2018.10.02
Hogei urte igaro dira Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek Apoaren edertasuna diskoa kaleratu zutenetik. Leturia pandero jotzailearekin hainbat urtez aritu ondoren —bikotean zein talde formatuan— soinu jotzaileak bakarka argitaratutako lehen diskoa izan zen hura. Geroztik beste sei lan plazaratu ditu, azal eta mami ezberdinetakoak: Quebeceko kantu independentistak ekarri ditu euskarara, Espainiako gerrako abestiak berreskuratu ditu, aurrez aurre jarri ditu karlisten eta liberalen kantuak, Luis Rezola Tximela gudariaren kartzelako bertsoak eman ditu ezagutzera, idazle garaikideak musikatu ditu… Hogei urteko ibilbide oparoa Vint Anys kontzertuan laburbilduko du Joseba Tapiak abenduaren 9an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Bakarkako disko guztietako aleak bilduko dituen emanaldi honetarako talde zabal bat osatu du Tapiak. Azken diskoetan lagun izan duen gitarra alde batera utzi eta soinu txikiari helduko dio berriz ere. Iaz grabatutako Besamotzak diskoan parte hartu zuten musikariez gain —Iñigo Telletxea (baxua) eta Iker Uriarte (jazpana)—, beste hauek lagunduko diote taula gainean: Arkaitz Miner (biolina eta mandolina), Xabier Leturia (panderoa), Iñar Sastre (pianoa, ahotsa), Nerea Erbiti (perkusioa, ahotsa), Ion Celestino (tronpeta), Garazi Petrirena (tronboia) eta Julen Leuza (tronboi baxua). Guztira 25 abestik osatuko dute kontzertua.
Emanaldi honetarako sarrerak dagoeneko salgai daude hemen.