Musika

badok

2020.06.19

badok

Astea laburrean #3

- KONTZERTUEN AGENDA osatzen hasi gara. Oraingoz ez du ematen ostiralero asteburuko kontzertuekin kantu zerrenda bat egiteko genuen ohitura berreskuratzeko —eta, dirudienez, tarte luze batean horrela izango da, pandemiaren aurretik genuen kontzertu eskaintzaren oparotasunera itzuli aurretik—, baina hiru hilabeteko konfinamenduaren osteko egoera berrira —aforo mugatuak, musukoen erabilera, eserlekuen arteko distantzia…— egokitutako lehen emanaldiak iragartzen hasi dira dagoeneko. Haien berri jaso ahala post honetan bilduko ditugu.

Kontzertu agenda

Ezkerretik eskuinera, goitik hasita: Liher, Lou Topet, Ruper Ordorika, Ro, Joseba Irazoki eta Lagunak, eta Bulego.

- NØGEN taldeak kanta berria zabaldu du, hurrengo diskoaren aurrerapen gisa. “Mila aldiz” abestia Haritz Harreguy Estudioan grabatu dute eta Ander Perez de Arenazak sortutako animazioa lagun duen bideoklip baten bidez eman dute ezagutzera.

-IGOR SAN JUAN bakarlariak disko berria kaleratu du, bere bigarrena. Lehen diskoko jazz moldaketak alde batera utzita, Gero, geroko, gero izenburuko lanean pop-rock ildo abestiak bildu ditu Aramaioko kantu egileak. Axular Arizmendirekin grabatu du AME estudioan, eta Txuma Murugarren, Iker Lauroba eta Eñaut Zubizarretaren kolaborazioa izan du. Hemen entzun dezakezu.

Captura de pantalla 2020-06-15 a las 08.22.42

Jon Etxeberriak egin du diskoaren azala.

- HILOTZ taldeak bere hurrengo diskoaren aurrerapen abestia plazaratu du, “Pertsona, terrorista”. Lasarte-Oriako metal hirukotearen bigarren lana, Aske, irailaren 15ean argitaratuko du Maldito Records diskoetxeak.

- DONOSTIAKO JAZZALDIAk aurtengo egitaraua aurkeztu du eta bertan Euskal Herriko hainbat musikarik izango dute lekua. Joseba Irazoki eta Lagunak Viktoria Eugenia antzokian ariko da, Oreka TXtaldeak Koklea diskoa aurkeztuko du Trinitate plazan, Mikel Azpiroz eta Paul San Martin piano jotzaileek bakarkako saioak eskainiko dituzte… Iñaki Salvador ere jaialdira itzuliko da eta bi emanaldi eskainiko ditu, bata Chano Dominguezekin eta bestea Jorge Pardorekin. Uztailaren 22tik 26ra egingo dute jaialdia. Egitarau osoa hemen.

- ESKEAN KRISTÖk “Bill Gatesen errua da” abestia kaleratu du, konfinamenduan sortu eta grabatutakoa.

- SARA ZOZAYA abeslariaren lan berria kalean da jada. Otsailaz geroztik hilero kantu bat zabaldu du Zozayak plataforma digitaletan, azkena gaur bertan. (Bat) izenburuko EPak bost abesti biltzen ditu, eta besteak beste Benito Lertxundiren kolaborazioa du. Hemen entzun dezakezu lan osoa, eta gehiago jakin nahi izanez gero, berriki egin genion elkarrizketa irakurri dezakezu.

- IZATEFALTSUA taldeak bere hirugarren diskoa plazaratu du, Amorru bizia. Gor diskoetxeak banatuko du Amurrioko boskotearen lan berria. Hemen entzun dezakezu.

Amorru bizia

Izatefaltsuaren lan berriaren azala.

- KEPA JUNKERAk jasoko du Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak urtero ematen duten Adarra saria. Epaimahaiak kontuan hartu du, besteak beste, “Kepa Junkerak bere disko-produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez euskal musikari egin dion ekarpen handia, erakutsitako jakin-mina eta musika-adimena, zeinei esker era askotako inguruabar eta arte-giroetara egokitzen jakin baitu, nazioartean duen proiekzioa eta euskal musikaz egin duen zabalkundea, tradizioaren alderako atxikimendua eta begirunea, eta berrikuntzarako gaitasuna”. Saria ekainaren 21ean banatu ohi da, baina aurten ez da horrela izango. Aurrerago jakinaraziko den datan eskuratuko du musikari bilbotarrak saria. Aurreko urteetan, Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari eta Berri Txarrak izan dira sarituak.

kepa-junkera-auditori-1518195976638

Kepa Junkeraren ibilbidea aitortza egin dio Donostiako Udalak Adarra sariarekin.

- BERRI TXARRAK proposatu dute Lekunberri eta Larraungo udalek Vianako Printzea saria jasotzeko. Nafarroan inoiz sortutako rock talderik garrantzitsuenetako bat dela eta euskaraz abestuz Euskal Herriko mugak gainditzea lortu duela nabarmentu dute bi udalek. Aralar Musika Eskolak ere bat egin dute proposamenarekin. Taldea iaz banandu zen 25 urteko ibilbidea egin eta gero.

- FERMIN MUGURUZAk single bat kaleratuko du bihar, larunbata, disko denda txikien garrantzia nabarmendu nahi duen Record Store Day ekimenarekin bat eginez. “Ulrike Meinhof-Muxu Molotov” eta “Black is Beltza” abestien erremix bana bilduko ditu singleak.

ETIKETAK:Adarra SariaAlbisteakBerri TxarrakFermin MuguruzaHilotzIgor San JuanIzatefaltsuaJoseba Irazoki eta lagunakKepa JunkeraNogenOreka TXSara Zozaya