Musika

badok

2020.10.02

badok

Astea laburrean #12

DURANGOKO PLATERUENA kafe antzokiak ateak itxiko ditu abenduaren 31n. Hala erabaki zuten kooperatibako bazkideek astearte arratsaldean, arrazoi ekonomikoek bultzatuta: “Azken urteetan Plateruenak izan dituen zailtasunei COVID-19ak ostalaritzari eta kultur arloari eragin dizkien baldintzak gehitu zaizkie, eta horrek ezinezko egin du orain arteko kudeaketa ereduaren bideragarritasunari eustea”. 2004. urtean zabaldu zuten Plateruena, euskara erdigunean jarri eta euskal kultura nazioarteko sortzaileekin partekatu ahal izateko moduko gune bat izateko asmoz. Urte hauetan guztietan euskal musikaren zuzeneko plaza nagusietako bat izan da Plateruena. Itxieraren albisteak atsekabe handia eragin du sortzaile eta kultur zaleen artean.

PLateruena

Hamasei urteko ibilbidea egin du Plateruena kafe antzokiak. (Juanan Ruiz / Foku)

MUSIKA BULEGOA SARIAK banatu zituzten Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Dupla, Pascal Gaigne, Zea Mays, Baloreak, Euskal Barrokensemble, Maite Larburu, Zukan Hirukotea, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Xabi Aburruzaga izan dira aurten epaimahaiak nabarmendu dituen egileak. Horrez gain, Eresbil artxiboak eta Bilboko Kafe Antzokiak euren lanaren aitortza jaso dute.

Musika Bulegoa sariak 2020

Musika Bulegoa sariak jaso dituzten musikariak  (Jaizki Fontaneda)

IZAKI GARDENAK taldeak  bi kantu berri grabatu ditu Berako (Nafarroa) Atala estudioan eta binilozko single batean argitaratuko ditu azaroaren 12an. Abesti horietako bat aste honetan eman du ezagutzera, “Oasia”. Bestalde, boskote gasteiztarrak Dena oskol diskoaren birako azken kontzertuak emango ditu datozen hilabeteetan. Larunbat honetan, urriak 3, bi emanaldi eskainiko ditu Durangoko Plateruena kafe antzokian —bi saioetarako sarrera guztiak saldu dira dagoeneko—, eta birako azken kontzertua Gasteizko Jimmy Jazz aretoan joko du azaroaren 28an. Tartean, aurrerago iragarriko dituen emanaldi gehiago izango dira.

KEU AGIRRETXEAk abesti berria plazaratu du, “Geruzak”. Koronabirusaren ondorioz Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri eta konfinamendua agindu zuen egunean konposatu zuen Keu Agirretxeak abestiaren doinua. Hitzak berriz, Aiert Goenagak idatzi zituen egun gutxi batzuk geroago, telefonoz bien arteko elkarrizketa izan ondotik. “Hausnartu behar genuke momentuko paradaz, garen horretaz eta izan nahi dugunaz. Geruzaz geruza erantzi”, adierazi dion Goenagak Agirretxeari. Gogoeta horretatik abiatuta sortu zuen letra. Kantuarekin batera bideoklipa zabaldu du Agirretxeak, Ondarroako portuan Eneritz Zeberio dantzariarekin grabatua.

ELKAR diskoetxeak udazkenean argitaratuko dituen lanen berri eman du. Bederatzi disko izango dira, horien artean Habi eta Mila Modu taldeen lan berriak (Koloreak eta Absurdoaren paradisua, hurrenez hurren), Xabier Leteren antologia bat (Ni naiz), Korrontzi eta Xabier Amurizaren arteko kolaborazioa (Koplariak), Antton Valverderen lan berria (Gaua. Ausentziaren itzala), eta hiru berrargitalpen biniloan: Negu Gorriak-en lehen disko homonimoa, Fermin Muguruzaren FM 99.00 Dub Manifest eta Eñaut Elorrietaren Irteera argiak (2019). Halaber, Xabi Solano Maizaren Trikitixa Liburua III disko-liburua ere plazan jarri du Elkarrek, kasu honetan 5Gora zigiluarekin elkarlanean.

JABIER MUGURUZA disko berria grabatzen hasi da aste honetan. Haurrentzako musikaren eremura itzuliko da Muguruza Oker (txakurra da) izenburuko lan honetan. Iñaki Irazuk egin ditu abestien hitzak eta Muguruzak berak sortu ditu doinu guztiak. Grabazioan lagunduko diote Nieves Arillak (ahotsa), Mikel Azpirozek (teklatuak), Jean Marie Ekaik (gitarrak) eta Denis Benarroshek (perkusioak). Haurrentzako abestiez osaturiko laugarren diskoa du Jabier Muguruzak, aurrez Harriaren hiztegia (2016), Nire gorputza (2005) eta Ja ja (1989) kaleratu baititu.

Jabier Muguruza

Jabier Muguruza (Irun, 1960).

EH SONA jaialdia ere bertan behera geratu da koronabirusaren ondorioz. Kontzertuak behar bezala antolatzeko ezintasunaren ondorioz, aurten ez egitea erabaki Bartzelonako Euskal Etxeak. 1996. urteaz geroztik egiten da EH Sona jaialdia, eta Bartzelonan jo ahal izateko duten aukera eskaintzen die euskal musikariei.

Eh sona cancelat

Aurten ez da EH Sona jaialdirik izango.

REDSTONE SOLUK formatu txikiko kontzertuen zikloa udazkenean itzuliko da egitarau oparo batekin. Duela bost urte Ondarroan (Bizkaia) abiatutako ekimena Bilbo eta Iruñera hedatu zen iaz, eta aurten lehen aldiz Ondarroatik kanpo egingo da oso-osorik. Hiru aretok hartu dute kontzertuak aterpetzeko lekukoa: Bilboko Bira guneak, Durangoko Plateruena kafe antzokiak eta Iruñeko Katakrak liburu dendak. Hamar musikarik osatuko dute egitaraua: Joseba Irazoki, MICE, Raitx, Gaizka Insunza, Eneritz Furyak, Pelax, Petti, Maite Larburu, Joseba B. Lenoir eta Jon Gurrutxaga & Urbil Artola. Euskal musikariei euren lana erakusteko leiho bat eskaintzea, herritarrak euskal musikara gerturatzea eta transmisioa lantzeko bitartekoa izatea dira ekimenaren helburuak.

Redstone afixa

Hamar musikarik hartuko dute parte aurtengo egitarauan.

ETIKETAK:EH SonaElkarIzaki GardenakJabier MuguruzaKeu AgirretxeaMusika BulegoaMusika Bulegoa SariakPlateruenaRedstone Soluk