Musika

badok

2021.02.10

badok

‘Barre ala negar’, Don Inorrezen single berria

Otsailaren 25ean kaleratuko du Don Inorrez taldeak bigarren disko luzea. Esku hutsik du izenburu Imanol Ubedaren bakarkako proiektuaren lan berriak, eta hasiera ematen dion abestia estreinatu dugu gaur, “Barre ala negar”. Bertan, bera izan litekeen musikari baten kezkak eta gogoetak aipatzen ditu Ubedak —”kantuok egin ditut, baina ez dakit norentzat” abesten du—, baina letrak “ironiatik gehiago du desesperaziotik baino”, egileak berak zehaztu duenez.

Dardara hura (2019) singlean americana estilora gerturatu ondoren, lan berrian Mugiro bila lehen diskoko power-pop ildora itzuli da Deabruak Teilatuetan eta Bide Ertzean taldeetako kide ohiaren proiektua. Orduko formula errepikatu dute, hain zuzen ere: Paco Loco ekoizlearen estudioan grabatu dituzte hamar kantu berriak, El Puerto de Santa Marian (Cadiz, Espainia), eta musikari talde bera izan du alboan Ubedak: Karlos Aranzegi (bateria eta perkusioa), Jacob Reguilon (baxua eta teklatuak) eta Paco Loco (gitarra, teklatuak eta hotsak). Azken honek egin du ekoizpen artistikoa ere.

Don Inorrez Loraldia5

Zuzenean, Ubeda eta Aranzegirekin batera, Ruben Caballerok eta Lutxo Neirak osatzen dute Don Inorrez. (David Herranz)

Kantu guztien hitzak Imanol Ubedarenak dira, Pello Lizarralde eta Garbiñe Ubedaren ale bana izan ezik. Lizarbakar zigilupean kaleratuko da Esku hutsik.

ETIKETAK:Bide ErtzeanDeabruak TeilatuetanDon InorrezImanol UbedaJacob ReguilonKarlos AranzegiPaco Loco