2019.02.16
Zazpi bekatu kapital eta zazpi kontrapuntu: hamalau kantutan, gizartearen azterketa kritikoa egin dute Nizuri Tazuneri musika taldea osatzen duten Estefania Beneyto Fani-k eta Unai Neira Norzzone-k. «Zazpi bekatu horiek pertsona askoren jokabideak markatu dituzte historian, eta gaur egun ez gara askorik aldendu joera horretatik». Joan den urtean argitaratu zuten Zazpi diskoa, eta beren lana plazetan zabaltzen dabiltza ordutik. Gizartearen erradiografia bat da ondu dute azken lanarekin, Faniren arabera. «Gaur egun ere, erlijioak indar handia du jendearen pentsamenduan. Hori aintzat hartuz, zazpi bekatu kapitalak erabili ditugu gizartea karikaturizatzeko, eta beste ikuspuntu batzuk ere nabarmendu nahi izan ditugu beste zazpi abestirekin». Hala osatu dute kantu zerrenda: “Lizunkeri”, “Begirune”, “Sabelkeri”, “Neurritasun”… Trap doinuekin azaltzen dituzte gaur egungo gizarteak egunerokoan dituen jokabideak.
Bost urte igaro dira Fani eta Norzzone elkartu eta lehen maketa kaleratu zutenetik. Pixkanaka urratu zuten bidea, harik eta, 2017an, Musika ala hil lehen diskoa kaleratu zuten arte. Lehen lan «serioa» da Zazpi, Norzzoneren hitzetan. «Ausartagoa da, eta ideia kontzeptual eta artistiko bat erabili izanak balio gehigarria ematen dio gure proiektuari». Errenazimentuarekin lotu dituzte rap eta doinu elektronikoak, Greco margolariaren Eskua bularrean duen zalduna margolanean oinarritutako irudia ondu baitute lanerako. «Artista atenporala izan zen Greco: eredu zaharkitu baten aurka matxinatzea izan zen bere jarduera artistikoaren helburua, eta sormenaren bihozkada berriei bizkarrik eman gabe jokatu zuen».
Sormenaren jiran
Filosofia horrekin bat egiten dutela zehaztu du Norzzonek. «Sormen iraultzailearen militanteak bilakatzen gara nolabait, iraganeko trapu zaharrak eta kodeak gaindituz». Errenazimentuaren metafora oinarri hartuta, artearen bidez gizarte berri bat sortzearen ideiari tiraka dabiltza biak ala biak, «mundua ez delako artearekin aldatzen; kontrara, arteak aldatzen ditu pertsonak».
Hizkuntzaren auzia erdigunean izan du Nizuri Tazuneri osatzen duen bikoteak hasieratik. Rapa euskaraz egitea arrarotzat jotzen zuen joerari erantzun nahian, japoniera kutsua duen izena jarri zioten taldeari, ironiaz, eta oinarri horiei tiraka dabiltza ordutik. Trapa, edo beste edozein musika estilo dela, euskaraz sortzea «normalizatu» beharra dagoela uste dute bi musikariek. «Erdara erabili arren, gure oinarria euskara izatea da asmoa, musika estilo berri bat sustatuz, eta, era berean, euskara XXI. mendeko musikara eramanez». Euskarazko sorkuntza handia dela azpimarratu du Fanik: «Ez agian musika estilo zehatz honetan, baina gauza asko egiten ari dira gaur egun. Inork ulertuko ez duela entzuten da oraindik aitzakiatzat, baina, guretzat, hori ez da euskaraz ez sortzeko edo euskara baztertzeko arrazoi bat, kontrakoa baizik. Euskaraz abesteak ez gaitu sekula atzera bota, eta nahiko genuke Euskal Herritik ere entzutea kanpo gure musika».
Taupaka elkartearekin kaleratu dute diskoa. «Gure ibilbidearen hasieratik izan gara elkartean, eta Zazpidiskoa ere hari esker atera dugu».