2015.01.28
Mozorrotuta ibili zara, baina ez duzu lortu zeure burua hankaz gora jartzea, edo buruz behera, edo azpikoz gora, edo alde erantzira. Kentzeko modukoa uste zenuen bihotz-oskola erdoka gardena bihurtu da, azalmintz lehortua, orain ezin duzu biluztu, agerian utzi zeure mina, zeure nahigabeen zergatia izenda ezina da, eta mozorroak ez zaitu askatu, zeure baitatik askatu ezinak ematen dizu aspaldian minik handiena. Zeu izateak.
Ez daukazu maskara gehiago, zeure buruaren maskara bakarra zara.
Bazkaltzen ari diren horietako edozein izan zintezke, igandetako arima erakutsiz, mendirako jantzita, baina ez zara. Zu zeu zara, eta ez zara inor, ez zaude inon, ederrak dira leiho gorriak harrizko etxe abandonatuan, autoz betetako herriko plaza hau, linboa, igandea.
Ondoa hondoa bihurtu zaizu, bihar astelehena, adiskidea ondoan duzula abiatu zarete inoiz, beharbada, ez egitea nahi zenuten mendiko autobidean behera. Paperean marraztuta asmatu zuten bide hau, dio albotik, ez zen inolako bide naturalik aurretik. Zerua argiago dago kostaldera, esan du gero, eta argi gorria piztu da, oliorik gabe ari da geratzen autoa.
Erretzeari utzi behar diozu, ahaztu gabe.
Aritzetan gelditu zara, bazter batean, kapota ireki, motorra hozten utzi. Kafe bat hartu duzu makinatik, txokolatezko opil batzuk, zigarroa piztu duzu autoan bermatuta. Azkenean bota duzu aspaldion barrenak erretzen dizkizuna: ez diat ulertzen mundua, ez diat ulertzen ezer, zergatik dituk gauzak horrela eta ez beste era batera. Autoak ziztuan doaz, hotz egiten du. Zeinek asmatu zuen hau dena, esan nahi duk? Bai, zeinek asmatu zuen, zer egiten diagu guk hemen, zergatik dira gauzak horrela eta ez beste era batera.
Igande gauez telebistan edozein kaka ikusten egoten nauk, ohera ez joateagatik, bazekiat astelehena datorrela, aste osoa, iratzargailuarekin esnatu beharra, egin beharrekoen zerrenda luzea…
Dena duk hain biolentoa…
Lisabören disko horretan bezala, azala hain garbi, hain bare, eta barrua hain gordin, hain basa. Baina askoz edertasun gutxiagorekin.