Musika

‘Azalera’ (Izeberg, 2014)

izeberg

Izotz zatietatik osaturiko proposamen beroa eskaintzen du Izeberg taldeak. Usurbilgo Mendeku Itxua, Hotzikara eta Odolaren Mintzoa bandetan zaildutako lau gaztek osatzen dute. Azalera aurreneko lana maiatzean argitaratu zuten, eta, zuzenekoen bidez gustura aurkeztu duten arren, ez diote hedapen handirik eman. Auto-ekoizpenaren bidea hartzean, promozio lanak jorratzea garrantzitsua da, eta ez dira askorik nekatu horretan. Tristea da horren disko erakargarriari taldeak berak emandako bultzada apala. Rocka dute oinarri, indarra eta melodien arteko jolasa baliaturik. Infernu honetanEzezaguna eta Naizena abestietan ederki nahasi dituzte bi osagai horiek. Pop izaera nabarmenagoa da Berriro aurrez aurre eta Herri eta harri kantuetan. Balada ere ezin zen falta, melodia goxo eta guzti (Lehenengo ilaran). Ixak Arrutik bere joera melodikoa muturrera eraman du, eta agerian utzi abeslari bikaina dela. Sen taldearen aurreneko diskoa gogora ekar dezake gipuzkoarren estreinakoak. Badakizue, heavyek egindako rocka. Ez dadila oharkabean pasa.

(Berria egunkarian, 2014ko urriaren 19an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:AzaleraDiskoakIzebergKritikak