Musika

badok

2020.09.11

badok

Astea laburrean #9

astea laburrean #9

GATIBU taldeak bigarrenez atzeratu du 20 urteko ibilbidea osatzeko Bilboko Miribillan eman behar zuen kontzertua. Maiatzeko data bertan behera geratu ondoren, urriaren 31n egiteko asmoa azaldu zuen taldeak, baina egun horretan ere ezinezkoa izango da milaka lagun bilduko dituen emanaldia behar bezalako osasun eta segurtasun baldintzetan egitea, eta azkenik, kontzertua urtebetez atzeratzea erabaki du Gernikako laukoteak. 2021eko azaroaren 13ko data jarri dute kontzertua egiteko.

ARIMA taldea Bonberenea estudioan sartu da abuztuan lan berria grabatzera. Paule Bilbao buru duen hirukoteak Biluztasunez jantzia kaleratuko du udazkenean Bonberenea Ekintzak zigilupean, eta aurrekoak bezala, maxi-LP formatua izango du. Oraingoan ere Karlos Osinaga arduratu da ekoizpenaz.

Arima Bonberenea

Arima taldeko Paule Bilbao eta Karlos Osinaga ekoizlea, Bonberenea estudioan. (Bonberenea Ekintzak)

DENA hirukoteak urriaren 16an kaleratuko du bere lehen diskoa, Ezer sentitzeko. Ondarroako taldeak aurrerapen abesti bat plazaratu du, “Zerbait”, bideoklip batez lagunduta. Josu Eizagirrek zuzendu du bideoklipa eta Angel Aldarondo alderdi artistikoaz arduratu da.

BLANQUITA CARRAQUELA izena du Asier Beramendiren proiektu berriak. Eraul taldeko buru ohia rap estiloan murgildu da oraingoan eta elementu berriak txertatu dizkie doinu berriei: sintetizadoreak, erritmo kaxak, sampleak eta modulatutako ahotsak… Ondorioz, bere kantuen produktore bilakatu da eta sortzeko ohikoa zuen prozesua eraberritu du. Hitzetan jarri nahi du garrantzia Blanquita Carraquelak eta, ondorioz, gaztelerak erdigunea hartu du, euskara eta ingelesa baztertu gabe. Eraulentzat konposaturiko azken abestia, “Bourgogne”, baliatu du Beramendik proiektu berria aurkezteko.

WILLIS DRUMMONDek kantu berri bat sortu eta grabatu du Ane filmerako. David Perez Sañudok zuzendutako lehen pelikula da eta Donostiako Zinemaldian estreinatuko da, Zuzendari Berriak atalean. Hirukotearen abestiak “Nahi eta nahi ez” du izenburu eta oraingoz pelikula ikusiz baino ezin da entzun. Soinu bandak Berri Txarrak eta Dover taldeen abestiak ere jasotzen ditu.

MURSEGO ere Donostiako Zinemaldian izango da, kasu honetan Sail Ofizialean lehiatuko den Akelarre filmaren bidez. Pablo Agüerok zuzendutako pelikularen soinu banda sortu du Mursegok, Arantzazu Callejarekin batera, eta Alos Quartet hari laukotearen kolaborazioarekin. “Neskak sotoan” da filmerako sorturiko abestietako bat.

XABIER LETE hil zela 10 urte beteko dira abenduaren 4an, eta urtemugaren harira, hainbat ekimen jarri dira martxan poeta eta kantaria omentzeko. Alde batetik, Joxan Goikoetxeak sortutako Hesia urraturik izeneko Oratorio sinfoniko-korala estreinatuko da abenduaren 5ean Donostiako Kursaalen; ondoren, Getxoko Muxikebarri aretoan (abenduaren 13an), Gasteizko Principal antzokian (abenduaren 26an) eta Bilboko Euskalduna jauregian (urtarrilaren 9an) taularatuko da. Bestetik, Loreak eta zauriak ikuskizuna prestatzen hasi dira Joserra Senperena, Xabi San Sebastian, Beñat Gaztelumendi eta Quico Pudgés. Abendutik aurrera eszenatokietan ikusi ahal izango da.

Loreak eta zauriak

‘Loreak eta zauriak’ ikuskizuneko partaideak entsegu batean.

AHOTSENEA Durangoko Azokatik atera eta beste hiru plazatara zabalduko da aurten. Izan ere, koronabirusaren pandemiak beharturik hartu beharreko osasun eta segurtasun neurriak direla eta, ezinezkoa izango da Durangoko Azokan eskaini ohi duen solasaldi eta kontzertu kopuruari eustea —8 solasaldi eta 35 kontzertu baino ez dira izango aurten—, eta hutsune hori betetzeko Zarauzko Literaturia jaialdian, Araba Euskarazen eta oraindik iragartzeko dagoen jaialdi batean lekua izango du Ahotseneak, disko eta liburu berriak aurkezteko aukera emanez sortzaileei. Informazio gehiago hemen.

HAIZEA rap abeslariak bere hirugarren singlea plazaratu du, “Petricor”. La Purezza del Quartiere bideogile madrildarrak grabatu du, Gasteizko Errekaleor auzoan, kantua laguntzen duen bideoklipa.

HERRA taldeak EP berria kaleratu du, Egun ilunak. Childrain taldeko Iker Bengoaren Siverstar estudioan grabatu zuten urtarrilean eta lau abesti jasotzen ditu. 2016an Araban sortutako boskotearen bigarren EPa da.

ELKAR diskoetxeak Negu Gorriak eta Fermin Muguruzaren disko bana berrargitaratu ditu binilo formatuan. Zehazki, Muguruza anaiek eta Kaki Arkarazok sorturiko taldearen lehen disko homonimoa —orain dela 30 urte argitaratutakoa— eta Muguruzaren bakarkako bigarren lana, FM 99.00 Dub Manifest, jarri ditu kalean Elkar Vinyl Collection bildumaren barruan. Azken hori binilo bikoitzean argitaratu du, jatorrizkoari Javi Pez, Xabi Pery eta Rudek egindako erremixak gehituta.

ETIKETAK:AhotseneaArimaAsier BeramendiBlanquita CarraquelaDenaFermin MuguruzaGatibuHerraKorrontziMursegoNegu GorriakWillis DrummondXabier Lete