2014.07.02
Ardoak eta musikariek badute antzik, biak denborarekin ondu egiten baitira. Hasier Oleagak (Bilbo, 1979) horrekin alderatu du Cantus Caterva II bere izenarekin sinatutako bigarren diskoa (Errabal Jazz): «Soinu aldetik heldutasun handiagoa du diskoak, eta landuagoa ere bada». Aurreko diskoa duela bi urte kaleratu zuten, eta orduko talde berarekin grabatu du azkenengoa. Hauek izan ditu lagun Oleagak —bateria jotzailea da hura—: Mikel Andueza saxo altuan, Julen Izarra saxo tenorrean, Iñaki Salvador pianoan eta teklatuan, Jorge Abadias gitarran, Jon Piris kontrabaxuan eta Fernando Neira baxu elektrikoan. Neurri batean aurrekoaren jarraipena ere badenez, eta musikari talde berarekin grabatua, izenburu bera jarri dio lan berriari.
Oleagak ez du alferrik hautatu berriro «melodiaren taldea»; izan ere, konfiantzazko giro baten bila aritu da orain ere. «Erosotasunaren alde egin nahi izan dut; horregatik jarraitu dut talde berarekin eta estudio berarekin, Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko estudioarekin, alegia». Grabatu aurretik, behin baino ez zituzten entseatu diskoko zortzi abestiak, eta gogoratu du grabaketa estudioan elkartu zirela bigarren aldiz. Fredi Pelaez izan dute teknikari, eta nahasketa eta masterizazio lanez ere arduratu da.
Lehenengo begiratuan jarraipena eman arren, aldaketa nabarmen bat aurkitu dio lanari Joxe Felix Azkarate Xarra-k, Errabal Jazz diskoetxeko arduradunak: «Talde soinua du diskoak». Konposizio guztiak egin ditu bateria jotzaileak, baina ez da horren susmorik, Xarraren iritziz. Musikalki taldeak pauso bat aurrera egin du, Azkaratek ikusten baitu kantuak sendoagoak direla. Iruditzen zaio, gainera, Oleagak taldekideak izan dituela gogoan konposatzen ari zenean: «Bestelako trebetasun bat entzuten da kantuetan».
«Partiturak interpretatuko dituen musikaria buruan dudala idatzita daude, bai, horrela emango baitute beren alderik onena».
Oleaga, izan ere, talde izaera indartuko luketen jarreren bila ibili da. Hark aitortua: «Askoz erosoagoa ere bada horrela aritzea, egia esan, lehendik lan egin duzun jendearekin aurrez baitakizu zein hizkuntzatan lan egin behar duzun». Baina ez da hori diskoaren garapena arrazoitzeko erabili duen baieztapen bakarra. Pertsonalki beste aro batean da musikaria, eta uste du horrek zerikusia duela: «Instrumentalki landuagoak dira konposizioak, partiturak idaztean buelta asko eman nizkielako».
Xarrak aipatutako bidetik, gehitu du abestiak taldekideen talentua ahalik eta gehiena erakusteko helburuz egin dituela. «Partiturak interpretatuko dituen musikaria buruan dudala idatzita daude, bai, horrela emango baitute beren alderik onena».
Eguneroko bizitza kantugai
Eguneroko bizimodua edo bizitzako gertakizunak ditu Oleagak kantugai. «Ez dut aitzakia handirik behar konposatzen hasteko; nahikoa dut gertukoari helduta». Kontatu du, esaterako, Weylandt txirrindularia abestia egunkaria irakurtzen ari zela sortutakoa dela. Wouter Weylandt txirrindulari belgikarra 2011ko Italiako Giroko etapa batean izandako eroriko baten eraginez hil zen. «Nik, egia esan, ez nuen ezagutzen txirrindularia, baina albisteak zur eta lur utzi ninduen». Titulua behin eta berriz irakurtzen hasita atera zuen abesti horretako doinua. Zure gaileta neure kafean bustitzen duzunean kantua sortzera, berriz, etxeko istorio batek bultzatu zuen. «Haurdunaldian kafeinarik ez hartzeko agindu zioten emazteari, baina gaileta nire kafean sartzen zuen tarteka, bihurrikeria moduan, eta horri egin diot abestia».
Bertsio originalean hitzak dituen abestia da Lekitto eta kitto. Diskoan sartu du haren bertsioetako bat, baina modu instrumentalean. Lekeition (Bizkaia) musika irakasten aritu zen garaia ekarri du gogora, han ezagututako jendea omentzeko sortu baitzuen bere garaian. Solvitur Ambulando abestian, berriz, musikariek beren artean askotan erabiltzen duten walking bass esapidea hartu du ardatz.
Xarrak gaineratu du Oleagaren azken lanak «argi» erakusten duela euskal jazzaren maila. «Musikari bikainak ditugu Euskal Herrian, eta horren adierazle da Cantus Caterva II diskoa eta han parte hartu duten musikariak». Horregatik, nazioarteko jazzaren pare jartzen du Oleagaren lana.
Zaildutako musikariak dira Cantus Caterva proiektuko kideak. Horietako batzuk, gainera, beste zenbait proiektutan jotzen dute, Oleagarekin batera. Jorge Abadias eta Julen Izarra gitarristekin batera osatzen du Nevermind taldea Oleagak, eta orain dela hilabete gutxi batzuk kaleratu zuten euren hirugarren diskoa: Sustrai barik (Errabal Jazz).
Beste talde batzuetan ere jarduten dute: Fernando Neira baxu jotzaileak, adibidez, Ruper Ordorikarekin jotzen du —Oleaga bera Oñatikoarekin aritzen da—; Jon Piris kontrabaxu jotzaileak, berriz, Miguel Salvador Project taldearekin; Mikel Anduezak eta Oleagak, bestalde, Juantxo Zeberioren Eguberri Umama proiektuan parte hartu dute. Jazz estilotik urruntzen diren beste lan batzuk ere izan ditu esku artean Oleagak. Hain justu, Zeberiorekin osatzen du halako talde bat: Tenpora. Orain dela hilabete gutxi kaleratu du aurreneko diskoa.
Oleagaren arrebak, Maider Oleagak egin du Cantus Caterva II diskoaren aurkezpen bideoklipa. Ruben Suarezekin batera diseinatu du diskoaren liburuxka, eta argazkiak atera dituzte.
Hasier Oleagak uztailaren 5ean emango du aurreneko kontzertua, Musikaire jaialdian, Elorrion, Bizkaian.
(Berria egunkarian, 2014ko ekainaren 27an argitaratutako artikulua)