Musika

badok

2020.11.27

badok

Astea laburrean #20

⊕ DURANGOKO AZOKAk Zu non, han DA! izeneko egitasmoa jarri du martxan. Hego Euskal Herriko zortzi udalerritako hamar aretotan kontzertuak egingo dituzte abenduaren 5etik 8ra, eta 32 taldek parte hartuko dute. Kontzertuak areto hauetan izango dira: Araban, Amurrioko Burubion eta Gasteizko Jimmy Jazzen; Bizkaian, Ondarroako Beikozinin, Bilboko Euskalduna jauregian eta Bermeoko Kafe Antzokian; Gipuzkoan, Donostiako Dabadaban eta Dokan, eta Azpeitiko Soreasun eta San Agustinen; eta Nafarroan, Atarrabiako Totemen. Kontzertuetarako sarrerak  www.durangokoazoka.eus webgunean daude salgai.

Zu non han da egitaraua

‘Zu non, han DA!’ ekimenaren egitarau osoa.


⊕ N2OGU hip hop kolektiboak binilozko single bat plazaratu du Beat Salad Records zigiluarekin. Hego Euskal Herria abiapuntutzat duen underground kolektiboa da N2ogu. Ideia zabal, kolektibo eta parte-hartzaile bat da, non haren nukleo nagusia, besteak beste, hauek osatzen duten: Sabio, Itsua, Dirty Moyo, Fat Fish, Gunflow eta Peio. Hau da kolektibo gisa kaleratzen duten lehen argitalpena, eta pirilean zendutako Ioritz Solaetxe El Puto Ior rap abeslari eta kolekiboko kideari eskaini diote omenaldi gisa.


⊕ HIBAI ETXEBARRIA musikariak Goxokiak izeneko lana argitaratuko du abenduan. Pandemia garaian idatzi eta grabaturiko 10 abesti biltzen ditu eta 120 musikarik hartu dute parte, tartean Yogurinha Borova, Zuriñe Hidalgo, Aitor Etxebarria eta Ruben Salvador. Diskoa bi formatutan argitaratuko da: pendrive batean —goxoki bat bezala bilduta— eta CDan. Horrez gain, Durangoko Azokarako Abenduaren 7an Durangoko Azokan aurkeztuko du diskoa zuzenean. Aurrerapen gisa, “Azukre pixkat” plazaratu du Hibaik, NAZ hirukotearen kolaborazioarekin.


⊕ BULEGO taldeak EP berria kaleratuko du aurki eta Azpeitiko Soreasu antzokian aurkeztuko du abenduaren 4an, bi kontzertutan. Aste honetan “Gure izarrak” abestia eman du ezagutzera boskoteak.


⊕ ANDER UNZAGA pianistaren lehen diskoa kalean da, // /// (Forbidden Colours). Iruñeko kontserbatorioan ikaskide izandako bost musikarik lagundu diote Unzagari diskoa grabatzen: Eric Deza (gitarra; Deus Ez taldeko kidea), Aritz Ostolaza (saxofoia), Urko Peral (baxua), Ruben Sanchez (bateria) eta Erika Imizkoz (ahotsa). Unzagak berriz, Steinway piano bertikal zahar bat jo du. Izenbururik gabeko zortzi pieza instrumental biltzen ditu diskoak, jazzetik abiatzen direnak, hala instrumentazioarengatik nola inprobisazioak duen garrantziarengatik, baina pasarte esperimental eta minimalistak ere barnebiltzen dituztenak.


⊕ WILLIS DRUMMOND agertokietara itzuliko da abenduan, eta taldekide berri batekin egingo du. Vincent Bestaven Botibol taldeko kideak bat egingo du hirukotearekin eta teklatuak, gitarra eta ahotsa erantsiko dizkie haren abestiei. Garai bereziendako kontzertu berezia emanaldi sorta iragarri berri du Willis Drummonek. Abenduaren 7an Errenteriako Niessen aretoan joko du, Tinnitus taldearekin batera. Emanaldi horretarako sarrera guztiak saldu dira dagoeneko. Beste horrenbeste gertatu da abenduaren 12an Oñatiko Gaztelekuan eskainiko duen kontzertuarekin. Abenduaren 19an Azpeitiko Soreasu antzokian izango da Willis Drummond. Hurrengo hiru emanaldiak 2021eko urtarrilean izango dira: 16an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 22an Andoaingo Bastero Kulturgunean eta 30ean Miarritzeko Atabal aretoan.

unnamed-19

Jurgi Ekiza, Felix Buff, Xan Bidegain eta Vincent Bestaven taldekide berria.


⊕ NØGEN taldeak Under alt bigarren disko luzea argitaratu du. Bederatzi kantu bildu ditu disko berrian, eta estilo berari eutsi arren, taldearen «eboluzio naturala» islatzen duela uste du taldeak. Abenduan hasiko dute aurkezpen bira, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eta Bilboko Euskalduna jauregian.

10458455

Markel Idigoras, Eider Saez, Olatz Cuevas eta Alex Irazusta, diskoaren aurkezpenean. (Gorka Rubio / Foku)


⊕ PACO ETXEBERS soinu teknikari eta kantu egileak bigarren diskoa plazaratu du, Planeten lerroa (Egilea editore). Folk kutsuko 14 konposizio biltzen ditu, horietako lau instrumentalak dira eta beste lau ingelesez abestu ditu Pacok.

Planeten lerroa

‘Planeten lerroa’ diskoaren azala.


⊕  GAZTEA SARIAK banatu dituzte ostegun gauean Donostiako Kursaalen. Bederatzi sari banatu zituzten eta horietatik hiru Zetak taldeak eraman zituen: konfinamenduan sortutako abesti onena (“Zeinen ederra izango den”), zuzeneko onena eta talde onena. Izaro kantariak berriz, bi sari eraman zituen: bideoklip onena (Ander Merinok zuzendutako “Invierno a la vista”) eta urteko abesti onena (“Libre”). Disko onenaren saria Skakeitan taldeak jaso zuen Nola galdu denbora lanagatik. Berri Txarrak eraman zuen urteko gertakizun/ekimenari emandako saria, iaz Ikusi Arte birari amaiera emateko Navarra Arenan egindako kontzertuengatik —Gorka Urbizuk jaso zuen saria eta datorren urtean estreinatuko den Dardara filmeko irudi batzuk aurkeztu zituen—, eta Sua taldeak artista hasiberriari emandakoa.Gaueko unerik hunkigarriena Iñigo Muguruza zenari ibilbide osoaren saria ematean gertatu zen. Jon Maia bertsolariak Kantu bat gara testua irakurri zuen eta ondoren Muguruzaren alabak igo ziren Kursaaleko oholtzara oroikurra jasotzera, ekitaldira bertaratutako guztiek, zutik jarrita, bi minutuko txaloaldia eskaintzen zieten bitartean.

Zetak Gaztea saria moztuta

Pello Reparaz, Zetak-ek jasotako hiru garaikurrekin.


⊕ GATIBU taldeak Musikak salbatuko gaitu diskoaren aurrerapen abestia aurkeztu du. “Egurre emon” du izenburu eta taldeak azaldu duenez, Gatiburen betiko estilora lerratzen bada ere, salbuespena da diskoan, rock klasiko gutxiago eta bluegrass, funky eta musika elektronikaren pintzelkadak baititu lan berriak. Abenduaren 4ean jarriko dute salgai diskoa.


⊕ OLATZ SALVADOR abeslariak ere lan berriaren singlea plazaratu du, “Euria”. Pablo Novoa gitarristak ekoitzi du Salvadorren bigarren diskoa, eta hiru musikarik osatutako taldeak lagundu dio abeslariari: Jagoba Salvador (baxua), Mattin Saldias (gitarra) eta Ander Zulaika (bateria). Abestiak arriskatzearen beldurra eta balioa aldarrikatzen du. Aiora Poncek zuzendu du bideoklipa eta bertan azaltzen dira Elene Carreto dantzaria eta Olatzen amona Maria Dolores Gil.


⊕ RAFA RUEDAk ere bideoklip berria du, Rueda diskoari hasiera ematen dion “Ihes puntua” abestiarena. Oier Aranzabalek zuzendu du bideoklipa. Gitarra, ahotsa, elektronika eta literatura uztartu ditu Ruedak, orain arte ez bezalako hautu estetiko bat egin du, eta mugarri bat ezarri du bere bakarkako ibilbidean.


⊕ BESTE BAT zuzeneko arteen zirkuitua sortu du Euskal Herriko Musika Bulego elkarteak, Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin eta Lakuako Gobernuak finantzatuta. 2020ko azaroan eta abenduan eta 2021eko urtarrilean eta otsailean, hainbat arte-diziplinatako 250 emanaldi baino gehiago eskainiko dira. Gehienak musika-kontzertuak izango dira (%80), baina antzezlanak, dantza-ikuskizunak eta zirku-funtzioak era badira egitarauan. Bizkaiko, Arabako eta, batez ere, Gipuzkoako areto eta antzokietan eskainiko dituzte. Informazio gehiago hemen.

ETIKETAK:Beste BatBulegoDurangoko AzokaGatibuGaztea sariakHibai EtxebarriaN2OGUNogenPacoWillis Drummond