Musika

Xabier Gantzarain

2015.03.24

Xabier Gantzarain

Azaletik (X): Iraganaren irudia

PEIO TA PANTXOA  HG-119 LS

‘Peio/Pantxoa’ (Pantxoa eta Peio, 1975). Azalaren egilea: Felix Garrido

Celosamente gordea egonen da disko hau Eresbilen, beharrik baden musikaren euskal artxibo bat, hango irudiak erabiltzen ditu Badok.infok, hala irakurri nion Jon Baguesi elkarrizketa batean, beharrik baden euskal musikaren artxibo bat, hau. Eta hala ere, ez dakizu zertarako den artxibo bat oso ondo, balio ote dion inori, zertarako erabiltzen ote duen jendeak, zertarako den iragana.

Zertarako da iragana orainaldi eternalean bizi bagara, etorkizunaren ideia bera ere desegina? Zer da iragana, dena bat-batean sortu eta ahitzen bada, dena munduaren ordena naturalari badagokio, dena “hau holaxe da” batekin azaltzen bada?

Etsiarena, nekearena, ez da harritzekoa.

Galeraren kontra ari gara etengabe borrokan, alfer samarrik izan arren.

Iraganaren irudia, izan liteke disko honen hauxe: Eresbileko irudi hau da bakarra, hauxe azaltzen da hemen, hauxe azaltzen da Azaletatik sustraietara liburuan ere, hauxe da gordeta dagoena; erabiliaren erabiliaz maiztua, arrakalatua, higatua, gero halanola osatua, zenbaki batekin artxibatua, orain ahoa zabalduagatik ere mutua.

Kolore bizikoa, erliebean eraikia, ederra izan behar zuen azalak orduan, 1975ean; gizon zein emakume, oro kantuan, oro oihuka, ahoa ozenki zabalduta, gizartea eraldatzeko ametsari emanak oro.

Hori da daukagun irudia, iraganarena, baina zer da eremuz kanpo geratu zena?

Gizajendearen ahitzea liburuaren bila sarean ibilita topatu dut esaldia: Erromako esklabuetatik oraingo langileetara, garai guztietako zerbitzarietan barrena, bada jarraitasun bat: esklabu zein langile zein zerbitzari izan, haiek ziurtatzen dute jauregiaren hornitzea. Jauregitik ikusita, funtzio hori betetzen duten artean, ez dago problemarik.

Jauregia geroko esklabu langile zerbitzariz hornitzea izan zen emakume askoren zeregina, eta saiatu ziren haur haiek gizon eta emakume askeak bilaka zitezen, ihes egin zezaten jauregia hornitzeko lanetatik, baina ez ziren konturatu jauregia bera zela beste era bateko hornitzea eskatzen zuena, sotilagoa, krudelagoa, depresiboa.

ETIKETAK:azaletikDiskoakElkarEresbilFelix GarridoPantxoa eta Peio