2020.11.13
⊕ A. MAIAH gitarrista gasteiztarrak Psychedelic Populism Vol. 2 argitaratu du, duela hilabete batzuk kaleratutako bildumaren bigarren atala. Lan honetan, gitarra elektrikoaz gain sintetizadorea ere erabili du Erizo eta Viva Bazooka taldeetako kideak inprobisazioan oinarritutako konposizioak eta sustraidun musikaren eta musika garaikidearen arteko uztarketak lantzeko. Egileak berak drone/ambient/folk etiketa jarri dio bere musikari. Jarraian duzue abuztuan Burgosen (Espainia) eskainitako kontzertuan grabatutako bideoa, lan berriko bi pieza joz.
⊕ NABIL bakarlariak —Unai Egia lekeitiarra— Sukar-ametsak lan berriari izenburua ematen dion bideoklipa zabaldu du, zeinean Iñigo Arrasate Txapelpunk-ek egiten dituen aktore lanak. Kantautore klasikoaren soinua dakar Nabilek sei abestiz osaturiko EP honetan. Bizitzen berriro ikasi behar izan duen edozein pertsonari buruz hitz egiten duen lana da.
⊕ ANDER UNZAGA pianista bilbotarrak bere bakarkako lehen lana argitaratuko du aurki. Travelling Brothers taldearekin ezagutu dugu gehienok Unzaga, blues bandarekin mundua zeharkatu eta ehunka kontzertu eskaini baititu. Forbidden Colours zigiluak argitaratuko du // /// izenburuko lana. Izenbururik gabeko zortzi pieza instrumental biltzen ditu diskoak, jazzetik abiatzen direnak, hala instrumentazioarengatik nola inprobisazioak duen garrantziarengatik, baina pasarte esperimental eta minimalistak ere barnebiltzen dituztenak. Hauxe da diskoa iragartzeko aste honetan estreinatu dugun teaserra.
⊕ XABI SOLANO MAIZA trikitilariak azken puntua jarri dio partituren trilogiari.Trikitixa Liburua III plazaratu du 5Gora eta Elkar argitaletxeekin. Hogeita bat piezaren partiturak bildu ditu, eta Solano anaiarrebak: Zaharrak berri diskoarekin osatu du liburua.
⊕ GATIBU taldearen disko berriak Musikak salbatuko gaitu izenburua du eta abenduaren 4an argitaratuko da. Lacasamurada estudioan grabatu du laukoteak, Jordi Mora eta Ricky Falkner ekoizlearekin, eta sei abesti biltzen ditu, horien artean taldearen 20. urtemuga ospatzeko duela hilabete batzuk zabaldutako “Bixotzetik”. Diskoa aurrez erosteko aukera ireki du taldeak.
⊕ GERNIKAKO ASTRA gune autogestionatuak Sara Zozaya, Amorante eta Iker Lauroba eta Beste Urtaroak-en kontzertuak hartuko ditu azaroaren. Hilaren 13an, 20an eta 27an izango dira, hurrenez hurren, 19:00etan hasita eta 10 euroko salneurriarekin. Iker Laurobak aste honetan argitaratu du Udaberria diskoa.
⊕ TXOMIN LARRONDE musikariak bakarkako bigarren diskoa plazaratu du Txo izenpean. Konfinamenduan sortutako lana da Bordagaineko dorretik, etxean grabatua, eta musika estilo ugari biltzen dituena (pop-rocka, reggaea, elektronika, folk aireak…). “Nire umorearen arabera izaten da. Egia da aurten ez naizela biziki alai, denek, bezala eta ohargarria da hitzetan”, azaldu du Txakun taldeko kide ohiak.
⊕ URTZ taldearen abesti ezagunenak biltzen dituen diskoa argitaratuko du Gor diskoetxeak azaroaren 20an. Bizitzarekin dantzan izeneko bildumak Pasaiako (Gipuzkoa) taldearen disko guztietako 16 abesti jasotzen ditu, “audientzien eta denda dijitalen kopuruak” kontuan hartuta aukeratuak izan direnak. Gor diskoetxearen iritziz, “justizia egiten dio” bilduma honek Urtz taldeari. Aurrerapen gisa, “Kaleak gureak izango dira” zabaldu dute.
⊕ UNAI PELAYO musikari donostiarrak (Pelax, Physis Versus Nomos) Burrundaria diskoa argitaratuko du aurki. Bertan behera geratu den film baten proiekturako sortutako musika jaso du lan horretan. Diskoak bederatzi pieza instrumental biltzen ditu eta horietako bat, “Anomalia”, hemen entzun dezakezu aurrerapen gisa.
⊕ ZETAK Pello Reparazen proiektuak abesti berria aurkeztu du, “Hitzeman”. Kataluniako Oques Grosses taldearekin elkarlanean egindako kantua da eta abenduaren 2an kaleratuko den Zeinen ederra izango den diskoan jasoko du Zetak-ek. Diskoa aurrez erosteko salmenta martxan dago jada.
⊕ ARKUPEHOTSAK egitasmoaren laugarren edizioan parte hartzeko epea zabalik dago. Musikari berriei plaza bat eskaini nahi die Azpeitiko Kulturaz kooperatibak bultzatutako ekimenak; horretarako, deialdi bakoitzean hautatutako abeslari eta taldeei Sanagustin kulturguneko arkupean jotzeko aukera ematen die, eta zuzenekoan jotako abesti baten bideoa grabatzen die, sustapen gisa erabili dezaten. Aurreko urteetan bezala, BADOK ataria egitasmoaren bidelagun da. Informazio gehiago, hemen.