2018.02.01
Datozen egunetan ikusiko du argia Morau bakarlariaren disko berriak, Egunsentiak alperrentzat. Hernaniko kantariaren orain arteko lanik pertsonalena da abesti bilduma berria, amaren gaixotasuna eta zaintza baitira kantuen ardatza. Diskoari hasiera ematen dion abestia, “Alzheimer”, estreinatu dugu BADOK atarian. Hemen entzun daiteke.
Duela 12 urtetik gora amari alzheimerra diagnostikatu ziotenetik oraintxe urtebete zendu zen arte, harekin goizero paseo bat emateko eta bidean hartutako argazki bat Facebooken jartzeko ohitura hartu zuen Andoni Tolosak. Halaber, amaren gaixotasun eta zaintzarekin loturiko bizipenak idatziz jasotzen hasi zen. Ibilaldi eta testu horiek izan dira Egunsentiak alperrentzat lan berrian jasotako kantuen abiapuntu. Lehen aldiz bakarka grabatu du diskoa —Beñardo Goietxek (Mugaldekoak) koruetan bakarrik lagundu dio—, eta hala aurkeztuko du zuzenean ere. Dagoeneko egin du emanaldiren bat, baina aurkezpen ofiziala otsailaren 23an izango da, Hernanin (Gipuzkoa), Mugaldekoak taldearekin batera. Bezperan, hilaren 22an, Gasteizko Oihaneder Etxean joko ditu abesti berriak.
Diskoak 13 abesti biltzen ditu, eta horien artean Itoiz taldearen bertsio bat dago, “Clash eta Pistols”. Halaber, Giorgio Bassmattik “Bi argazki” abestiaren moldaketa bat sortu eta abestu du diskoan. Bassmattiren hitzetan, kantuetan “Morau saiatu da gela argitzen, kanpoko argia barrura ekartzen. Eguneroko dramaren kuriositate txikiekin historia globalak egiten, egoeraren berezitasunak gertutasunez azaltzen, umorea pixka bat hoztuz, famili-maitasuna fonema askotan azalduz”.
Arrainentzako himnoak diskoan bezala, autoekoizpenera jo du Morauk lan berria argitaratzeko. Kartoizko bildukian eskuz gordetako 500 ale kaleratu ditu —Iñaki Martiarena Mattin-ek egin ditu ilustrazioak— eta Bandcamp plataformaren bidez edo kontzertuetan erosi ahal izango da datorren astetik aurrera.