2020.10.30
⊕ IKER LAUROBAk urtaroei eskainitako diskoen hirugarren alea grabatu du jada eta aste honetan aurrerapen bat plazaratu du. Udazkena eta Negua argitaratu ondoren, Udaberria-ren txanda da. Diskoari izenburua ematen dion abestiaren bideoklipa zabaldu du kantari donostiarrak. Haren ohiko kolaboratzaile Imanol G. Gurrutxagak zuzendu du oraingoan ere ikus-entzunezko lana.
⊕ PEIO ETA ITSUA bikoteak lehen diskoa plazaratu du, Jostailua eta harria (Beat Salad Records). Boom-bap erritmo berritzaileak sortzeko helburua abiapuntu izanda, Itsuaren biniloetako lagin zikinak eta Peio Azkarateren letra bizkor eta mezudunak konbinatzen ditu. Osorik entzun dezakezu hemen.
⊕ LOU REED hil zela zazpi urte bete dira aste honetan —urriaren 27an— eta urtemugaren harira omenaldi txiki bat egin nahi izan diote hainbat musikarik. Hain zuzen, 2014an argitaratutako Lou Reed, mila esker diskoari beste kantu bat gehitu diote, bonus track gisa, The Velvet Underground-en “Rock and roll”, hau ere euskarara ekarrita. Andoni Basterretxeak jarri dio ahotsa, eta grabazioan parte hartu dute Karlos Aranzegik (bateria), Karlos Osinagak (baxua), Paco Locok (gitarra eta moldaketak), Ernesto Valverdek (gitarra), Joaquin Pascualek (melotroia eta pianoa) eta Don Inorrezek (koruak). Diskoan bezala, Txuma Murugarrenek itzuli ditu jatorrizko hitzak ingelesetik euskarara eta Jonan Ordorikak egin du ekoizpena.
⊕ RAFA RUEDAK azaroaren 13an aurkeztuko du Rueda, bere seigarren diskoa. Hiri kristalezkoa diskoak irekitako bidean beste urrats bat eman du Mungiako (Bizkaia) kantariak, eta ahotsa, elektronika eta gitarra beste osagairik ez duen diskoa ondu du. Aurrerapen gisa, “Foto zaharrak” kantua plazaratu du, Iñigo Astiz poetaren hitzak irakurtzeko aukera ematen duen bideoklip batez lagunduta.
⊕ NABIL Unai Egia lekeitiarraren proiektuak Sukar-ametsak izeneko lana plazaratu du. Sei abestik osatzen dute, Bedroom estudioan gitarra eta ahotsaz bakarrik grabatutakoak. Naturaren elementuetan oinarritutako bost diskoak bukatu ondoren, bakar-bakarrik datorkigu bere soinua, estiloa eta estetika berriturik. Osorik entzun dezakezu hemen.
⊕ HIRIKO SOINUAK lehiaketaren irabazleak ezagutarazi dituzte. We Are Apes, Hello! bikoteak eraman du sari nagusia, eta Lamiak taldeak euskarazko artistarik onenarena. Berdintasun saria berriz, Maider Legarretak jaso du, eta Indrid taldeari eman diote Barakaldoko artistarik onenarena. Barakaldoko Udalak antolatu du bigarren urtez Hiriko Soinuak lehiaketa. Azaroaren 7an Barakaldo antzokian jotzeko aukera izango dute talde sarituetako bik, We Are Apes, Hello!-k eta Indrid-ek, Depedro taldearekin batera.
⊕ ‘HITZAK HOTS’ diskoa aurkeztu du Pamiela argitaletxeak. Antton Valverdek musikatutako bost emakumezko poetaren olerkiak jasotzen ditu lanak, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiarenak hain zuzen ere. Iazko abenduan Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida-Leku museoan eskainitako emanaldiaren DVDa ere biltzen du argitalpenak. Informazio gehiago hemen.
⊕ VERDE PRATOren lehen diskoak 2021eko otsailean ikusiko du argia, Madrilgo Plan B Music diskoetxearen laguntzaz. Ana Arsuagaren bakarkako proiektua da Verde Prato eta duela urtebete inguru eman zen ezagutzera bere lehen grabazioarekin. Lan hura plataforma digitaletan soilik argitaratu zen, eta bertako kantuetako bat, “Mutilaren kanta”, aukeratu dute diskoaren berri emateko Maria Muriedas artistak egindako bideoklip baten bidez.
⊕ MUSIKARI elkartearen zuzendaritza berria aurkeztu dute. Zazpi emakumek osatzen dute —Izaro Andres, Eneritz Dueso, Garazi Esnaola, Idoia Hernandez, Lide Hernando, Miren Narbaiza eta Olatz Salvador— . Lan hitzarmen kolektiboa, kontratazioetan erregulazio falta eta Artistaren Estatutua dira hurrengo urteetan landu nahi dituzten auzi nagusietako batzuk. Informazio gehiago hemen.
⊕ HATORTXU ROCK jaialdia abenduaren 26an egingo dute aurten, baina ez dute ohiko formatuan egingo. Osasun krisira moldatutako ekitaldia izango da aurtengoa, eta ondorioz, norberak bere etxetik jarraitzeko jaialdia izango da. 24. ekitaldia izango du Hatortxu Rockek.
⊕ GATIBUtaldeak azaroaren hasieran Bilboko Euskalduna jauregian eman behar zituen kontzertuak urtarrilaren 9ra atzeratu dira, alarma egoeran Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri berriak direla eta. Euskaldunako kontzertuetarako sarrerek berdin balio dute data berrirako. Egun berrira joaterik ez ez duenak erosketaren itzulketa eska dezake, idatziz, info@euskalduna.eus helbide elektronikoaren bidez, sarreren kopia erantsita.
⊕ BULEGO taldeak kantu berria kaleratu du, “Kantu bat” izenekoa hain zuzen ere. Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioan hgrabatu du eta Gaztañaga bera izan da ekoizle artistikoa.