Musika

badok

2020.10.09

badok

Astea laburrean #13

⊕ DURANGOKO AZOKA salmahairik gabeko azoka izango da aurten. Saltoki fisikoen faltan, salmenta gune digital bat irekiko dute azokak iraun bitartean, abenduaren 4tik 8ra. www.durangokoazoka.eus orrian egin ahalko dira erosketak, baina, horrekin batera, zuzeneko hainbat emanaldi ere antolatuko dituzte Plateruena kafe antzokian eta Landako gunean. Ahotsenean, esaterako, bederatzi kontzertu entzuteko aukera izango da egunero. Eserleku kopuru mugatua izango da, eta izena aurrez eman beharko da.

Durangoko Azoka 2020 kartela

Ane Pikazak egin du aurtengo ekitaldiaren afixa.

⊕ ESANEZIN taldeak crowdfunding kanpaina bat zabaldu du bere lehen diskoa finantzatzeko. Ianire Aranzabek Oriol Floresen laguntzaz sortutako proiektua da Esanezin eta orain arte bi kanta argitaratu ditu, “Altzagarate” eta “Esan ezin”. Bi horiez gain, beste lau kantuk osatuko dute taldearen lehen EPa. Azaroan grabatuko dituzte eta hurrengo urteko otsailean argitaratuko dute diskoa. Crowdfunding kanpainari buruzko informazio gehiago, hemen.

⊕ KAIOLA FESTIBALA azaroaren 14an egingo dute Galdakaon (Bizkaia). Beste hainbat jaialdirekin gertatu den bezala, atzeratu behar izan dute aurtengo ekitaldia, udaberritik udazkenera, baina okerrik ezean egin ahal izango da. Bost izen interesgarri biltzen ditu aurtengo egitarauak: Raül Refree, Aitor Etxebarria, Galgo, Moxal eta Ainara Legardon. Torrezabal kultur etxeak hartuko ditu kontzertuak eta sarrerak laster jarriko dira salgai. Zenbakidun sarrerak izango dira, osasun eta segurtasun neurri guztiak betetzeko.

Kaiola Festibala 2020

Kaiola Festibalaren aurtengo afixa.

⊕ REHIL izenpean, egungo kultur panoramaren kritika egiten duen abestia plazaratu du Liher taldeak: “NHLSM”. Bertan taldearen ohiko estilotik aldendu da eta hip hop doinuetan murgildu da Lide Hernando buru duen laukotea. Liherren ibilbidean “irla bat” izango da kantua, Hernandok Naiz irratian azaldu duenez. Koronabirusaren pandemiarik gabe kantu honek ez lukeela zentzurik izango adierazi du, baina egungo egoeran galdera bat planteatzen du kantuak: “zertarako sortzen dugu?”. Nihilismoak gora egin duela uste du kantariak, “gure bizitzaren norabidearen zentzua galdu dugu, ez dakigu zertarako altxatzen dugun ahotsa”.

⊕ MIKEL URDANGARINen lan berria azaroan helduko da. Izurdeen lekua deituko da Zornotzako (Bizkaia) abeslariaren kantu bilduma berria, eta Alain Urrutia artistak diseinaturiko azala erakutsiko du. Diskoa ez da azaroa baino lehen argitaratuko baina aurresalmenta martxan jarri du *ZARTek bere webgunean. Ohiko musikariekin grabatu du Urdangarinek disko berria, alegia, Koldo Uriartez gain, Jon Cañaveras (baxua), Rafa Rueda (gitarra), Ander Hurtado de Saratxo (bateria) eta Nika Bitxiasvili (biolina). Halaber, Margolaria diskoan bezala, Alison Keable abeslariak kolaboratu du.

Mikel Urdangarin Izurdeen lekura

Alain Urrutiak egin du diskoaren azala.

⊕ KAI NAKAI reggaeton abeslari gasteiztarrak abesti berria aurkeztu du, “Ez dakit”. Hauxe da udazkenean kaleratuko duen diskoaren laugarren aurrerapena. Julen de la Sernak zuzendu du bideoklipa.

DEUS EZ hirukoteak abesti berria plazaratu du, “Gose”, eta Hannot Mintegiak zuzendutako bideoklip batez lagunduta aurkeztu du.

⊕ RAFA RUEDAk azaroaren amaieran kaleratuko du bere disko berria, Rueda. Gitarra, elektronika, literatura eta, batez ere, ahotsa ditu osagai lan horrek. Hiri kristalezkoa diskoan irekitako bideari eutsi dio Ruedak bere seigarren lan honetan. Jon Agirrezabalaga soinu teknikariarekin egin du lan berriz ere Bilboko El Tigre estudioan, eta haren esku utzi du ekoizpen artistikoa, grabaketa eta elektronikaren erabilera. Halaber, hainbat idazlerengana jo du Mungiako kantariak diskoko zortzi abestien letrak osatzeko. Oraingoan, Inge Muller, Joseba Sarrionandia, Iñigo Astiz, Audre Lorde, Mari Luz Esteban, Josu Goikoetxea eta Elena Olaberen testuak musikatu ditu. Baina diskoaren berritasunetako bat ahotsaren pisua da. Musika tresna guztien artean “nagusia” dela azaldu du *ZART kolektiboak, eta hainbat kantutan Euskaria gazte abesbatzaren parte hartzea nabarmendu du.

RUEDA PROMO

Alain Urrutiak egin du Rafa Ruedaren disko berriaren azala.

⊕ IZAKI GARDENAK taldeak lau kontzertu iragarri ditu Dena oskol diskoaren birari amaiera emateko. Urriaren 17an Elorrioko Txintxirri ikastolan joko du, 30ean Ondarroako Beikozini aretoan, azaroaren 21ean Urnietako Sarobe aretoan eta 28an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Bira amaierarekin batera, bi kantuz osaturiko singlea argitaratuko du taldeak binilo formatuan eta euskarri digitalean.

Hogei urteko ibilbidea ospatzeko GATIBU taldeak Bilboko Miribillan aurten eman behar zuen kontzertua azaroaren 7an eskainiko du Gernikako laukoteak Euskalduna jauregian. Hala ere, Miribillako datorren urteko hitzorduari —2021eko azaroaren 13an— eusten diola baieztatu du taldeak. Euskalduna jauregiko kontzerturako sarrerak salgai daude jada.

⊕ XABIER ZABALAk akordeoiari eskainitako disko-liburua argitaratu du, Musika plazan. Nortasun herrikoia duten hamabi doinuk osatzen dute diskoa, eta liburuxkak doinuen partiturak biltzen ditu, musika tresna ezberdinekin (akordeoia, txistua, gaita, biolina, gitarra…) interpretatu ahal izateko. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen abestien egilea da Xabier Xabala, besteak beste, eta haientzat egindako doinu bat jaso du disko berrian, “Hizkuntzen basoa”.

ETIKETAK:Ane PikazaDeus EzDurangoko AzokaEsanezinHannon MintegiaIzaki GardenakJulen de la SernaKai NakaiKaiola FestibalaLide HernandoLiherMikel UrdangarinRafa RuedaRehilurangoko AzokaXabier Zabala