Musika

Iñigo Astiz

2024.11.27

Iñigo Astiz

Bardo baten isiltasuna

Zer da isiltzea erabaki duen kantari bat? Herri bati bere abestiak itzultzeko plana egin zuen belaunaldi bateko azken kidea izan da Benito Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1942) urte luzez. 2020an, Jon Eskisabel kazetariak segida izan duen soka luzeago baten katebegitzat deskribatu zuen kantaria Pako Aristiren Euskal kantagintza berria (1961-1985) liburuaren berrediziorako prestatutako hitzaurrean. “Lehen aldiz hiru belaunaldi ari dira agertokietan kantuan. Benito Lertxundi dugu hasiera-hasierako kantagintza berriaren ordezkari bakarra, eta Mattin Lerissa edota ETBko Goazen saioan ezagutzera emandako Ainhoa Larrañaga ditugu iristen azkenak, 19-20 urterekin”. Baina Lertxundik berak Gernikan adierazi berri duenez, sei hamarkadaz euskal kantagintza berritzen, elikatzen, berreskuratzen eta aberasten aritu ondoren isildu egingo da aurrerantzean. Kultura oso bati memoria, autoestimua eta etorkizuna eskaintzen abiatu zuen ibilbidea, eta airean galdera bat utziz esango du agur orain. Zeren eta, benetan isiltzen al da kantari bat, baldin eta jendeak haren kantak abesten jarraitzen badu?

Benito Lertxundi, itsasoari begira, 2014an. JON URBE

Benito Lertxundi, itsasoari begira, 2014an. JON URBE

“Mendian larrartean”. Esaldi puska solteak idatziz utzi, eta kantuan bakarrik irakurri daitezke Lertxundiren kantetako asko gaur egun. “Lau, bat, hiru, bost, zazpi?”. Baita esaldi horiek zatikatuta egonik ere. “Oi, goiz eme”. Esaldi hasiera soil bat izanik ere. “Nere herriko neskatxa maite”. Ahapaldi baten lehen muturra. “Azken arnasa eman nahi nuke”. Edota, maiz, are, baita bi hitz besterik ez direla ere. “Udazken koloretan”. Horregatik, ia sei hamarkadako eta ia hogei diskoko emari artistikoak ematen duen perspektibarekin bitxia da zeinen halabeharrezkoa izan daitekeen kantari baten jaiotza. 19 urterekin eta artean erloju saltzaile zela, Lertxundiri ia istripuz heldu zitzaiolako bere lehen musika tresna eskutara.

“Tori, hartzazu hau, ea zerbait ateratzen diozun”. Martin Lizaso nagusi zuenak axolagabetasun puntu horrekin pasatu zion laud bat lehendabizikoz Lertxundiri, eta esaldi eta guzti gogoratu zuen une hura musikariak Alvaro Feito kazetariaren Benito Lertxundi, Orioko bardoa. Aitorpenak eta testigantzak (Elkar, 1990), libururako. Lizasok animatuta erosi zuen lehen gitarra ere, eta Lizasok animatu zuen lantokia utzi eta kantuan hastera ere. Erloju denda irekitzea erdi ahaztuta, Elvis Presleyren kantak euskaratzen eta jotzen entzun daiteke Lertxundi, historiako ate horren bestaldetik. Luze gabe, bigarren geratu zen La Voz de España egunkariak antolatutako kantu lehiaketan, eta telefono dei batek abiatzen du kantariaren bigarren jaiotza.

Pako Aristi idazleak Mikel Laboa-ren ahotsean deskribatu du ideia Euskal kantagintza berria (1961-1985) liburuan. “Jakin nuen bazegoela abeslari bat, oriotarra, sari bat irabazi zuena, eta Orioko neska batek eman zidan horren helbidea eta telefonoa, eta horrela jarri ginen kontaktuan». Donostiako Kursaaleko zinema zaharrean bildu ziren lehenengoz, eta hala gogoratu zion momentua Lertxundik Argia aldizkariari. “Niretzako surrealista izan zen bilera hura, atera nintzen inpresioarekin ez nuela ezer ulertu, ez nekiela zertan ari ginen. Baina zerbait bazen nigan, sena edo, tiratzen ninduena, horretan jarraitzeko esaten zidana. Bilera batzuk egin genituen, eta hortik sortu zen Ez Dok Amairu taldea. Niretzat berriro jaiotzea, bataioa izan zen”.

ler-lab

Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Maite Idirin, 1970ean.

Eta sendotasun moduko bat hartuko du hortik aurrera kontakizunak. Historiako orrien pasaeraren hotsa. Esate baterako, grabatuta ere entzun daiteke Lertxundiren orduko ahotsa, 1967an Cinsa / Edigsa etxearekin eta Nestor Basterretxea artistaren azalarekin kaleratutako hiru kantako lehen bi disko laburretan. “Gu gazteok gaur gabiltza/ mundu galdu honetan,/ gerra bat barruan dugula/ zer egin jakin gabe,/ gurasoen mundu aldrebes hau/ ez dugu onartzen”. Beheko ezkerreko izkinan ikus daiteke Ez Dok Amairu taldearen logoaren bermea, eta sasoi haren inskripzioa dakarte doinuek ere. “Gure asmoak, esperantzak/ herria, askatasuna,/ justizia, pakea/ egia, maitasuna/ mitoak itz hutsak./ Zenbat gera…/ lau, bat/ iru, bost, zazpi?”.

Historia gurutza dezake kantu batek. Eta hori egiten du Lertxundiren ahotsak ere. Euskal musikagintzak sei hamarkadatan egindako bidea ere entzun daitekeelako haren ahotsean. Hasi, zentsura instituzionalizatua zegoen sasoian hasi zelako kantagintzan. Euskal kantagintza berria (1961-1985) liburuan gogoratzen du hori, zehatz. “Multatuak izaten ginen, galaraziak, ez zegoen kantu direktorik egiterik, orduan metaforez baliatzen ginen”. Eta adibide pare bat ere ematen ditu. “Ekaitza kanta, adibidez, 68an Espainian barna deportatu zituzten 800 euskaldunei eskainia dago, Ilunpetako gizona ETAko gazte borrokalariei omenaldi bat da”. Eta utzi, aldiz, algoritmoen arabera mugitzen den digitalizazioaren bihotzean utzi duelako kantua.

Benito Lertxundi, zutik, ezkerretik hasita laugarrena, Ez Dok Amairuko kideekin eta beste musikari batzuekin. Bere ondoan, Atahualpa Yupanqui.

Benito Lertxundi, zutik, ezkerretik hasita laugarrena, Ez Dok Amairuko kideekin eta beste musikari batzuekin. Bere ondoan, Atahualpa Yupanqui.

Euskal Herriko lehen diskoetxeen sorreraren lekuko eta eragile ere bada Lertxundiren ahotsa, eta Artezi diskoetxearen erorialdiaren ostean, Elkar argitaletxearekin egingo du bat 1981ean Altabizkar/ Itzaltzuko bardoari disko bikoitza kaleratzeko, 1987an emango du argitara bere lehen Compact Disc formatuko lana haiekin —Mauleko bidean—, eta, 2018an, formatu fisikoak jadanik desintegrazio prozesuan hasiak direnean, Kantaita enea izeneko bere zigilu propioa sortuz kaleratuko du orain arteko bere azken estudioko lan luzea: Ospakizun gauean.

Eta bi mutur horien artean, amaitu egingo da Ez Dok Amairu, bakarka jarraituko du bidea, Zuberoako eta Bretainiako musika herrikoian sakonduko du, euskal epika landuko du, tarketatuta emango ditu kanta intimistak zein herrikoiak, jaialdiak, antologiak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin egindako emanaldiak, zuzeneko diskoak, elkarrizketak, sariak, aitortzak, bai eta mirakuluren bat edo beste ere. Plazer bat izan duk, Benito liburuan, musikariak berak Pako Aristi eta Mikel Markezi aitortutakoa bezalakoa, esaterako, 2002. eta 2005. urteen arteko uneren batean.

“Ba al duzu hor partiturarik?”. Larrabetzun soinu probak egiten ari dela doinu batek bisitatu du Lertxundi, gustatu, eta musikariak berehala jarriko ditu hala Olatz Zugasti harpa jotzailea nola Anjel Unzu gitarrista hura apuntatzen eta jotzen. Eta asteak emango ditu marmar horrekin, harik eta, lo hartu ezinean dabilen gau batez Jon Maia bertsolariak bidalitako letra gogora etorri arte. Estudiora doa. Bertso bat, beste bat, beste bat gehiago eta, lotara doanerako, kantuak hasi du ahoz ahoko bere bidea. “Azken arnasa eman nahi nuke/ Eguna hiltzen ari da/ Azken arnasa eman nahi nuke/ Bertsoak entzuten dira/ Azken arnasa eman nahi nuke/ Kantari nator herrira/ Azken arnasa ematen degu/ Eguzkitik eguzkira/ Azken arnasa eman nahi nuke/ Itsasoari begira”.

BENITO LERTXUNDI Benito Lertxundi, 2003an, Bilboko Aste Nagusian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Benito Lertxundi, 2003an, Bilboko Aste Nagusian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Baina, kantu baten jaiotza da hori. Eta bardo baten isiltasuna da albistea. Orain, 82 urterekin, azkenean, isiltzea erabaki duelako Lertxundik, eta, keinu horrekin, etorriko denaren atarian utzi duelako euskal musikagintza, egin beharreko lanak bukatuta, eta behin erloju dendako bezero guztiak bakoitza bere erlojuarekin ateraino lagundu ostean, berak, berriz ere, historiaren ate horren bestaldean geratzea erabaki izan balu bezala.

ETIKETAK:AgurraBenito LertxundiIñigo Astizsoslaia