Musika

Xabier Gantzarain

2014.08.01

Xabier Gantzarain

Azaletik (III): Garaiaren izpiritua

XABIER LETE  HG-1

‘Xabier Lete’ (Herri Gogoa/Edigsa, 1974). Azalaren egilea: Nestor Basterretxea.

Gero dena jendea da. Zeitgeist ospetsu hori ere jendea da azkenean. Eta jendeak ematen dio forma garaiaren izpirituari. Eta garaiaren izpirituak ematen dio forma jendeari. Eta jendeak ematen dio forma garaiaren izpirituari. Eta halaxe ari da espirala zabaltzen.

Baina garaiaren izpiritua ez da santua, ez da metafisikoa, fisikoa da, kulturala da, eta eguneroko bizimoduari erabat dago lotua. Baita bizimodua ateratzeari ere, noski.

Itoiz taldeari, gehiago erabili bazituen ere, tipografia bakarra eman zitzaion taldea desagertu eta gero, garai jakin bat ekartzen zuelako gogora, identifikatzeko errazagoa izan zedin, eta haren diskoak saltzen jarraitzeko, batez ere.

Tipografia bat, logotipo lanak egiteko. Nork erabaki ote zuen?

60ko hamarkadako kultur mugimendu indartsua frankismopean ito zorian egondako herri baten berpizkunde gisa esplikatu zaigu beti, ETA, ikastolak, eta abar, baina dena dago lotuta, eta pentsatzekoa da kultur industria hasiberri baten bultzada ere egongo zela atzean, eta musikaren kasuan diskoetxeen interesak, besteak beste.

Ezaguna da garaiaren izpirituari Ez Dok Amairu mugimenduak eman ziola forma, besteak beste, eta ezaguna da Ez Dok Amairu mugimenduari jendeak eman ziola forma, luzeegia litzateke izenen zerrenda hemen denak jartzen hasteko. Hain ezaguna ez dena, forma idealizatu horretatik ahaztu egiten zaiguna, ez da huskeria, Ez Dok Amairu mugimenduak logotipo bat ere izan zuela da. Nork egin ote zuen? Nork erabaki logotipo bat behar zutela?

John Bergerren ustez, testuak bezalaxe irakurtzen ditugu guk irudiak, ezkerretik eskuinera. Bertikalean, azalaren altuera osoa hartuz, kantariaren izena, letrak minuskulaz baina handiak; ondoan, izenaren altuera hartzera iritsi gabe, kantariaren argazkia, karnetekoa dirudiena; izenarekin eta argazkiarekin beherakako diagonala sortuz, gero, kantuen izenburuak, eta beheko eskuineko ertzean, Ez Dok Amairuren logotipoa.

Beharbada hemen ere pop egin zuen garaiaren izpirituak 60ko hamarkadan.

ETIKETAK:azaletikDiskoakEz Dok AmairuHerri GogoaItoizXabier Lete