2020.10.16
⊕ MOXAL Hannot Mintegiaren bakarkako proiektuaren bigarren diskoa, Arrebetxe, CD formatuan argitaratu du Forbidden Colours zigiluak. Orain arte euskarri digitalean baino ez zegoen. Horrekin batera, Xabier Larrazabalek “Barriro ein” abestiarekin egindako bideoklipa zabaldu dute. Moxalek Arrebetxe aurkezteko bi kontzertu emango ditu datozen asteetan: gaur bertan, Gernikako Lizeo antzokian joko du, eta azaroaren 14an, Galdakaoko Kaiola Festibalean parte hartuko du. Kontzertuotan Jatsu Argaratek eta Txufo Wilsonek lagunduko diote Hannot Mintegiari.
⊕ AURREZ AURRE punk oi! taldeak bere lehen diskoa grabatu du Barakaldoko Rock Factory estudioan. Egunsenti gorria izenburua du eta aurrerapen gisa “Zeru gorria” abestia zabaldu du Beasaingo laukoteak.
⊕ KHAMI taldeak ere prest du lan berria, Mugen dantza izenekoa. Urrian argitaratzekoa den disko horretatik abesti bat aurreratu du. Izen handiko musikariak bildu dira folk talde honetan: Alan Griffin (alboka), Carlos Sagi (perkusioa), Ander Garcia (kontrabaxua), Iraide Ansorena (perkusioa), Kimu txalaparta bikotea eta Garikoitz Mendizabal (txistua).
⊕ JEXUXMAI LOPETEGI kantu egileak bakarkako ibilbidea jaso du Barrakoian 25 urte diskoan. 1994tik hona argitaratutako zazpi diskoetatik 14 kanta aukeratu ditu, eta horietako bi berriz grabatu ditu bilduma honetarako: “Oporrak” eta “Denboratik at”. Zarautzen, jaioterrian, egingo du Lopetegik bildumaren lehen zuzeneko aurkezpena, gaur bertan, Modelo aretoan. Belarri diskoetxeak argitaratu du diskoa, eta Iban del Campok zuzendu du “Dantzari bakartia” abestiaren bideoklipa.
⊕ ‘KANTUEN KONTRABANDISTA’ serie dokumentala filmatzen hasi dira aste honetan. Bi hilabetez, zaldiz, Pantxoa Bergara Xabaltx kantaria herriz herri kantu zaharrak eta galtzeko zorian diren melodiak biltzen joango da gaur egungo artistei transmititzeko. Hondarribitik Larrainera, hiri, herri eta mendietatik pasatuz, hainbat jende topatuko ditu bidean kantu zahar horien kontextu historiko eta soziala aztertzeko. Kantu horiek jasoko dituzten artisten artean daude Lumi, Willis Drummond, Petti, Beñardo Goietxe (Morau, Mugaldekoak), Thierry Biskari eta Oihan Oliarj-Ines (Oihaneko Zuhainetan).
⊕ IPARRAGIRRE ROCK ELKARTEAK kontzertuak antolatzeari ekin dio berriro, Gernika-Lumon. Abendua bitartean, Lenoir & MICE (urriak 25), Ikarass (urriak 30), Liher (azaroak 7), Ezpalak + Bulego (azaroak 20), Cecilia Payne + Arima (abenduak 12) eta Dead Bronco (abenduak 19) izango dira bertan. Emanaldietarako sarrerak iparragirrerrock.com webgunean daude salgai.
⊕ MODUS OPERANDI taldearen bigarren diskoak Dantza gaitezen hil arte izenburua du eta azaroaren 5ean argitaratuko du Baga-biga diskoetxeak. Aurrerapen gisa, diskoari izenburua ematen dion abestia zabaldu du taldeak Gaztea irratian.
⊕ OTXALDE taldearen seigarren diskoa gaur bertan argitaratu du Agorila diskoetxeak. Zubiak izeneko lanak 11 abesti biltzen ditu, gehienak taldeak berak sortutakoak, baina badira Manex Pagolaren abesti baten moldaketa (“Mendiko borda”) eta Irlandako eta zulu etniaren abesti herrikoi bana ere.
⊕ MERINA GRIS da Donostian sortutako proiektu berri baten izena. Ed is Dead ekoizle madrildarrak zizelkatutako “Besteek zer” abestiaren bidez aurkeztu da taldea, eta bere buruari “pop zakarra” etiketa jarri dio. Airaka zigiluak argitaratu du abestia, eta Arrigurik egin du abestiaren bideoklipa.
⊕ DUPLA ETA ITZIAR ITUÑO elkartu egin dira Hamaika Gara ekimenaren abestia sortzeko. Gizarte eredu ezberdin baten alde lanean ari diren hainbat kolektibo biltzen ditu Hamaika Garak. Duplak sortu du abestiaren doinua eta Itziar Ituño aktoreak ahotsa jarri dio.
⊕ DENA hirukoteak bere lehen diskoa kaleratu du, Ezer sentitzeko. Bertan, rock alternatiboko eta posthardcore doinuak bildu ditu, Ruben Bernedo (Braulio) eta Paule Bilbaoren (Arima) kolaborazioekin. Igandean, hilak 16, Ondarroako Beikozini aretoan aurkeztuko du; urriaren 23an Mutrikuko gaztetxean; eta abenduaren 7an Durangoko Azokako Ahotsenea gunean.
⊕ ESTI ETA MIKEL MARKEZ aita-alabek azaroaren 20an kaleratuko dute elkarrekin grabatutako diskoa. Bakoitzak bost kantu ekarri dizkio lanari, eta horietako bat jada zabaldu dute bideoklip baten bidez, Esti Markezen “Oroitzapenek esnatu naute”.
⊕ BASQUE MUSIC plataformak nazioarteko lau azoka profesionaletan parte hartuko du urria eta azaroa bitartean, eta hainbat artistak euren lana aurkezteko aukera izango dute ekitaldi horietan. Horrela, Xabi Aburruzagak showcase bat eskainiko du Budapesteko Womex 20 azokan, urriaren 21ean. Astebete geroago BIME azoka egingo dute Bilbon, eta horren barruan Verde Prato, Dupla eta Bulego taldeek kontzertua eskainiko dute BBK aretoan, urriaren 29an. Bestalde, Zetak Castelloko (Herrialde Katalanak) Fira Trovam azokan izango da, azaroaren 11tik 14ra bitartean; eta azkenik, Verde Prato eta Plágaros-ek showcase birtuala eskainiko dute Sevilla Monkey Week azokan.
⊕ BERATU JAIALDIA azaroaren 4tik 8ra bitartean egingo dute Oñatin. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Markak filmaren emanaldia eta hiru kontzertu hartuko ditu aurtengo ekitaldiak: Los Sara Fontan (azaroaren 6ean), Gaizka Insunza + Aitor Etxebarria (azaroaren 7an) eta Hakima Flissi + Joseba Irazoki (azaroaren 8an).