2015.11.02
Izenbururik gabe, izena buruan jarri gabe, koroa jartzen du, biribildu ezin daitekeen koroa. Garuna zulo zurian sartuta geratzen delarik. Saturnoren eraztuna zeure buruan, grabitateak eusten du, astun eta pisutsu. Indar zentripetua. Orduan, irudiak (marrazkiak) paperera itzuli nahi du berriz, eta poliki-poliki bertan pausatzen da, burutik eskura, eta hortik orrira. Ahotsaren tarteak, gorputzaren bitartez marrazten dira.
Kea botatzen duen zirkunferentzia batean aurkezten zaigu borobila ez den hori. Zirkunferentziaren izana; ingerada medio. Biribilduko duena, begien parean dagoen edo paperaren azpian aurkitzen ote den zerbaiti keinu egiten darabilenaren kezka. Zirkunferentzia, zirkulua, edo bien arteko sinergia.
Honen ondoren, pentsatu ikusten ari naizena zirkunferentzia bat den edo saiakera horretan sortu den irudia. Zuntz organikoak dituen zirkunferentzia baten saiakera. Erle batek biribiltzen duen eztiorrazea irekitzen saiatzen da, nahiz eta bere baitan ixten darabilen forma izan. Kea eta edukia formaren barruan. Forma edukiaren kanpoan. Arkatzaren bitartez, norabide aldaketak. Hautatuak izan ez diren bide zaharren arrastoak ageri eta behatz lodi eta erakuslearekin hartu ditzakegu haien errautsak.
Marraren barruko azalera objektu bilakatzen da. Atzo egina izan bazen ere, orainaldi honetan, elementu hau egiten eta egiten dagoela ikuskatu daiteke. Bere burua eginez. Finitua ez dago inoiz gure esku. Ce gamin, là filmean (Horko mutiko hori; Renaud Victor, Fernand Deligny), funtsezko trazaketa baten eguneraketak jorratzen dira, keinu bat (idazkera edo marrazketa) intentziorik gabe egina, inongo errepresentazio nahimenik gabe, ez terapeutikorik, ezta pedagogikorik ere; baizik eta, beti besteekin erlazioan jartzeko borondatearekin, haiek ezer ez direla esaten ari dirudien arren.
Delignyk idatzita utzi zituen poemen artean, biraka eta biraka zebilen mutiko bat ageri zen. “Bere buruaren inguruan etengabe bueltak ematen, hori da (gure) lengoaiak esatera behartzen gaituena: berak bere buruaren inguruan bira egiten du, baina bere buruaren inguruan madarikatu hori egitean, hutsik, jabegabe egongo litzateke. Mutiko hori ezerren inguruan bira egiten du, ezerren gainean. Zeharo galduta”. Galdurik egon al liteke lengoaiarik ez duen mutiko bat? Hori da, berriz ere, lengoaiak esatera behartzen gaituena. “Bila ote dabil bada? Norbere burua bere buruaren bila ote dabil bada?”. Lengoaiarik gabe, xederik ez. Orduan, marratzen jarri da.