Musika

Iñigo Astiz

2021.12.02

Iñigo Astiz

Babes sarerik gabeko trikitia

Gehienez ere, entsegu bakoitzean sei musikari elkartzeko aukera uzten zuten osasun neurriek maiatzaren 15aren bueltako egunetan. Horregatik, segurtasun sarerik gabe ere jauzi egiten dutenen pare irudikatu du bere burua Xabi Aburruzaga musikariak, Unai Mimenza teknikariarengana gerturatu eta badaezpada saio hura grabatzeko eskatu baitzion. «Uste dut hemendik disko bat atera daitekeela». Zuzenean ondoan izan ohi duen laukoteaz gainera, egun hartarako, lehen lerroko beste hemeretzi musikari ere gonbidatu zituen Bilboko Campos Eliseos antzokira, ETBko kamerek Oholtzan programarako grabatuko baitzuten saioa. Taldeka bereizita egin zituzten ordura arteko entsegu guztiak, eta egun hartan elkartu ziren denak elkarrekin lehenengoz, eta baita azkenekoz ere. Halere, jauzi egitea erabaki, saioa grabatu, eta orain eman du argitara emanaldi hura biltzen duen diskoa: Aurrez aurre (Baga-Biga).

Xabi Aburruzaga

Xabi Aburruzaga bere lan berriarekin. (Aritz Loiola / Foku)

Bi euskarritan plazaratu du lana: CD formatuan, batetik, bere orain arteko bost diskoetan argitaratutako hamazazpi abesti biltzen dituen zuzeneko kontzertuarekin, eta USB formatuan, bestetik, argazki sorta bat eta emanaldiaren bideoa ere gehituta. «Durangoko Azokan maiz esan dit jendeak ez zuela diskoa non entzun». Erdi txantxetan aitortu du haientzat kaleratu duela bertsio digitala. «Eta, etorkizunean, ez dut diskoetxekoekin oraindik hitz egin, baina biniloan ere atera nahi nuke».

Musikariak dioenez, «akuilukada bat» izan zen telebistak egin zion eskaria, eta berehala ikusi zuen argi zerbait berezia egiteko beharra. «Zerbait handia». Kanta zaharrak berrikusi. Moldatu. Haize tresnak gehitu. Gonbidatuak deitu. Eta saiatu, saiatu zen zuzenekoa ziurtasun handiagoz grabatu ahal izateko beste emanaldiren bat ere lortzen, baina ezin. Osasun neurriek, antzokiko programazioak eta artisten agendak ezinezko egin zuten. «Normalean bi edo hiru emanaldi egin ohi dira halako zuzeneko diskoak grabatzeko, baina guk aukera bakarra izan genuen, eta dena hor jokatu genuen». Gustura gelditu zen saioarekin, eta aurrera, beraz.

«Big band» bat

Lau kidek osatzen dute Aburruzagaren zuzeneko ohiko laukotea: Eriz Perez gitarra jotzaileak, Jon Cañaveras baxu jotzaileak, Aitor Uribarri perkusio jotzaileak eta Koldo Uriarte teklatu jotzaileak. Horiez gainera, gonbidatu zerrenda luzea izan zuen oholtzan. Jose Urrejola musikariak lagundu du ekoizpenarekin, esaterako, eta flauta, bendirra, whistlea eta beste hamaika tresna jo zituen emanaldian, eta oholtzan izan ziren Garikoitz Mendizabal txistularia, Miren de Miguel sopranoa, Xabier Zeberio biolin jotzailea, Galiziako Tanxugueiras hirukotea eta Gorka Hermosa eskusoinu jotzailea ere. Horiek, besteak beste. «Big band handi bat osatu genuen», laburtu du musikariak.

Bi dantzari ere izan ziren oholtzan: Harkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas. Emanaldiko piezetarako propio sortu zituzten bideoan ikusten diren koreografiak, eta agerikoa da pandemiaren arrastoa haien jardunean ere. Maskarak soinean dabiltza biak dantzan, eta maskarak daramatzate haiei begira dauden ikusleek ere. Eta, ikuspegiaren arabera, aretoa, erdi beteta edo erdi hutsik.

Aurrez aurre izendatu du lana Aburruzagak, eta esaera horren polisemia aletu du aurkezpenean. «Ohiko diren zuzenean edo live izendapenetatik ateratzen gara horri esker», azaldu du lehenik. Horrez gainera, azaldu duenez, aurreskuaren urrats baten izena ere bada Aurrez aurre, eta baita trikitia jotzen ikasteko modu bat ere: ikaslea eta irakaslea, noski, aurrez aurre jarrita praktikatzen dena.

Zuzenean taldea inoiz baino hobe sentitzen du Aburruzugak. Zergatik? «Orain Euskal Herritik kanpo ere ezagutzen gaituzte, deitzen gaituzte, jotzen dugu, eta, jotzen gehiago aritzen garenez, hobetzen goaz».

«Apoteosi bat»: Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko arduradunak hitz horrekin definitu du Aburruzagaren zuzeneko diskoa. «Gailur bat» da lana haren hogei urteko ibilbidean. «Esan daiteke mugarri batera iritsi dela, eta beste ziklo batean has daitekeela orain». Diskoa pandemia sasoian argitaratuko den lehen zuzeneko lanetako bat ere izango dela izan du gogoan Aizpuruk.

Kanta berriak ere badarabiltza esku artean, baina trikitilariak ez du haiei buruzko pista handirik eman nahi izan. «Urte hasieran emango dut horren berri», aurreratu du. Eta, horrez gainera, Aukeran dantza konpainiarentzako musika sortzen ere badabil, estreinatze bidean duten ikuskizunerako. «Lehen aldiz konposatu dut musika beste inorentzat», azaldu du Aburruzagak. Eta pozik, gainera, konpainiaren lana estimatzen duelako.

Dioenez, ez du geldi egotea maite. «Beti nago konposatzen, idatzi behar dut, eta egindakoa artxibatzen joaten naiz. Oraintxe bertan baditut hiru disko buruan, eta noiz aterako ditudan? Ba, ikusiko dugu, denbora daukagunean, baina nik orain baditut buruan».

ETIKETAK:Baga BigaXabi Aburruzaga