2014.12.23
Errobin bertan sortzen dira Errobiko urak, ederra da irudia, erreka meharrek osatzen dute ibai zabala, bidean lurrak onduz, jendeak biziaraziz, atzar hadi, atzar hadi, odol berria ere bada, aldaketaren seinalea.
Komiki batekoa dirudi marrazkiak, mapa zahar bat ematen du, ez du errespetatzen perspektiba klasikoa, Errenazimentuaz geroztik Mendebaldean nagusitu zena, tamaina berekoak dira urrun dauden zuhaitzak eta hurbil daudenak, etxeak ere bai, ez dago hierarkiarik, ibaia bera da sorburuan eta bukaeran, kolore bera dute zuhaitzek, lurrak, baserriek, belar-metek, landareek, etxeek. Denok gara hau, denok gara hori.
Irudia ederra da: Errobik sortzen ditu Errobiko urak.
Izenik eman arte ez dago ezer, hor egon arren. Izenak egiten gaitu, izenak batzen gaitu, kantuan egiten dugu. Banaka ari garenean ere, dutxan adibidez, kantuan beti gu ari gara, komunitate bat, kantu horiek entzun dituena, maite dituena, kantatu dituena. Orain, jaio nintzen urtean airea hartu zuten soinu eta melodiak kantatzen ditudanean, esate baterako, beste milaka lagun ari dira nirekin batera kantuan: lagunak, ezagunak, ezezagunak; biziak, hildakoak eta jaio gabeak ere bai.
Errobiko urekin bezalaxe Errobiren kantuekin ere, ziklo bat da, lurrean sortu, itsasoan hil, zerura lurrundu eta berriro jende artean sortzen dira. Azaleko irudian ondo ikusten da, Errobiko urak, Errobiren kantuak gugana datoz. Gu hirian gaude, Baionan, hor ikusten dira katedralaren bi dorreak, eta harresia. Ez gaude erreka ondoan, urari so, ez gaude zubi gainean, urak oldean etorriko diren beldurrez. Ez, guk mapa bat marraztu nahi diogu gure ibaiari, gure herriari, distantzia hartu lipar batez, gora egin, ke gozoak bezala, ez inoren gainetik gaudelako, ez egon nahi dugulako, kontzientzia hartzeko baizik. Paseo bat globoan, dena izateko kontuan, sorburua eta bukaera, dena dela bat, ibai bera, ur bera.
Eta kantua ura bezain beharrezko dugula, hitzak eta doinuak, geure buruari izena emateko, hiztun komunitate bati egarria asetzeko.
Hiztunik eta egarririk izan artean behintzat.