2020.04.30
Duela aste batzuk iragarri genuen bezala, Asier LI abesti egile eta konpositoreak (Beasain, Gipuzkoa, 1979) sei lanez osaturiko proiektua argitaratuko du datozen hilabeteetan. Horrela bizitzeko du izenburu eta “saiakera musikal fikzionatu” gisa definitu du egileak. Bildumaren lehen alea, Formazio duala, BADOK atarian entzun dezakezu jada. Soinuaren ekoizpena Surround 5.1 formatuan egin du, etorkizunean zinema aretoetan bilduma osoaren aurkezpen bateratu bat egiteko asmoz, eta ondorioz lehen disko hau bi bertsiotan argitaratu du: ohiko stereo bertsioan eta binaural bertsioan. Azken horrek 360 graduko sentsazioa sortzen du aurikularrekin entzunez gero, eta hori da hemen bertan entzun daitekeena.
Formazio duala pieza bakarreko lana da, eta bere baitan hainbat abesti eta mikro-abesti gorpuzten dira, mekanikotasun itxuraz asistematiko baten menera, ambient soinu-paisaia, irratsaio eta soinu-olerkigintza esparruekin batera. “Hau ez da” diskoaren aurkezpen abestiaz gain, beste abesti oso bat ere biltzen du, baita KEA Ahots Taldearekin grabaturiko pasarte bat ere, hurrengo aleetan abesbatzak izango duen garrantzia aurreratuz. Kea Ahots Taldeaz gain Ana Belen Garcia organo jotzaileak ere parte hartu du proiektuan.
Horrela bizitzeko proiektuko ale bakoitza autonomoa da eta disko baten bereizgarritasun eta osotasuna dauka, baina bildumak “batasun narratibo bat” gordetzen duela adierazi du egileak. Musikaz ez ezik, lehen alearekin batera liburu bat argitaratuko du, zeinean disko guztietako testuak bilduko dituen. “Entzuleak lehen aleari dagozkion testuen bila arakatu beharko du liburua. Eta prozesu bera egin beharko du musika ale bakoitzarekin”, azaldu du musikariak. Horrela, sei aleak argitaratzen direnean lau ordu inguruko entzun-irakurraldia egin ahal izango da.