2015.11.29
Bakeak egin nahi izan ditu Mikel Urdangarinek etimologiarekin. «Orain deskubritu dut nire gitarraren soinua. Hemezortzi urte eman ditut musikariekin jotzen, eta gogoa nuen bakarrik aritzeko eta bakarlari hitzari zentzua emateko. Hemezortzi urtez lagunduta egon den bakarlari bat, hara zer bakarlaria. Justizia egin nahi nion terminoari». Abenduan igo zen lehenengoz oholtzara bakarrik, eta formatu horretan emandako biran jarraitzen du oraindik ere. «Inoizko biluzien egon naiz, baina inoizko babestuen sentitu naiz. Jendearen besarkada hori oso gauza ederra izan da». Bira horretan eskainitako kontzertuetan grabatutako bere ibilbideko 11 kanta eta bi abesti berri batu ditu orain MMXV diskoan (Elkar). «Inoizko Mikelik Mikelena dago hemen: gitarra eta ahotsa. Uko egiten diot musikari lagunen laguntzari eta daukadanari heltzen diot, irmo eta sinesmen osoz. Hau da naizena, une honetan behintzat».
Kanta berriz osatutako disko bat zuen buruan hasieran. Kontzertuak eman ahala kanta berriak sortu eta jendaurrean eraku tsiz joatea zen Urdangarinen hasierako asmoa, maiatzean taldearekin batu eta estudiora sartzeko. Baina emanaldiekin hasi eta bertan behera utzi zuen ideia hori. «Onerako harritu ginen jendearen jarrera ikusirik, eta jendearen harrerak erabaki du disko hau etortzea». Azaldu duenez, gustura dabil biran, eta datorren udaberrira arte jarraituko du formatu horretako kontzertuekin. «Ez nuke hau bukatzerik nahi».
Baina pozarekin batera, aitortu du ezina ere. Azaldu duenez, nekeza egin baitzaio bakarkako saio horiek eta sorkuntza prozesua uztartzea. Eta horregatik ere utzi du bertan behera kanta berriz sortutako diskoa kaleratzeko asmoa. «Uste nuen posible izango zela, zinez uste nuen hori, baina lau hilabetetan 25 kontzertu eman genituen, eta pentsatzen nuen esfortzua izango zela, baina ez nuen uste halako esfortzua izango zenik. Ez neukan indarrik idazteko. Kontzertutik kontzertura errekuperatzeko erabiltzen nituen indarrak». Kontzertua joan eta kontzertua etorri, eta kanta berririk ez. «Jendeak galdetzen zidan ea kanta berririk banuen, eta nik ezetz, ea hurrengoan, eta hurrengoan…». Eta, azkenean, geldialdiarekin eta atsedenarekin heldu dira abesti berriak.
Udako etenaldian sortu zuen Gerardo Markuletaren hitzak dituen “Oihal puska bat” abestia, eta irailean osatu du “Agian irailean” kanta. «Oso-oso barrutik sortutako kantua da, nolabaiteko blokeo bat gainditu nuelako: aske sentitzea oso zaila da, baina inoizko kartzelaririk handiena norbera izaten da, eta norberak ireki behar du sarraila, eta kanta horrekin sarraila horietako bat zabaldu dut».
Deskubrimendua
Dozena bat doinu baditu Urdangarinek, baina hitzak idaztea falta orain. Horretarako atsedena behar duela, patxada, eta horrekin helduko dira abestiak, dioenez. Baina, oraingoz, biran jarraituko du: «Bakarrik jotzea deskubrimendu bat izan da niretzat».
26 zuzeneko emanaldi grabatu dituzte orotara diskorako, eta hilabete eman dute kanta guztiak entzun, eta haietariko onenak hautatzen. Horietatik hamahiru abesti aukeratu dituzte, azkenean, musikariak eta Jose Manuel Sanpedro Xanpe teknikariak. Aurrez entzundakoak entzuleari molde berriz eskaintzea izan da musikariaren ideia.
MIKEL URDANGARIN-EN HURRENGO KONTZERTUAK
(Berria egunkarian, 2015eko azaroaren 28an argitaratutako artikulua)