2015.04.24
Badok euskal musikaren atariak bere ekarpena egin dio jaialdiari, Badok Geroa kontzertua babestuz. Era horretara, euskal musika sustatzeko gogoa berretsi nahi dute Badok-ek eta Berria-k. Etorkizunari baikor begiratzeko modua badago, kontzertuan parte hartuko duten taldeei so eginez. Sormeraren ikuspuntutik, oraina oparoa da eta halakoxea izango da geroa ere.
22M2
Sokaide eta Amaiur taldeetan aritutako Naroa Gaintza abeslariaren inguruan eratutako taldea da 22m2. Iaz argitaratu zuen bere lehen diskoa, Karratura (Elkar), David Nanclares musikariarekin batera ondutakoa, eta “Nomada” izeneko kantuak harrera beroa jaso zuen Badok atarian. Diskoko kantuak zuzenean aurkezteko Gaintzak osaturiko taldean Karlos Aranzegi (Bide Ertzean) bateria jotzailea dago, besteak beste.
Lurra
Kortatu, Negu Gorriak, Delirium Tremens, Joxe Ripiau eta Sagarroi taldeetan aritu ostean, Iñigo Muguruzaren egungo egitasmoa da Lurra. Rocka eta elektrizitatea alde batera utzita, jatorri askotariko doinuak (bluesa, ska, popa, reggaea…), beroak eta samurrak, molde akustikoan jorratzen ditu Lurrak. Iaz kaleratutako Akatsa sisteman lehen disko luzea aurkeztuko dute Bilbon Ane Garciak (ahotsa), Carlos Zubikoak (baxua), Xabi Dolls-ek (bateria) eta Muguruzak berak (gitarra). Kirmen Uribe idazleak dioenez, Lurrak “gure bihotzen neurriko musika egitea du xede, beraien bihotzen taupaden erritmoa geureena ere izatea. Eta horrela, giro eta kolore ugariko diskoa osatu dute.
Piztiak
Badok Geroa kontzertuak erabateko estreinaldi bat eskainiko du, Loraldian aurkeztuko baititu jendaurrean lehen aldiz Piztiak taldeak U lan berriko kantuak. Txomin Uribek eta Josu Aranbarrik 1991. urtean sortutako taldea indarberriturik itzuli da Jesus Galan gitarristaren ekarpenarekin, eta baikortasunak jotako disko argitsu eta heterogeneoa osatu dute.