2014.10.13
Esperientziadun jendea biltzen du Kherau taldeak barnean, eta hori oso nabaria da udaberri aldean kaleratu zuten bigarren disko honetan. Sendoa bezain aniztuna da haien eskaintza, irlandar, italiar eta Balkanetako oihartzunez blai datorren euskal-folk garaikidea. Horrelakoetan ohi denez, herri kantuak (4) eta kantu propioak (11) nahasten dituzte, nahiz eta bigarrenetan ageriago geratu taldearen bilakaera. Dantza-doinu instrumentalak, erritmo ertaineko kantu indartsuak eta balada akustikoak, hiru kantarien ahots jokoak eta sokako tresnetan oinarritutako musika. Baxua, bien bitartean, dantzan dabil azpian. Lotsarik ez bestelako eraginak uztartzeko, eta herri musika ulertzeko modu klasikoa eurena egiteko. Oso luzea da gurean Oskorriren itzala. Horiek guztiak erakusten ditu taldeak Salbatzaile kantutik aurrera, gora egiten duen Aukhera disko honetan.
(Berria egunkarian, 2014ko urriaren 12an argitaratutako iruzkina)