Musika

Azaletik (XIX): Morente

Amorante, 'Amorante'

Amorante (2016). Azalaren egileak: Alaitz Alberdi eta Joseba Agirrezabalaga.

Bihotz bat, eskumuturra bezalakoa da, konkretua, estua, zanpatua, tenkatua, eta aldi berean esku ireki bat bezalakoa, elastikoa, dinamikoa, zabala eta nabaria. Bi mugimendu, bi hots. Eskuak erabiliz eginiko marretan, bihotzaren arrastoa dago, taupaden mugimenduaren bitartez, zainetatik pasatzen den odola, marrazkira bultzatzen delako. Bihotzaren trazaketa.

Alhambrari (gotorleku gorriari) abestu izan zaizkion abesti guztiek bere amorante bihurtzen gaituzte. Lurrean belaunikatuta goiari begira abesten diren kantuak. Hemen prekarietatea, forma ematen duen potentzia da. Latza, mamitsua, ausarta izango da bihar edo etzi, gaur aldiz, mantso sukaldatzen ari da, ez dago gezurretarako tokirik. Geruzak kendu. Utikan! Itsasperatutako ekintza simpleenak burbuilatzen azaleratu daitezen.

Amorante, Amor ante, amante, A Morente.

Nire Bihotzak lau hanka dauzka. Bi lurzorura eusten nautenak, eta beste bi buruan zerura iristeko. Bi esku ortzia eta lurra elkartzeko. Amorantea izan ezik, “Amodioa”, “Amodioaren aurrekoa”, “Morenteren maitalea” naiz, honela jaio nintzelarik, kantu biluzi gisa, bi esku hauekin bilduko zaitut nik. Eginez edo deseginez, baina beti eraikitzen, beti eraikitzen, beti eraikitzen, beti eraikitzen… Eta Dorre batean gordetakoak, Oroimenaren fruitu bilakatuko dira noizbait, baina denboraren makinak ezin gaitu lehenaldira eraman, beraz, ez ditugu inoiz pausoak atzera ematen. Bihotz baten hildako taupadak entzungo genituzke bestela.

Amorante hitza irudi bilakatu da. Formari hitza eman, hitzari forma eman bitartez. Gorputz bat eman. Lengoaiari dagokionez, gorputza zeinua da, hemen gaude eta hori zaindu behar da.

ETIKETAK:Alaitz AlberdiAmoranteazaletikDiskoakJoseba Agirrezabalaga