2014.06.29
Etxearen azala da pareta horixka, zein zenbaki izango ote da pantonen, beixa, okre argia, horixka da, hori argia, horia zuriarekin, kanpora egiten duela esan zuen Kandinskyk, beroa dela, hurbildu egiten duela ikuslea. Gehiago ere bai: “Horiak, zuzenean begiratuta edozein forma geometrikotan, ikuslea urduritu egiten du, ernegatu eta asaldatu, bere sentsibilitatearen gainean lotsagabe eta temati ari den biolentzia zantzu bat antzematen baitu bere espresioan”. Kolore guztiek eragiten digute. “Gizaki baten aldarteari dagokionez, eromenaren irudikapen kromatikoa litzateke horia; ez malenkonia edo hipokondria, baizik eta eromen bortitz bat, amorru itsua, eldarnioa”. Etxearen pareta horixka da.
Eskuin aldean, azalaren heren bat hartuz, atea ageri da, eskailerak etxearen kanpotik igotzen, landarea eskaileren metalezko barandatik igotzen, eta gero atea. Atea ez dakigu ahoa den, begia den, edo zuloetarik bat, itxita dago. Azalak ere bai, paretak definitiboki, ez du beste aukerarik uzten, ateak aukera ematen du, aukera eman lezake, kanpoan edo barruan. Etxetik at edo etxean at.
Mundua bitan banatzen da txikitan: kanpoan edo barruan.
Nolakoa da etxe hori, zati bat besterik ez dugu ikusten, ze estilotakoa da ate luze hori, ze islatzen dute goiko kristalek, non dago, noiz izan zen eraikia, ze garaitakoa da, zeinek jaso ote zuen mundutik hantxe babesteko. Langile jendeak? Ez du ematen. Zer esaten du ate batek, ate bakar batek? Norako sarrera da ate hori?
Gorputzarekin identifikatu dut etxea, azala, sarrera/irteera. Baina zeren metafora gisa erabiltzen da etxea maiz? Telebistako sabeliztunek asko maite dute: “Etxera itzulita…”. Metafora baino, eufemismoa da akaso: aberria, nazioa, komunitatea, Euskal Herria… Bandera trapu bat da, haizerik ez badabil. Ostera, haizea dabilenean oso bestelakoak dira gauzak, eta bandera trapu bat da.
Haizea harro dabil, eta hori ez da ate bat, hor ez dago paretarik, papera da, edo pixel batzuk.
Munduak bitan banatzen zaitu handitan: etxetik at eta etxean at.