer esan nahi duen.
Nire izena ahaztu nuen lehendabizi.
Nigandik espero zituzten esperantza guztiak
ahantzi nituen gero,
zeini egin behar nion irribarre,
zeini eskua oratu.
Nire izena ahaztu nuenetik
beste ezertaz ez naiz oroitzen.
Ordutik aurrera sortzen dut.
“Neu naiz, zurekin” (Arrate Mardaras)
Neu nauz, zurekin. Neu naiz, zurekin,
edo zu gabe, zuk nahi ez baduzu.
Neu naiz, zurekin. Neu nauz, zurekin,
edo zu gabe, hala nahi baduzu.
Baina ez naiz zurea, hala nahi baduzu ere,
ez naizelako inorena,
neurea baino ez naiz, neurea baino ez.
“Nik nahi dut” (Arrate Mardaras)
Nik nahi dut:
Erori, eta zuk hartzea.
Begiratu, eta zure begirada aurkitzea.
Joan eta zuk onartzea.
Zure bihotza nirearekin etzatea.
Zuk nahi duzu:
Ni zure besoetan erortzea.
Begiratu, eta ni izatea.
Atea jo, eta nik zabaltzea.
Nire bihotzak zurearekin dantzatzea.
Kantok entzundakoan, poemok berrirakurtzean, egungo letragintzari arnasa nondik etorriko zaion egin dugu sudurzuloetatik gora ahotik kanpora sakon. Antton Iturbe BADOKeko bidelagunak Entzun! aldizkariaren 2015eko liburuan Anarirekin izandako elkarrizketaren pasartea datorku braustakoan:
Antton Iturbek: “Zure hitzen irakurketa ezberdinak egin daitezke ere. Azalean pertsonen arteko maitasun harremanen desidealizazio bat dago, erromantizismo edota tragedia hanpaturen ezean, egunerokotasun pragmatikoago eta errealistagoa aurkitzen da. Bita poliedrikoago eta interesgarriagoa ere. Baina azal horren azpian irakurketa soziopolitikorik egitea legoke. Agian urrunegi noa horrekin, baina behin post-abertzale kontzeptua aipatu zenuen eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Erromantizismo xinpleegien aurrean, euskal gizarte eta gatazken irakurketa poliedrikoago bat egiten duzu denborak aurrera egin ahala?”
Anarik: “Ez dut uste horraino iristen naizenik. Ez da nire intentzioa. Ez dakit zein testuingurutan aipatuko nuen post-abertzale kontzeptua, ez dut gogoan, baina ez dut uste soziopolitika egiten dudanik. Bistan da disko honetan [Zure aurrekari penalak diskari buruz ari da] kontzeptu eta lexiko sozio-polikoekin jolastu dudala, baina beti ere intimitatearen esparrura ekarrita. Orain horren bogan dagoen “intimoa politikoa da” horrekin ere ez naiz erabat identifikatzen, gai batzuen inguruan behinik-behin. Dudarik gabe, gizarte eta gatazkaren inguruan, gero eta poliedrikoagoak gara, edo orain poliedriak ikusteko eta esplikatzeko aukera dago. Hala ere, [Victor] Lenoreren liburuaren inguruan sortutako zenbait gairen inguruan, kantu sozialarena adibidez, nik ez dut neure burua kantu sozialak egiten ikusten, ez orain naizen honetan behintzat. Erabateko berrasmatze kontzeptual bat beharko luke izan nire barruan. Dena den, liburu horretan azaltzen diren zenbait adibideren arabera, badirudi kantu sozialak oso onak, txarrak eta oso txarrak izan daitezke. Bere horretan ez da balore bat, niretzat behintzat, kantu sozial bat egitea”.
Eta XXI. mendean kantek duten egitekoak erasanda hasten gara berriz ere hazka eta hazka. Hemen dago? Iritsi da? Zenbateraino hedatu da, irakasten dute eskoletan Amaia Lasak 1971n aldarrikatu eta Josetxo Goia-Aribek 2007an Los pendientes de la Reina / Emakume baten oroimena izenburupean Estitxu Pinatxok kanta zezan konposatu zuen alfabeto berria?
Nereak ez diren
lurralde hauetatik
ihes egin nahi nuke.
Nereak ez diren ur hauek
alde batera
utzi egin behar ditut
Haitz sendoaren biribiltasunean
nire bizitzaren hitza
lortu nahi nuke
Biribiltasunean
sendotasunean
haitzaren gainean
a
e
i
o
u
berri bat esan nahi nuke
Aspalditik dago, beti egon da, menostua, baztertua, mututua, gerizpean, beste ahots hori, badakizue, harron erromantizismoa sinpleari itzuri egiten dion hori.
“Adeitasun handiz” (Eider Rodriguez eta Sorkun, Ziklomorphosia diskoan)
Asunak bezalako jendea
mingaina erretzen duten hitzak.
Sua leihoaren bestaldean
Baina ez gara gu izan
Lastargi bustia naiz
baina lastargi.
Suaren akordua,
epelarena,
ezin burutik kendu,
leihoaren bestaldea.
Erre egin nahi dut,
baina ezin da.
Irria galdu gabe
urratsa galdu arte
haragia ukatuta
gogoa urkatuta
adeitasun handiz
aienatzea.
Suaren akordua
inor laztandu aurretik
eskuak moztea
inori begiratu baino lehen
autosuntsitzea.
Su hartu nahi dut.