Musika

Julen Aperribai

2022.02.02

Julen Aperribai

‘Badok’ atariak jaso du Interneteko Argia saria

«Euskal musikaren erreferentzia eztabaidaezina» bihurtu dela iritzita, Badok euskal musikaren atariari eman dio Argia-k egunotan banatzen ari den Argia sarietako bat: Internet atalekoa. Hedabidearen esanetan, «euskal musikari eskainitako halako atari bat itsasargi garrantzitsua da Interneten itsaso zabalean».

jarraia209126

Jon Eskisabel Badok atariko koordinatzailea, BERRIAren Andoaingo erredakzioan. (Dani Blanco / Argia)

«Euskal musika zabaltzeko eta ezagutarazteko egindako eguneroko lan isilari» egindako errekonozimendutzat du saria Jon Eskisabel atariaren koordinatzaileak. «Inurri lan» hori «baloratzen» den seinale da, dioenez. Eskisabel arduratzen da ataria atontzeaz eta koordinatzeaz, baina kolaboratzaile sare batek sostengatzen du argitaratzen den edukia, eta horien lana aintzatetsi zuen Eskisabelek, saria jaso ostean: elkarrizketak eta artikuluak idatzi dituztenak, kantu zerrendak egin dituztenak, euren lanak atariaren bidez zabaltzeko erabakia hartu dutenak…

Izan ere, sare hori handitzen ari da urtetik urtera, atariak ematen duen informazioa ugaritzen ari diren hein berean. Datu basea izateko sortu zen, 2009an, baina bestelako funtzio batzuk ere hartu ditu bere gain ordutik. Musikaren inguruko informazioa ez ezik, talde eta musikarien lanen estreinaldiak, horien inguruko albisteak eta bestelakoak ere ikusgai jartzen ditu atarian. Berritze horretan, podcast bat ere sortu zuen Badok-ek, duela bi urte: Dunbala, Eneritz Furyakek eta Jagoba Salvadorrek aurkeztua.

Orain asmo arranditsuagoak dituen arren, sorrerako asmoa, batez ere, behar bati eta gabezia bati erantzutea zela gogoratu du Eskisabelek. Batetik, BERRIAren proiektu bat izanik, komunikabide horretako kazetarien beharrei oso loturik zegoela oroitarazi du: «Ez zegoen euskal musikari buruzko datu base bat, zeinek, modu errazean, aukera emango lukeen edozein disko, abesti edo datu bilatzeko». Bestetik, euskal kultura zabaltzeko tresnatzat ere hartu zuten garai hartan. Eskisabelek nabarmendu du «zerbitzu publiko bat eskaintzea» ere bazela asmoa: «BERRIAk beti ulertu du euskal kultura sustatzea dela bere arduretako bat». Proiektuak anbizio hori ere bazuela azaldu du.

Duela sei urte, berriz, beste jauzi bat egin zuen: musikaren inguruko informazioa biltzeaz gain, musika bera entzuteko aukera ematen hasi zen. «Beti esaten dut orduan pasatu ginela Badok-en formatu digitalera». Tamainako aldaketa izan zen harentzat, hala ere, argitaratzen ziren kanta, bideoklip eta bestelako nobedadeei «lehentasuna» ematea. Musikarientzako bozgorailu handiagoa da ordutik, dioenez: «Alde horretatik bai iruditzen zait bihurtu dela erreferentea. Internet den itsaso zabal horretan, hemengo taldeentzat ez dago bide asko euren burua ezagutarazteko. Badok da horietako bat».

Gainera, webgunearen bereizgarrietako bat da musika eszena bere zabalean hartzen duela, eta taldeak edo musikariak duen sonaren araberako mailakatzerik ez egiten saiatzen dela. Horixe da atariaren «indargune nagusietako» bat, Eskisabelen iritziz: «Ez ditugu bilatzen talde handiak edo klik asko bereganatuko dituztenak bakarrik. Ilusioa pizten digu talde batek guregana jotzeak bere disko, kantu edo bideoklip berria gure bidez zabaldu nahi duelako. Eta uste dut horrek eman digula sinesgarritasuna taldeen eta zaleen begiradatik».

Bilaketa aurreratuagoa

Azkenaldian ere izan da berritasunik Badok-en. Iaz, adibidez, bilatzaile automatikoa «hobetu» zutela zehaztu du Eskisabelek. Taldeak, diskoak eta abestiak bilatzeko aukera ematen zuen lehen. Orain, berriz, bilaketa bestelako irizpide batzuen arabera egiteko modua ere ematen du webguneak; esaterako, abestietako hitzen egilearen arabera, edo hitz jakin baten inguruan. Bigarren kasu horretan, izenburuan hitz hori duten diskoak eta kantuak agertuko dira, baita hitzetan berba hori duten abestiak ere.

Horrez gain, kontzertuen agenda ere egiten du egun Badok-ek. Pandemia betean kontzertuen agenda bertan behera gelditu zen, eta berrabiatu zenean hasi zen horretan ataria. Ikuspegi orokorraren berri izateko ez ezik, talde edo musikari bakoitzaren emanaldiak noiz egingo diren jakiteko aukera ere ematen du, artista bakoitzari dagokion atalean sartuz gero.

ETIKETAK:ArgiaArgia SariaBadokBerriaJon Eskisabel