Musika

Antton Iturbe

2014.07.09

Antton Iturbe

Arto Artian-en aro berria

Musika banatzailea, edukien erakustokia, sortzaileentzako plataforma, musikari eta zaleentzat eztabadaidarako eremua, musika esperimental eta txikien gaurkotasunezko bloga, filosofia eta pentsakera etiko eta estetiko jakin baten adierazpena… Era askotara azaldu daiteke Arto Artian-en jarduna eta izaera. Eta denak zuzenak izan arren, aldi berean motz geratzen dira. Jaio zen une beretik etengabe aldatzen eta bilakatzen ari da, oinarritzat duen antolakuntza asanblearioari lotuta, barne eztabaida etengabean. Nekearen poderioz edo bilakaera horren norabidea ezin ezartzearen ondorioz, edo auskalo zergatik… jarduera ezaren eraginez hiltzeko zorian ere egon da. Baina azken bolada honetan indarberrituta dator. Web orria eraldatu eta eguneratu dute, eta erreferentzia berri pare bat sartu ere: Gora Japon eta Bazterrak. Eta batipat, ekainaren 14an Gernikako Astran antolatu zuten Astro Artian jaialdiak ederki aditzera eman zuenez, bada etorkizun bat Arto Artian ekimenarentzat eta bere barnean kokatzen diren taldeentzat.

Magmadam

Magmadam bikoteak Astro Artian festan eskainitako emanaldiaren irudia. (Arto Artian)

Arto Artian-en jarduna egungo euskal musikaren testuinguruan kokatu ahal izateko egokia iruditu zait 2007ko abenduan Entzun! aldizkarirako idatzi nuen artikulua berreskuratzea eta bertan esaten ziren gauzak gaurko ikuspuntutik begiratzea. Garai hartan Akauzazte taldeko Joxe eta Arra, Inma Paralux eta Tzesne izan nituen solaskide eta haien burutazioak, kezkak eta desioak jasotzen saiatu nintzen artikuluan. Testu honetarako Aitor Izagirrek eman dit bere iritzia. Aitor egungo Arto Artianen alma mater-a, edo alma mater-etako bat dela esan daiteke. Musika ekarpenak egin izan ditu Loty Negarti izenez, eta orain Astro Artian jaialdian bildutako diruaz zerbitzaile berri bat martxan jartzen ari da. Bertako bloga eguneratzeaz arduratzen da, eta komentatu didanez, poliki-poliki euskal musikari esperimentalei buruzko bideo bat prestatzen ari da beste kide batzuekin batera.

Besteak beste, horrelakoak esaten ziren 2007ko artikuluan:

  1. Sortze lana errazen beharko lukeen unean, ekoizteko askeen sentitu behar ginenean, inoiz baino homogeneago azaltzen dira gaur egungo emaitza artistikoak. Merkantilismo eta ikuskizun hutsaren araudi astunaren azpian irudimena itota dirudi. Kontraesan handi honen aurrean bi aukera daude, etsipenez onartzea edo Arto Artian plataformaren moduan ausardiaz aurre egitea eta ia ezkutuan ematen ari diren hainbat lani espresiobide bat ematea.
  2. Arto Artian ez da enpresa bat, ez da ohiko on-line salmenta katalogo bat. Helburu komertzialik gabe sortu da. Lan dinamika guztiz horizontala eta asanblearioa da. Antzeko kezka filosofikoak, artistikoak… modu libre batean partekatu ahal izateko elkartu den pertsona multzo bat da.
  3. Zirkuitu komertzialetik at gaude. Katalogoan dauden lan guztiek copyleft eta anti-copyright moduko banaketa askerako baimenak dituzte. Arazorik gabe kopiatu eta hedatu daitezke. Erakunde zabaltzaile bat gara banatzailea baino gehiago
  4. Arto Artianen barruan disko fisikoak objektu artistikoak dira. Ez dira objektu komertzialak.
  5. Ez etorri rock jarrera batekin gure kontzertuetara. Atentzio berezi bat eskatzen dute eta hasiera batean ohitura falta eta heziketa direla medio kosta egiten da. Aurkezpenerako gune fisikoa arazo bat da musika honentzat. Gune tradizionalak 80. hamarkadan rockerako eratu ziren eta ez dira aldatu. Lekuekin esperimentatzea tokatzen zaigu orain…
  6. Merkatuaren eraginez, nolabaiteko diktadura bat izan da orain arte. Gauzak ezkutatu egin dizkigute eta ondorioz aurreiritzi pilo bat dauzkagu eta kosta egiten zaigu kontzertu batera “ea zer pasatzen den” jarrera ireki batekin joatea.
  7. Eskola elektroakustikoko hainbat musikarik gure lana gaitzesten dute. Akademikoa ez delako, erregelak jarraitzen ez dituelako eta abar.
  8. Beste herrialde batzuetako jendearekin kontaktu pare bat izan dugu, baina seriotasuna eta esentzia galtzearen beldur gara, desorekarik ez dugu sortu nahi.

Aitor Izagirrek zortzi puntuekin ados izaten jarraitzen du, eta orokorrean Arto Artianen oinarrizko filosofia eta kezkak modu egokiz laburbiltzen dituztela dio. Hala ere, zazpi urte hauetan mundua aldatu egin da, partaideen joan-etorriak gertatu dira, musikaren industriaren digitalizazioak aurrera egin du, edukiak sortu eta elkarbanatzeko erraztasunak areagotu egin dira… Testuingurua ez da berbera eta nolanahi Arto Artianek ezin du orain dela zazpi urteko gauza berbera izan. Horregatik, egungo kideak nolabaiteko berpizte eta berrasmaketa prozesu batean murgildu dira.

IMG_4238

Aurreiritzirik gabeko jarrerarekin hurbildu behar da Arto Artian katalogora. (Arto Artian)

Lehen hausnarketa formatu fisikoari zuzenduta dago. Aitorren ustez, “egun, disko fisikoak geroz eta gutxiago saltzen dira, batipat CDak. Saltzekotan, biniloak eta kaseteak izaten dira, formatu horiek gordetzen duten fetitxismo kutsua dela eta. Baina aldi berean esan beharra dago, nahiz eta diskorik ez saldu, diskoak elkarbanatu eta trukatzen direla oraindik, eta objektuak (grabaketak, gutxienez) bere rola betetzen jarraitzen du. Musikari inprobisatzaileen munduan behinik behin, gure lana ezagutzera ematen du eta zuzenean egin dezakeguna aurkeztu, era horretan zuzenean jotzeko aukerak irekiz”. Beraz, diskoen ekoizpenak badu oraindik zentzua, baina erabilpena beharbada zertxobait aldatu da. Lehen helburua zena orain baliabide bihurtu baita. Diskoek edo grabaketek aurkezpen txartel moduan funtzionatzen dute, eta ez erakusketa baterako obra bukatu eta borobil bezala. “Magmadam taldearen adibidea oso ona da honetarako. Berriki sortutako bikotea da eta kontzertu gutxi eman ditu orain arte, baina lokalean egindako lana grabatuz, eta grabazioa forma zehatz batean plazaratzean, beste musikariok badugu haren jardueraren berri izateko aukera, eta hortik etorkizunerako elkarlanak sor daitezke”. Ildo honetan, oso esanguratsua da Astro Artian jaialdira USB bat eraman zuen edonork katalogo guztia bertan deskargatzeko aukera izan zuela.

“Garai berrira egokitzeko aldaketak egin ditugu, edukien eskuragarritasuna handituz. Bide batez, 2015ean benetan hazteko oinarriak jartzen ari gara”

Hausnarketa honen ondorio moduan eta etorkizunera begira, zera dio Izagirrek: “Diskoen salmentan erabili beharreko energia ez da orain dela zazpi urtekoa bezain handia. Horregatik, garai berrira egokitzeko aldaketak egin ditugu web orrian eta plataformaren antolakuntzan, edukien eskuragarritasuna handituz. 2014. urtea transizio urtea izaten ari dela esango nuke eta, bide batez, 2015ean benetan hazteko oinarriak ere jartzen ari garela”.

Espazioak aipatzean, era honetako musikek duten erronka handienetako bat azaltzen zaigu. 2007ko elkarrizketan aditzera ematen zen moduan, ohiko rock guneak eta aurkezpen kontzeptuak ez dira egokienak. Musikarien arteko eta musikari/entzule arteko harremanak estuagoa izan behar du eta espazioak truke hori erraztu behar luke. Aldi berean, soinuak modu ezberdinez somatu eta barneratzeko aukera akustikoak eman beharko lituzke. Astrako jaialdirako erabili zen gerra garaiko bunkerra adibide ezin hobea da, bertako erreberberazioak testuinguru fisiko eta akustiko paregabea ematen baitu.

IMG_4165

Astro Artian festaren barruan, Gernikako bunkerrean egindako saioaren irudia. (Arto Artian)

Eta bide horretatik jarraituz, arteguneak, eraikin industrialak, elizak, gune naturalak… daude, ia esplotatu gabeko sorta irekiz. Edozein eratan, Arto Artianen berpizte honetan eragile garbi bat ikusten du Aitorrek: “Bilbon bereziki, krisi garai honetan, ekitaldiak eta kontzertuak antolatu, musika ekoiztu eta musikatik abiaturiko egoera berri eta ezezagunak sortzeko joera indartsu bat eman da. Musikak giza harremanetarako ematen duen baliabide ikaragarria eta esperimentazioaren ikuspegitik, krisi ilun honen erdian kulturalki berpizteko ematen digun ahalmen boteretsua erabili nahi ditugu. Egungo egoeran beraz, Arto Artianen lana inoiz baino beharrezkoagoa iruditzen zait”. Astran egin zan festak Arto Artian “mapan” jarri duela esan daiteke, beraz. “Euskal Herrian era honetako musika zailak sortu, jo eta entzuteko grina badagoela erakutsi du festak. Hortik abiatu behar dugu”.

Astro Artian jaialdira joandakoek katalogo guztia USB batean deskargatzeko aukera izan zuten

Harremanerako behar eta botere hori aipatuz bide berriak irekitzen dira Arto Artianentzat: “Web orriak Euskal Herrian sakabanaturik gauden musikari eta artista esperimental askoren topagunea izan beharko luke. Berriak, argitalpenak, artxiboa… jaso eta eztabaida gunea izan ere. Hor dugu erronkarik handiena. Gure desberdintasun pertsonal guztien gainetik artista esperimentalen topagunea sortzea, eztabaidatzeko eta eskasia garai honi kultura baliabide boteretsuz aurre egin ahal izateko”. Ildo horretatik jarraituz, atentzioa deitu dit Arto Artian katalogo eta erakundetik kanpo dauden beste artistez ere hitz egiten dela blog horretan. Izagirrek aipatzen duen musikari esperimental ororen topagune kontzeptu hori indartzen du honek, eta pertsonalki oso beharrezkoa eta egokia iruditzen zait.

Astro Artian, Inazio Escudero

Iban Urizarrek Amorante egitasmoa aurkeztu zuen Astro Artian festan. (Arto Artian)

Beraz, Arto Artian gurean da berriz ere, bizirik dago eta garatzen jarraitu nahi du. Euskal musikak Arto Artian behar du. Bertan azaltzen diren espresioek zaila dute ohiko musika industriaren kanaleetan hedatzea eta ezagutzera ematea. Tira, Gora Japon, Iban Urizar edo Loty Negarti bezalako musikariak ez dira inoiz FNACeko Musikaren Eguneko ekitaldietan azalduko, ezta Musika Parkean egitasmoko saioetan edo Azkena Rock jaialdian ere… Eta hau ez da aipatutako hiru ekimen horiekiko eraso bat, ezta gutxiago ere. Bakoitzak bere esparrua du eta bere erreferentzia estetikoak dauzka, eta denak dira errespetagarriak. Baina horregatik ere, berezko espresiobidea eta espazioa merezi dute musikari hauek, beste edozeinek bezala.

Eta zer aurkitu daiteke Arto Artianen katalogoan?

Erreferentzia bakoitza zehatz-mehatz azaldu gabe eta orokorrean laburbilduz, honako hau bereiztuko nuke:

  • Alde batetik, rock/post-hardcore desoroso, aske, boteretsu eta aurrerakoia. Beste herrialde batzuetan Can, Einstürzende Neubaten, Swans, Shellac edota Fugazi dituzten bezala, Euskal Herrian Borrokan, Akauzazte eta Eten bezalako talde historikoak ditugu. Hiruron grabaketak eskuragai dituzue Arto Artianen. Hiru horiei, Gora Japon bikote miresgarria gehitu zaie, bere punk jarrera eta lotsagabekeria ekarriz.
  • Bestetik, Editions Mego eta antzeko diskoetxeen antzeko ildotik mugitzen den elektronika zaratatsu eta ziztatzailea. Loty Negarti, Xedh, Baba Llaga
  • Elektronikaren alde esploratzailea ere (droneak, naturako soinuen grabaketak…) ez da falta: Xabier Erkizia, Oier Iruretagoiena, Tzsene, Edorta Izarzugaza.
  • Joseba Irazoki artista oparo bezain sailkatu ezin eta bikainaren lanak ez dira falta: On Benitoren folk-blues bizia edo DOren doinu akustiko ederrak.
  • Eta bai, Mursegoren lehen pausoen aztarnak ere (“Bat”) hemen aurkituko dituzue.

Tira, badira aukerak ezta? Izan ausart eta proba ezazu!

ETIKETAK:AkauzazteAmoranteArto ArtianBorrokanEtenGora JaponJoseba IrazokiMursego