Musika

badok

2020.07.10

badok

Astea laburrean #6

— KAI NAKAI abeslari gasteiztarrak bideoklip berria plazaratu du. Abenduan kaleratuko duen diskoaren bigarren aurrerapen abestia da “Emoiztazu bihotz”, eta bertan euskarara ekarri ditu reggaeton doinuak Chickjuarez ekoizlearen laguntzaz. Durangoko Azokaren sormen beka irabazi zuen Kai Nakaik iaz, musika urbanoa deritzon joeran sartzen diren doinuak ikuspegi feminista batetik euskarara ekartzeko proiektu batekin, eta babes horrekin grabatzen ari da bere lehen diskoa. Euskarazko zortzi abestik osatuko dute eta reggaetona izango da ardatza.

MAPA GALDUAK jaialdi berria aurkeztu dute aste honetan. Hamar urtez UsoPop antolatu duen lagun taldea dago ekimen berri honen atzean. Saran (Lapurdi) egingo dute azaroaren 20tik 22ra, eta kontzertuez gain Izaki Gardenak, Amorante, La Jungle, Cocanha eta Slift—, hainbat musikari bilduko dituen egonaldi artistikoa (Mugarri 25) eta musikaz lagundutako ibilaldi sekretua (Zeharkako Bideak) eskainiko ditu egitarauan. Joanes Garcia Basurko antolakuntza taldeko kidea elkarrizketatu dute Dunbala podcastean eta jaialdiari buruzko xehetasunak eman ditu. Hemen entzun dezakezu.

Mapa Galduak

Mapa Galduak jaialdi berriaren afixa.

— JULEN COBOSek “Tarantela sanferminera” abestia kaleratu du. Bat Gehio taldeko kide ohiak itxialdiaren lehen zazpi asteetan sorturiko bi abesti bilduko ditu 7 asteko ilunean izeneko lanean, eta “Tarantela sanferminera” da horietako lehena. Grabazioan Gorka Benitez musikariak lagundu dio, alboka, saxofoia eta zeharkako flauta joz. Aretxabaletan jaioa da Julen Cobos, baina aspalditik bizi da Bartzelonan. Han grabatu ditu bi abesti berri hauek.

— BURRUNDADA Lekeitioko musika elkartea osatzen dute taldeek 2020ko uzta bilduma osatu dute. Talde bakoitzak kantu bana grabatu du elkartearen entsegu lokalean, eta astero abesti bat ari dira zabaltzen plataforma digitaletan. Liyura, Beercans, Drunk Smile, G.A.Z Limbo eta Nabil taldeenak entzun daitezke jada, eta hurrengo asteetan gainerakoen ekarpenak jarriko dituzte. Hamasei taldek osatzen dute Burrundada elkartea —aipatutakoez gain, Haustura, Mitosia, Txapelpunk, Didar, Ostiko, XYZ!, Nessun Dorma, Ziur Laters, Abdication eta Zikin—, baina horietatik 11k hartu dute parte bilduman.

— AMORANTEk streaming bidezko kontzertua eskainiko du bihar, larunbata, Bilbao BBK Live Uda jaialdian. Uda ostean argitaratuko duen lehen diskoko abestiak eskainiko ditu musikari elgoibartarrak, tartean duela aste batzuk aurkeztutako “Ama hil zaigu”. Amoranterekin batera, Elle Belga taldeak joko du Kobetamendin. 21:30etan hasiko da kontzertua eta www.bilbaobbklive.com helbidean zein jaialdiaren Youtubeko kanalean ikusi ahal izango da.

HABI bikoteak bigarren diskoaren aurrerapen abestia aurkeztu du. Lehenengoa bezala, Elkar estudioan grabatu dute Victor Sanchez soinu teknikariarekin, eta udazkenean argitaratuko dute. Yerai Gasconek (ahotsa eta gitarra) eta Jon Ander Artolak (bateria) osatzen dute Habi, eta 2018an Loratu argitaratu zuten, baita oso harrera ona jaso ere.

ETIKETAK:AmoranteAstea laburreanBurrundadaHabiJulen CobosKai NakaiMapa GalduakUsopop