Musika

Azaletik (XVI): ‘Osaka Paradise’

gora japon1

Gora Japonen lehen diskoaren azala (Bidehuts, 2008).

Eguzkiak dir-dir egiten du itsasoaren horizonteko marran. Gure aurrean oreka iraunkorra; hauskor ezina. Teknikaren bitartez eraikitzen da materia. Teknika ona edo txarra izateak ez du axola. Benetako erabakiak beste batzuk dira. Kolore primarioak. Urdina horia gorria, ez da gehiago behar, bilduma hasteko.

Koloreak forma ematen du. Horiaz, gorriaz, zuriaz, urdinaz ohartzen gara, beste koloreekin dauzkan erlazioengatik. Pil-pilean dagoen irudia. Hondoa hiru zatitan geratzen da horizontalki banatuta, baina tentuz begiratu ezean, kopuru ezberdinak azalduko dira. Bakoitzak nahi dituen elkarketak egiten ditu, alegia…

Marrak.

Indarrak marren eta lerroen botere hipnotikoan dauka izana. Hauek euren ibilbidea aldatuz gero, euskarria ere aldatuko litzateke. Osotasuna atalen erlazioengatik ematen da. Marrak; pertzepzioaren frakzio bat, espazio eta denboraren banaketa horizontala. Frank Stellak hatz lodiari gora egingo zion.

Goitik beherakoek ez daukate tokirik. Hutsuneak ezker eskuin. Eta hutsuneak ez baleude, ezker eskuin, eskuin ezker, hala ere.

Berriz ere, eguzkiak dir-dir egiten du itsasoaren horizonteko marran. Eklektikoa, abiadura handian ikusitako ilunabarreko paisaia. Irudi honek, erdigunean kokatzen gaitu. Ikuskatzeko leku egokienean egongo bagina, eta memento aproposean begiak ireki izan bagenitu.

Zerua lurrera erori da, eta zelaiak gure buruen gainean zintzilikaturik daude. Osakan, itsas bidaia batean, ongi etorriaren zortzigarren koktela, bermudak eta hanka-hutsik. Irabazi dituzun kilo horiek, gainetik kendu beharko dituzu bueltan. Xurgatu egiten dituzu azken ttanttak, eta zorabiaturik paisaia honetara begiratzen duzu, eta horia zure aurpegian islatzen da. Bestelako koloreak, beste egun baterako utzi beharko dituzu.

ETIKETAK:azaletikBidehutsDiskoakGora Japon