2017.11.23
Beñat eta Julen Axiari aita-semeak eta Joseba Irazoki. Euskal Herrian egiten den musikari erreparatzen dion edonork antzemango du hiru musikari horiek atzean dituen proiektu bat nekez izango dela ortodoxoa edo estandarra. Ibilbide ezberdinak eginda ere, hirurak nabarmendu dira —bakoitza bere neurrian eta esparruan— esperimentatzeagatik, bideak irekitzeagatik eta bertan goxo ez geratzeagatik. Horregatik, hiruren arteko lehenengo kolaborazio diskografikoak ez luke harritu beharko axiaritarren eta Irazokiren lanari erreparatu diona. Bas(h)oan (Elkar) lan esperimentala baita, ez hitzaren zentzu hertsi eta abstraktuan, baizik eta herri musikarentzat bide berriak ireki nahi dituen proposamena den heinean.
Bide berriak ireki nahi dituzte Beñat Axiarik (ahotsak), Joseba Irazokik (gitarrak, txistua, ahotsak, txarangoa eta kora) eta Julen Axiarik (bateria, ahotsak, perkusioa eta ttunttuna), eta bide berriak ireki nahi izateagatik nabarmendu zen Robbie Basho (1940-1986) gitarrista estatubatuarra ere. Haren arrastoa aurki daiteke Bas(h)oan-en, izenburutik bertatik. Izan ere, diskoa osatzen duten hamabi piezetatik bost Bashoren konposizioen moldaketak dira, eta hark musikari heltzeko zuen modu askeari jarraitzen diote gainerako kantuek, bai “Maitiak bilhua holli” Zuberoako herri kantuaren egokitzapenak, bai diskorako propio idatzi dituzten kantuek. Diskoarekin batera dagoen liburuxkan sartu duten testu txikiak ondo laburbiltzen du hala Bashoren garrantzia, nola egileengan izan duen eragina: «Disko honen gogo argitzalea Robbie Basho musikari paregabea dugu. [...] Kantari honek Ameriketako musikaren zerua zeharkatu du izarriduri poetiko baten antzera. Gitarrista liluragarria, folkaren mugetatik at doana. Amerindiar, persiar bainan ere Indietako musiketarik bilaketa hazten duela, kantari hunkigarria da ere, bere ahots zirraratzailearekin. Robbie Basho aingeru bat da».
John Faheyrekin batera, eta Takoma zigiluaren bitartez, gitarra akustikoa jotzeko modu bat ordezkatu zuen Bashok. «Alde ezberdinak izan zituen», zehaztu du Irazokik: «Folk musika landu zuen, kantu formatuan oinarrituta. Kantari nolabait arrunta izan zen folk esparruan, hau da, molde klasikoan aritu zena. Baina bazuen zerbait berezia ahotsean, eta, inprobisatzeko joera izateaz gain, kantuak luzatu egiten zituen». Amerikar indiarren musikak eta Indiako ragga-k bere egin zituen, eta, poliki-poliki, esperimentazioaren alorrean sartu zen, errepikapenean oinarritutako kantu instrumentalak landuz. «Musika garaikidean ere hasi zen lanean, baina oso gazterik hil zen». 46 urte bete gabe, hain zuzen ere.
AEBetatik Euskal Herrira
Basho du abiapuntu Bas(h)oan-ek, baina helmuga beste bat du, ordea. Beñat Axiarik modu oso adierazgarrian laburbildu du: «Bashoren haziak beste lore batzuk eman ditu. Guk beste zerbait egin dugu». Izenburuak berak dioen moduan, «hatsa» eman diote: «Gure abentura, gure zaporea, gure hatsa eman diogu, eta hori ez da hain erraza, Bashok gitarra jo eta abestu egiten baitu. Eta intimitate hori lortu behar da lehenik. Bihotzez bihotz egin dugu hori; ez da posible beste modu batean». Eta, hala ere, Bashoren izpirituari ez dio traiziorik egiten diskoak. Alderantziz. Axiari: «Bidaia honek ez gaitu urrundu harengandik, baizik eta hurbildu. Bide zinez miresgarria izan da».
“Bidaia honek ez gaitu urrundu Bashorengandik, baizik eta hurbildu. Bide zinez miresgarria izan da”
Bide horretan bestelako laguntzaileak ere izan dituzte diskoaren egileek: Jules Rousseauren baxua, Mikel Azpirozen teklatua “Wine Song” kantuan, Pierre Vislerren artalde eta erreka soinuak… eta egileek bereziki nabarmendu duten beste bat, Itxaro Borda. %100 Basque-ren egileak euskaratu ditu Bashoren hitzak ingelesetik (“Wine Song”, “Salangadou”), baina, horretaz gain, Bashoren testuekin mintzatzen diren hitz berriak ere idatzi ditu Bordak: “Isabatik Mauleraino”, “Omaha berri” eta “Wounded Knee oihua”, hirurak Beñat Axiarik musikatuak. Diskoaren liburuxkatik aterata hau ere: «Elkarrekin [Bashok eta Bordak] elkarrizketa bezalako bat ideki dute… elkarrizketa bat bi ertzeen artekoa, aro ezberdinetako gizon eta emazte batena, munduko bi leku desberdinen artekoa».
Hamaika proiektutan daude sartuta Axiaritarrak eta Irazoki, eta, ondorioz, ez da erraza izango proiektua zuzenera eramatea. Nolanahi ere izango da horretarako aukera bakanen bat. Oraingoz, bakarra dute aurreikusia: abenduaren 14an, ostegunez, Viktoria Eugeniako Club aretoan, 20:00etan.