Musika

badok

2020.06.26

badok

Astea laburrean #4

SKAKEITAN taldeak “Apatia” abestiaren bertsio berri bat plazaratu du Julen Idigoras taldekideak zuzendutako bideoklip baten bidez. Bertan, Sua taldeko Janire Lopezek eta XSakara rap abeslariak kolaboratu dute. Iaz argitaratutako Nola galdu denbora diskoan jasotako abestietako bat da “Apatia”. Skakeitan diskoa zuzenean aurkezten hasia zen kooronabirusaren krisiak bira bertan behera uztera behartu zuenean. Data berriak ez ditu ezagutzera eman taldeak, baina baieztatuta dago 201eko otsailaren 6an Azpeitiko Sanagustin kulturgunean joko duela, Sua taldearekin batera.

ASIER LI musikari eta konpositoreak ‘Horrela bizitzeko’ proiektua osatzen duten sei diskoetatik bigarrena kaleratu du Asier LI musikariak. Nihaur izenburua jarri dio abesti bilduma honi, Asier LI bera baita subjektuaren eraikuntzari buruzko gogoetaren objektu eta subjektu. Diskoaren aurkezpen gisa, Hodei Ezeiza Zalduak egindako bideoklipa estreinatu dugu aste honetan, “Eztia bailitz” abestiarena. Kanta horretan Ana Belen Garcia organo jotzaileak eta Enrique Azurzak zuzendutako KEA Ahots Taldeak kolaboratu dute.

— CEBRIDAY musika topaketa ospatuko dute uztailaren 3an Mendaron (Gipuzkoa), duela aste batzuk zendutako Carlos Cebrian musikariaren omenez. Lagun arteko topaketa musikal bat izango da, Cebrianekin hainbat proiektutan parte hartu zuten lagunek haren ibilbideko hainbat pasarteri errepaso bat emango diote zuzeneko musikaren bidez. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da ekitaldia Santa Kuzkuko parkean —Azpilgoeta auzoan— eta sarrera dohakoa izango da aforoa bete arte.

Cebriday afixa

— DIMETAL FEST jaialdia irailean egitekoa zen Diman (Bizkaia), baina beste hainbat festibal handirekin gertatu den bezala, urtebetez atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. 2021eko irailaren 24ean eta 25ean egingo dute, aurtengo ekitaldirako iragarrita zeuden taldeekin —ondoko irudian ikus dezakezu egitarau osoa—. Orain arte erositako sarrera eta bonoek balio dute data berri horretarako. Dirua berreskuratu nahi izanez gero, uztailaren 1etik 15era bitartean egin ahal izango da info@dimetalfest.com helbidean, baita sarrera fisikoen salmenta puntuetan ere.

DIMETAL FEST kartela

2021eko Dimetal Fest jaialdiaren egitaraua.

MOXAL izeneko proiektuaren lan berria plazaratu du Hannot Mintegiak. Gela batean 50eko hamarkadako Sovereing gitarra akustiko batekin ondutako lana da Arrebetxe (Forbidden Colours), kantuak eta pasarte instrumentalak biltzen dituena. “Danak onak” abestiaren bideoklipa estreinatu dugu aste honetan.

— GAZTEA MAKETA LEHIAKETAKO finala jokatu da aste honetan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Raitx taldeak eraman du sari nagusia —5.000 euro— eta Kilimak taldeak Entzuleen saria —2.500 euro—. Deñe eta Klermoon ziren beste bi finalistak. Rakel Arenaza buru duen proiektua da Raitx, eta duela hilabete batzuk argitaratu du bere lehen diskoa, Abereek erantzungo balute (Balio Dute). Ondoko bideoan duzu ikusgai Raitxek Kultur Kutxa Gauak egitarauaren barruan duela egun batzuk Donostiako Tabakaleran eskainitako kontzertua.

— OUTLET MUSIKALA antolatu du Baga-Biga diskoetxeak datorren asterako Mungian (Bizkaia). Hitzaldiak, emanaldi akustikoak eta disko sinaketak izango dira ekainaren 29tik uztailaren 5era bitartean, Zubikoan. Ondoko irudian duzu egitarau osoa.

Outlet Musikala

Baga-Biga diskoetxeak antolatutako Outlet Musikalaren egitaraua.

EZPALAK bigarren diskoa grabatzen ari da, udazkenean argitaratzeko asmoarekin. Dena den, aurrerapen abesti bat plazaratu du Gipuzkoako Urola bailarako taldea. “Itzala” izenburua du eta hemen entzun dezakezu. Grises, Voltaia, Bulego eta Les Moth taldeetako kideek sortu zuten Ezpalak 2019an eta urte berean kaleratu zuten lehen diskoa.

Ezpalak 2020

Ezpalak laukoteak udazkenean argitaratuko du bigarren diskoa.

ETIKETAK:Asier LIAstea laburreanBaga BigaBulegoCarlos CebrianDeñeDimetal FestEzpalakGaztea Maketa LehiaketaKilimakKlermoonMoxalRaitxSkakeitanVoltaia