Musika

Xabier Gantzarain

2014.10.29

Xabier Gantzarain

Azaletik (V): Esango al luke poligrafo batek…?

denborada

‘Denbora da poligrafo bakarra’ (Berri Txarrak, Only in Dreams, 2014). Azalaren egilea: Joseba Elorza.

Argazki digitalak, irudi digitalak ez du arimarik, ez du bizitzarik, ez da zahartzen, ez dio erasaten denborak. Arrakalarik ez, ertz horiturik ez, papera falta du; datarik ez atzean, ez izenik, ez leku izenik, argazkikoei memorian leku bat egiteko modurik ez, ifrentzua falta du. Argazkia hor dago, nahi adina zabal daiteke, ordenagailuan gorde, poltsikoan eraman aspaldian erabili ez dituzun telefono zenbakiekin batera, nahi duzunean begiratu, baina ezin ukitu inoiz. Mamu hutsa da.

Zein dira aurpegirik ikusten ez diegun gizon hori eta emakume hori?

Zurezko egitura izango zuen etxeak seguru asko, etxaurrea ere hala du, eta leihoa, aterik ez da ikusten; izarak daude kanpoan esekita lehortzen, zapiak, toaila. Kanpoan daude gizona eta emakumea ere. Denak zuri-beltzean. Iraganekoak dira. Bizirik egongo ote dira gaur, 2014ko urrian? Non ote zegoen etxe hori? Zergatik bizi ote ziren etxe horretan? Erosi egingo zuten, errentan hartuta biziko ziren han? Zertan egiten ote zuten lana? Izan ote zuten seme-alabarik? Bizirik egongo ote dira gaur?

Beste guztia koloretan dago, koloreak hotzak izanagatik. Zuri-beltzeko gizon eta emakumearen azpiko belarra, atzean ikusten diren mendiak, zerua bera urdin-gris-zuri, denak dira hotzak. Denak, leherketa batek eragindakoa dirudien su eta ke zirimolak izan ezik. Istripu bat, bonba bat, pintura fabrika baten eztanda? Zer gertatu ote da?

Bikotea lasai dago etxe atarian, lehortzen jarritako izaren babesean, ez zaie nabari urduritasunik, larritasunik. Mendiez bestaldeko leherketak ez ditu harrapatu. Ez da haraino iritsiko beroa. Baina ez diegu ikusten aurpegirik, ez dakigu suak zer argitu duen haien begietan. Zer sentitu ote dute? Azkartu ote zaie bihotza? Igo ote zaie tentsioa? Estutu ote zaie arnasa?

Esango al luke poligrafo batek eztanda horrek zer eragin izan duen euren bizitzan?

Esango al luke poligrafo batek ederra iruditu ote zaien suzko bola hori?

Esango al luke poligrafo batek zenbat mamu kabitzen diren baten bizitzan?

Esango al luke poligrafo batek ez naizela mamu bat?

ETIKETAK:azaletikBerri TxarrakDenbora da poligrafo bakarraDiskoakJoseba ElorzaOnly in Dreams