Musika

badok

2019.07.25

badok

“B Aldeak I”, Empty Files taldearen lan berria

Empty Files taldearen B Aldeak I izenburuko diskoa argitaratuko du Forbidden Colours zigiluak datorren ostiralean, uztailak 26. Lan berezia da, orain dela urtebete Bilboko taldeak kaleratutako Shadows diskoko “Nobody” abestiaren gainean Euskal Herriko zenbait musikarik egindako berrinterpretazioak biltzen baititu. Horietako bakoitzak jatorrizkoa eraldatu eta bere estetikara moldatu du. Parte hartu dutenen artean Moxal dago, zeinak euskarara ekarri duen jatorriz ingelesez sorturiko abestia. Moldaketaren zati bat Moxalek berak (Hannot Mintegia) egindako bideo honetan entzun daiteke. Zaldikatu diskoan bezala, atmosfera, izaera esperimentala eta Ainara LeGardon-en partehartzea nabarmentzen dira Mintegiaren lanean.

Guztira “Nobody” abestiaren lau bertsio biltzen ditu B Aldeak I diskoak. Empty Files-en jatorrizko bertsioak ematen dio hasiera bildumari, eta ondoren Moxalek, El_Txef_A-k eta Kvalvika-k egindako moldaketak datoz.

Forbidden Colours zigiluak azaldu duenez, El_Txef_Aren bertsioa “pop preziosistarantz hurbiltzen da, eta 90eko hamarkadako Frantziako lehen pop elektronikoa igurtzen du”. Emaitza oso “beroa, hauskorra eta minimalista da”.

Kvalvika David Karbaren musikari elektronikoaren proiektua da eta bere moldaketak “giro oniriko eta ilun batera eramaten gaitu, downtempo era downpitch-arekin jokatuz. Benetan krudela eta deserosoa da eibartarrak sinatu duen dekonstrukzioa”.

Empty Files - B Aldeak I (2019) Cover

Empty Filesen diskoaren azala.

Azkenik, “Nobody is Gonna Help Me” abesti berria aurkezten du diskoak. Txufo Wilson Empty Files-eko kideak eta Jose Lastra soinu teknikariak “soinu diseinu partikular batetik abiatuta, mundu hautemanezin batera gerturatzen gaituzte, non testura eta frekuentzian entzunezinak nabarmentzen diren beste xehetasun guztien gainetik”, azaldu du Forbidden Colours-ek.

ETIKETAK:David KarbaEl_Txef_AEmpty FilesForbidden ColoursHannot MintegiaJose LastraKvalvikaMoxalTxufo Wilson