2021.06.19
Badago halako jarraitutasunaren eta etenaren arteko ideia bat Audience taldearen lan berrian, zatikatzearena eta osoa egitearena aldi berean. Alde batetik, bi diskok osatzen dutelako lana; eta, bestetik, bi disko horiek bi urte, bi aro ezberdin eta bi grabaketa saio jasotzen dituztelako. Zatikatuta eta ezberdinduta egon arren, halere, elkarrekin unitate bakarra egiten dute; denak batuta osatzen dute Tolesdurak, eta guztiak egiten du Audience. Baina, lana horren da zabala, horren da estilo anitzekoa, «tolestu» egin behar baita bere xehetasun guztiez jabetzeko. Hala adierazi du Gaizka Insunza (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1978) taldekideak: «Disko honek, Audiencek bezala, aurpegi ezberdinak ditu, eta tolestu egin behar da nolabait aurpegi horiek eta taldea bere osotasunean ikusteko».
Isla (Bidehuts, 2017) diskoa argitaratu eta zuzenean defendatu ondoren ekin zioten estudioko bederatzigarren lana prestatzeari. Abesti sorta berri bat ondu zuen boskoteak, «hamar inguru», eta beste proiektu batzuetan murgildu aurretik grabatzea erabaki zuten. 2019ko abenduan izan zen, Andoaingo (Gipuzkoa) Garate estudioan, Kaki Arkarazoren gidaritzapean. «Kantu batzuk bukatu gabe zeuden, eta beste batzuk bukatuta; batzuek ez zuten ahotsik, eta beste batzuk nahastu gabe zeuden. Baina erabaki genuen ordura artekoa erregistratuta uztea».
Bazekiten, horrenbestez, beste saio bat beharko zutela diskoa amaitzeko; ez zekiten, ordea, kolpetik eroriko zitzaizkiela asmo guztiak, pandemiaren ondorioz. «Hankaz gora geratu ziren gure plan guztiak bat-batean». Izan ere, bertan behera geratu ziren esku artean zituzten bestelako proiektuak, eta ezin izan ziren estudiora itzuli diskoa amaitzera. Urte amaierara arte itxaron behar izan zuten horretarako. Tarte horretan, baina, abesti berriak sortu zituzten, eta horiek ere grabatzea erabaki zuten azkenean. «Eta, hala, aurkitu ginen hamasei kanturekin eta ia-ia ordubeteko iraupena duen musika bilduma batekin. Zer egin horrekin guztiarekin?».
Pentsatzen eta aztertzen egon ondoren, denak argitaratzea erabaki zuten, bi diskotan banatuta, hori bai. «Izan ere, ohartu ginen disko batean sartzeak apur bat desitxuratu egiten zuela guztia. Zeren ikusten baikenuen bazirela bi abesti diskoa zabaltzeko modukoak. Eta gauza bera gertatzen zen ixteko abestiekin ere. Konturatu ginen, ordea, diskoak bazeukala halako dualtasun bat, eta bitan banatuta beste enfoke bat ematen zitzaiola, eta abestiek ere beste garrantzi bat hartzen zutela». Bidehutsekin kaleratu dute disko bikoitza ere.
Eskaintza zabala
Emaitza bi diskoko lan mardula da. Aurreneko diskoan —TLSDRK du izena— soinu «gordinagoak» aurki daitezke, «azkarragoak» edo «rockeroagoak» diren kantuak; bigarrena, aldiz, OEUA izenekoa, «argitsuagoa» da, «dibertigarriagoa», eta bestelako doinuak biltzen ditu. «Edonola ere, disko bakoitzak bere aldetik funtzionatzea nahi genuen, eta nork bere izaerari eustea. Horregatik disko bakoitzak dauka kontrapuntua egiten duen abesti bana. Bi diskoak batera entzutean, hala ere, diskoaren osotasuna sortzen da».
Ez da lan esperimental bat, baina Audience posible guztiak aurki daitezke hamasei kantutan. «Audiencerekin oso identifikagarria den disko bat egin dugu», aitortu du Insunzak. Alegia, AEBetako country rock alternatiboa da taldearen oinarria lan berrian ere, baina beste ildo batzuk ere aurki daitezke, taldeak hogei urteko ibilbidean jorratu izan dituenak. «Esango nuke Audiencek bere ibilbidean zehar ukitu dituen estilo guztiak biltzen dituela disko honek. Horiek guztiak bildu eta Audienceren filtrotik pasatu ditugu».
Hain zuzen, abeslariak uste du bi diskoaren formatuak eman diela horretarako aukera. «Baztertu genitzakeen batzuk, eta disko bateratuagoa egin. Baina bikoitza egitea erabaki dugu, eta horrek berarekin dakar halako deklarazio bat, zeinak esaten duen diskoa askotarikoagoa dela musikalki».
Euskararen «mamua»
Hiru kideren artean ondu dituzte kantuak —nork bereak abesten ditu zuzenekoetan—, eta, izurrite garaian kaleratu arren, Insunzak uste du ez dela disko «pandemiko bat», ez behintzat hitzei dagokienez. «Saiatzen gara taldearen ibilbidea islatzen hitzetan, normalean». Hitzetan bainoago, hizkuntzan dago berritasuna oraingoan; euskarazko kantu gehien biltzen dituen Audienceren diskoa baita Tolesdurak, nahiz eta ingelesezkoak eta gaztelaniazko bat ere badauden. Insunzak adierazi du hizkuntzaren afera taldearen «mamua» bilakatu dela dagoeneko, etengabe «atzetik segika» duten zerbait. «Lehen ingelesez abesten genuen euskal taldea ginen, eta orain ‘zergatik euskaraz?’ galdetzen digute». Azpimarratu du, ordea, ez dutela inolako «kontsignarik» izan, eta taldekideek euskararekiko duten «konpromisoagatik», eta «modu naturalean» erabaki dutela pausoa ematea.
Andoaingo Rock jaialdian aurkeztuko dute lan berria, gaur. «Lagunekin» arituko dira oholtzan, bertan ariko baitira Rudiger, Belako, Inoren Ero Ni eta Angel Kaplan ere. Eta etxean joko dute hurrengo larunbatean, Gernika-Lumon. Momentuz bi emanaldi horiek dituzte hitzartuak, baina ari dira agenda betetzen pixkanaka. «Irailetik aurrera, batez ere, agenda bete-betea dugu».