Musika

Xabier Gantzarain

2014.11.28

Xabier Gantzarain

Azaletik (VI): Mundua zabaltzen hasi zen

ZARAMA  Indarrez

‘Indarrez’ (Zarama, 1984). Azalaren egilea: Gabriel Vecino.

Postaz erosi nuela esango nuke, baliteke memoriak hala ekarri nahi izatea ere, eta lurrean belauniko gorputza ohe gainera makurtuta ireki nuela paketea, bonba bat, eta txundituta begiratu niola azalari, orduan hain berria, neoizko argiak, gauak eta hiriak, koloretako eguzkitako betaurrekoak, halako collage pop bat, kiniela bat, egunkari zati bat, militarrak, telebista bere entxufe eta guzti, polizia autoa, kopak, edariak, tabakoa, eguneroko zoro bat, eguneroko bizi bat, kolore bizietan eta indarrez emana, ebakiz, angelu zorrotzez eta ertzez betea.

Ez dakit zenbat urte izango nituen, mundua zabaltzen eta abiada hartzen hasi zen gure buruetan, musikak asko laguntzen zuen. Berandu iritsi ginen 80ko hamarkadara, baina han zegoen oraindik. Eta gure heziketa sentimentalak hamarkada hartako giroa darama ernamuinean.

Ez da seguru asko Zaramaren diskorik osoena, eta ez da gainera lagun artean gehiena entzun genuena, Dena ongi dabil eta Bostak bat arrakastatsuagoak izan ziren, baina Indarrez diskoak nigan sortu zuena zerbait berria izan zen, azaletik hasita. Ebaki bat zen, etena, abiadura, kaosa eta kolorea. Mundua zabaltzen eta abiada hartzen hasi zen, aldaketa ikaragarria zetorren.

Gerora, bizi izan ez duzun garai baten nostalgiak jota edo, zaila baita bizi izan duzunaren nostalgia izatea, 80ko hamarkadako lehen urte haiek imajinatzen saiatu izan naiz, diskoen eta liburuen laguntzarekin, hemeroteketan muturra sartuta, garai hura laburbilduko lukeen ikurren baten bila.

Grazia egiten dit, esate baterako, euskal musika urbanoaren sorlekuetako bat Itziarren egoteak. Izen horrekin gainera: Mandiope. Eta han imajinatzea Joseba Zulaika Euskal Musika 80’ lehiaketa antolatzen, eta Vicente Ameztoy muralak pintatzen, edo kartelak egiten. Eta jende gaztea indarrez zetorren mundu berri baten gosez.

Baina, azkenean, lehen soldatarekin musika aparailua erosi zuen anai zaharraren txaketa gorria begitantzen zait garai hartako ikurrik onena, higatua eta kolorgetua egon arren, hain gustura janzten nuena gaztetan.

ETIKETAK:azaletikDiscos SuicidasDiskoakGabriel VecinoIndarrezZarama