Musika

Miren Garate

2019.05.06

Miren Garate

Aspaldiko ezagunak

Bada tradizio bat Itziarren (Gipuzkoa) duela 40 urtetik: soinu jotzaile baten laguntzarekin, txaranga bat osatzen dute bonboa, txapak, turuta, danborra eta beste hainbat tresna jotzen dituzten herritarrekin. Hogeitaka urtean bonboa jo izan du Alejandro Irizarrek txaranga horretan. Alabaina, dultzainak ere eragiten zion tiradizoa, eta, 50 urte bete zituenean, sorpresan, oparitu egin zioten etxekoek. Hura ikasteari ekin zion, eta, bizpahiru urterako, instrumentu horrekin ari zen txarangan. Hango kidea zen Jon Ostolaza ere, eta han ezagutu zuten elkar —aita du Itziarkoa Ostolazak, eta emaztea Irizarrek—. Soinuaren eta dultzainaren arteko nahasketak sortzen duen efektuak erakarrita, badira hamar urte elkarrekin aritzen direla, eta beste urrats bat egin dute orain, Osto eta Ale (Gaztelupeko Hotsak) diskoa kaleratu baitute.

'OSTO ETA ALE'

Alejandro Irizar dultzaina jotzen eta Jon Ostolaza soinuarekin, ¡Osto eta Ale¡ diskoaren aurkezpenean. (Jon Urbe / Foku)

Ostolazaren esanetan, soinuaren eta dultzainaren arteko konbinazio horretara oso ohituta daude Itziarren: «Jendeak esan digu diskoa entzunda festak etortzen zaizkiela burura, kopraixak». Itziartik kanpo jo izan dutenean, ordea, harriduraz begiratu izan diete. «Guk ez ezik, beste azkoitiar batzuek ere jotzen omen dute elkarrekin, baina lehen hain sarri ikusten zena orain galduta dago ia erabat». Duela 180 urte inguru sartu zen soinu txikia Euskal Herrira, eta hemengo musika jotzen hasi ziren orduko trikitilariak: «Txistulariena, albokariena baina batez ere dultzaineroena jotzen zuten. Badakigu hasiera hartan eta XX. mendean dultzaineroek eta trikitilariek elkarrekin sarri jotzen zutela». Badaude hori egiaztatzen duten argazkiak. Alabaina, bi instrumentuen arteko elkarlana biltzen duten diskoak gutxi dira. «Guk bi ezagutzen ditugu soinu txikia eta dultzaina protagonista dituztenak: Astiazaran anaiek eta Juan Mari Beltran-ek ateratakoa eta Beltranek berak soinu handiarekin eta txikiarekin ateratakoa».

Beren diskoaren bidez, horiei jarraipena eman nahi izan die bikoteak. Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko estudioan grabatu dute, Fredi Pelaez teknikari zutela, eta hemezortzi abestirekin osatu dute. Horietako batzuk propio sortu dituzte diskorako, eta beste batzuk, berriz, pieza zaharrak dira. «Uste dugu, gainera, trikitilariok jotzen ditugun pieza asko, guk ez dakigula, dultzaineroetatik datozela, moldeagatik». Kontatu dute errepertorio tradizionala sartu dutela diskoan: arin-arinak, fandangoa, kalejirak, baltsak, polka mexikarrak, «eta, berrikuntza bezala, kunbia». Soinua, dultzaina eta panderoa dira protagonistak, eta kantu batzuetan perkusio pixka bat ere sartu dute. Ostolazak berak jo du panderoa grabaketan, eta zuzeneko emanaldietarako beste pandero jotzaile batzuei eskatuko diete beraiekin aritzeko.

Itziartarren partaidetza
Itziarrekin duten lotura medio, hango herritarrek ere diskoan parte hartzea nahi izan dute, eta besteak beste, Aitor Zubikarai, Ander Zulaika eta Joxe Salegi Lizarreta hango bertsolariek idatzi dituzte abesti berrietako hitzak. Horrez gain, azken kantua ere Itziarri eskaini diote. «Auzo udala da duela lau urtetik, eta auzo udaletan jende askok zenbat lan egiten duen aipatu nahi izan dugu». Bertso sorta batekin osatu dute azken kantu hori, eta ez dute Ostolazak eta Irizarrek kantatzen, haiekin batera txarangan ibiltzen direnek, Ostolazaren ikasleek eta beste zenbait herritarrek baizik. «Zero kilometroko produktua da», esan du Irizarrek.

Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak-eko kidearen esanetan, garai onean dator Osto eta Ale lana. «Garai batean, root estiloko musika asko kaleratzen zen, baina azkenaldian ez hainbeste, motelago dago ekoizpena. Uste dugu disko honek ekarpena egiten diola estilo horri». Joan den larunbatean egin zuten lanaren aurkezpena, Itziarren bertan. «150 lagun inguru elkartu ginen afarian eta geroko erromerian, eta oso pozik geratu ginen». Gaur, berriz, Erromeria Eguna egingo dute, eta han ere arituko da bikotea. Dultzaineroak, albokariak, fanfarrea eta joaldunak eta abar elkartu ohi dira egun horretan. Goizean kalejira eta herri bazkaria egiten dituzte, eta arratsaldean txandaka jotzen dute zuzeneko emanaldian.

ETIKETAK:Alejandro IrizarGaztelupeko HotsakJon OstolazaOsto eta Ale