Musika

Azken abestia amaitzen da

 

WD

Willis Drummondek agur esan zuen ostiralean Hondarribian. (Jon Iraundegi)

Willis Drummond + Mahumak
Azaroak 28
Psilocybenea aretoa (Hondarribia)
Sarrera guztiak salduta

“Ez da eskaini duten onena izan”, esan zidan lagun batek kontzertua bukatzean. “Normala da”, erantzun nion. “Zenbat aldiz ikusi ditugu zuzenean?”. Kontzertu asko eta oso onak ikusi dizkiegu lerro paraleloen disko gorria atera zutenetik. Egia esan, ohitura bihurtu zaigu hainbati Willis Drummond taldearen zuzenekoak konpartitzea. Atera duten lan bakoitzeko bi, hiru, lau edo bost emanaldi aise ikusiko genituen. Areto txikietan, hoberenak. Beraz, Psilocybenean laugarren aldiz (oker ez banago) bizitakoa oso berezia izan zen. Lapurdiko bandak horrela nahi zuen, eta guk ere.

Arratsaldeko 20:00etan zabaldu zuten takila eta hogei minututan sarrera guztiak agortu ziren. Tamalez, bat baino gehiago penarekin etxera bueltatu behar izan zen. Baina horrelakoa da rocka. Normalean areto hutsak, eta tarteka beteak. Iritsi orduko ezagun asko topatu nituen Psilocybenearen atarian. Musikariak eta jarraitzaile sutsuak. Garagardoak eskuan hasi ginen gaua berotzen.

Ziburuko Mahumak taldea deskubritzeko aukera izan genuen lehendabizi. Ibilbide luzekoak izan arren, ordura arte ez zuten Hegoaldean aritzeko aukerarik izan. Black Water lana aurkezteko probestu zuten, ingelesez abesturiko post punk proposamena. Areto kanpotik entzuten hasi nintzena, barruan baieztatu nuen. Ama Say bizkaitarren tankera hartu nien, nahiz eta hizkuntza bakarra eta bestelako pasarteak erabili. Kontzertu ona eskaini eta bertaratu zirenek estimatu zuten.

Itxaronaldia uste baino laburragoa izan zen. Willis Drummond taldeko bost kideak aurpegi serioarekin agertu ziren taula gainean. Seriotasun musikala. Distortsioak piztu eta “Istanteak” kantuarekin hasi zen A ala B kontzertu biraren azken emanaldia. Dejà vu etengabea izan nuen orduan. Lapurdiko bandarekin izandako istanteak etorri zitzaizkidan burura. Deskubritu nituen eguna. Argia astekarian izan zen, Gorka Bereziartuak Anthology lehen diskoaren inguruan idatzitako iruzkin labur bati esker. Elkarrizketatu nituen lehen aldia. Donostiako Herri Irratian izan zen, Gregorio Galvez maisuaren Sektor Rock irratsaioan. Aurreneko kontzertua. Bukowski aretoan izan zen, eta emanaldi labur bezain izerditsua izan zen. Programatu nituen eguna. 2010eko urriaren 30ean izan zen Doka Kafe Antzokian, eta Pasaiako Yellow Page taldearekin batera jo zuten.

Esperientziak errepasatu ondotik gozatzeko unea iritsi zen. Arrapaladan eskaini zituzten “So”, “Zenbat gramo” eta “Ilegala”. Tenpo erdikoak, eztanda egiten dutenak, gitarra-baxu-bateria jostalariak eta indartsuak. Sinpletasun ez sinplearen aberastasuna. Lerro paraleloak juntatzen hasi ziren, disko ezberdinetako kantu biziak zein pausatuak tartekatuz. “Berantegi” arnasa hartzeko aproposa izan bazen, “Begi erreak” eta “Ur gainean” abestiekin publikoa salto batean hasi zen mugitzen. “Ez da izango” bizkorraren letra aho batez kantatu genuen denok, eta festak segida izan zuen “Ez da dudarik” bikainarekin. Lehen atsedena, “Anai” sentituarekin iritsi zen. Agertoki aurreko lehen lerroa izerdi patsetan zegoen, bost musikarien antzera.

Barealdiaren osteko sentsazioa ederra izan zen. Espero ez nuenez, gorputza uzkurtu zitzaidan. Distortsioak berriz ere piztu, atmosfera eraiki eta Mikel Laboaren “Gaztetasuna eta zahartasuna” jo zuten. Publikoa geldi eta adi, in crescendo-arekin bat eginez. “Noiz da gero?” galdera eginez azken txanpa gertu zegoela sumatu genuen. Eta zorionez, errepertorioan sartu zuten nire abesti kutuna: “Nun daude”. Dituen erritmo aldaketak eta baxuaren presentziak bihurriak bereizgarri egiten du. Eromenak hartu zuen Psilocybe elkartearen topagunea.

Willis Drummond

Bost taldekideak elkarri besarkaturik, jendeari eskerrak emanez. (Jon Iraundegi)

Bukatzeko, eta kamerinoetatik bueltan, “Behin argian ezarrita” lehen laneko kantua aukeratu zuten. Geldoa bezain gordina, doom zaporekoa. “Usain epela” espero bagenuen ere, ez zen horrela izan. Eta noski, ohiko legez Neil Youngen “Rockin’ In The Free World” abestiaren bertsioa eskaini zuten, bertaratu ziren ginenok abestu eta dantzatzeko. Ondoren, distortsioak itzali zituzten. Bost musikariek elkarri besarkada beroak eman eta publikoa agurtu zuten. Atseden beharra nabari zen beraien aurpegietan, baina baita guztiz itzali ez den gogo hori. Mila esker Xan, Jurgi, Felix, Rafa eta Joseba agertokiaren eta publikoaren artean dagoen koxka lerro horizontal bihurtzeagatik. Musikari finak eta hurbileko pertsonak. Azken abestia amaitzen da, ez da besterik izanen? Seguru baietz.

Abesti zerrenda (luzea):
Istanteak
So
Zenbat gramo
Ilegala
Haustura (bizi berri bat)
Araua (gurea)
Ate ttipia
Berantegi
Begi erreak
Ur gainean
Menperatzen dut
Ez da izango
Ez da dudarik
Tresna
A ala B
Anai

Gaztetasuna eta zahartasuna (Mikel Laboa)
Noiz da gero?
Erabakia
Nun daude

Behin argian ezarrita

Rockin’ In The Free World (Neil Young)

ETIKETAK:PsilocybeneaWillis DrummondZuzenekoak