2022.04.19
«Jaio naiz baina/ zein da nire lekua?/ Handiaren izua,/ norena da mundua?». Belaunaldi oso baten erretratua egin nahi izan du J Martina taldeak bere lehen estudioko diskoan. Kattalin eta Ane Barcena ahizpek eta Javi Jorajuriak osatzen dute taldea, eta 2020an hasi ziren lehen abestiak sareratzen. “Su” izan zuten lehen publikazioa, eta, kantaz kanta joan dira errepertorioa handitzen geroztik. «Esperimentazio fase baten ondorio izan ziren abesti horiek», azaldu du Kattalin Barcena abeslariak; «kanta bakoitzarekin zer ateratzen zen ikusi nahi genuen. Ez genbiltzan batasun kontzeptual bat landuko zuten kantak lantzen, eta, beraz, ez genuen beharrik ikusten album bat kaleratzeko». Eta, hain zuzen, batasun asmo horrek bultzatu ditu orain Jaio naiz baina diskoa kaleratzera: euren belaunaldia harrapatu nahi horrek.
«Krisialdi baten ondorioak pairatzen dabilen langile klaseko gazte batzuen bizimodutik eta arduretatik abestu nahi izan dugu. Gure belaunaldiarekin lotutako zerbait egin nahi genuen, momentu honetan kokatu ahal gaituena daukagun artearen, politikaren eta egoeraren aurrean». Hori izan da motibo nagusia, baina ez dute erabat estu hartu.
Reggaetonetik folkera
Aurreiritzi handirik gabe ekiten dio sorkuntza prozesuari J Martinak, eta horren froga dira diskoa osatzen duten sei abestiak. Reggaeton erritmoa du oinarrian “Bihar” abestiak, esaterako, baina hip-hop oinarri ilun baten gainean dago eraikita “Kondena”; ia-ia ahots hutsez ere defenda daiteke “Dolu gabe”, eta folkaren esparruraino doa Ibil Bedi taldearekin batera sortutako “Ez daukat ezer”. Barcena: «Ez dugu genero bat ordezkatu nahi; ez dugu nahi izan ‘euskal ez dakit zer’. Guk musika egiten dugunean sentsibilitatetik egiten dugu, soinuren bati tira egiten diogu, eta gure egiten saiatzen gara. Entzungo du kanta hori technoa entzuten duen pertsona batek, eta esango du ez dela technoa; reggaetona entzuten duen batek esango du ez dela reggaetona. Horrela irteten zaigu».
Zuzenak dira diskoko abesti guztiak. Hiru minutu eta hamahiru segundo ditu luzeenak, eta badira bi minututik beherako bi abesti ere. «Oso punk, ezta?», barre txikiaz Barcenak. «Nahiko zuzenak izaten gara kantak konposatzean, eta ez diogu hainbesteko garrantzia ematen iraun beharrari: ikusten dugunean amaituta dagoela, ba amaituta dago, eta ez gara ibiltzen gauzak sartu eta sartu. Konbentzio horiei ez diegu kasu handirik egiten. Saiatzen gara behar ez dena ez sartzen».
Trataera erabat sintetikoa dute Barcena ahizpen ahotsek diskoan, eta janzkera ia guztiz elektronikoa daramate abesti guztiek, baina hasi, kantuarekin eta gitarrarekin hasten da guztia. Hain zuzen, prozesu horren arrastoa igar daiteke “Bihar” kantuan. Gitarra riff garden bat hasten da lehenik, ahotsa dator ondoren —«Ez dut hau nahi/ gehiago nahi dut,/ gehiago nahi dut»—, baxu doinu batzuk atzean laguntzen, eta orduan, eta soilik orduan, erritmoa. «Orain arte publikatuak ditugun abestietan hain da sintetikoa soinua, ia ez da ikusten nor dagoen atzean, eta album honetan gura genuen erakutsi apur bat gehiago gu garela hor daudenak: irregularragoak izan, autotune-rik gabe abestu tarte batzuetan, gitarrari garrantzia eman…».
Ia etengabe igar daiteke ezinegon sozial baten arrastoa hitzetan, baina sekula proklametan erori gabe. Gatazka sozialen eta amodioaren semantikaren artean dabil joan-etorrian “Amore”, adibidez. «Garai baten azkenengo hondarretan jaio gara;/ mendekuaren usaina menperatu du etsaiak./ Kalean ikusi zaitut bizitza baten eskean,/ lo hartu nahi nuke berriz zure besoetan». Baietz Barcenak, gustuko duela puntu lainotsu hori. «Kanta horrek garbi kokatzen du politikoki herri honen historiaren parte bat, noski, baina, era berean, bi pertsonaren arteko elkarrizketa baten forma hartzen du, eta nahasi egiten dira bi plano. Eta gustatzen zait hori, pertsona batekiko sentitu ahal duguna eta egoera batekiko edo mugimendu batekiko sentitu ahal duguna igual ez direlako hain diferenteak».
Jarraitzen du abeslariaren gogoetak: «Musikak hori daukala uste dut. Gure egunerokoan politika egin nahi dugu taldekook, eta musikaren bitartez ere politika egin nahi dugu. Baina uste dugu musikak ematen dizula aukera fikzio bat egiteko, eta, idazketaren bidez, imajinatzeko eta imajinarazteko jendeari egoera batzuk beste esfera batean mugitzen direnak, eta tartea eman ahal dizutenak sentsazio batzuk edukitzeko, igual ez daudenak hain definituta. Tarte hori ekidinezina da, eta, are, beharrezkoa dela uste dut. Abesti bat idaztean tarte horrekin jolasten zara. Gustatzen zait zelai horretan jolastea».
Tobby Records estudioan grabatu dute diskoa, Nikolas Bortoloni teknikariarekin.
Publikodun zuzenekoak
Bada denbora zuzenekoak ematen hasi zirela, baina orain hasi dira benetan gozatzen. Barcena: «Gu pandemiagaz hasi ginen jotzen: jendea jesarrita, maskaragaz, ez edan, ez erre, ez ezer. Gure zuzenekoa oinarri horietatik eraiki behar izan genuen, eta oso gogorra izan zen. Oso zaila izan zen publikoaren erantzunik barik egitea zuzeneko osoa. Eta orain hasi garenean diskoaren zuzenekoak egiten, publikoarekiko harremanak bakarrik indar handia ematen die saioei, eta berdin du uneren batean zerbait ez badago erabat ongi, ze publikoa oso goian dago, eta beste bat da bizipena».
Apirilean Mutrikun (Gipuzkoa), Bilbon eta Iruñean izango dira, eta maiatzean Loiu (Bizkaia), Itsasu (Lapurdi), Madril, Donostia eta Zaldibar dauzkate lotuta.