Musika

Arratsalde batek zer ekar dezakeen

Euskaldunon Egunkaria-ko hemerotekara jo beharra dago Sorotan Bele taldearen arrastoaren atzetik hasteko. Izena jarri eta bilatzaileak atzemandako hamarnaka orrietatik agendari dagozkio gehien-gehienak: Sorotan Bele 1993ko Nafarroa Oinez-en, Sorotan Bele Ezpeletako festetan (Lapurdi), 1994ko uztailean; Sorotan Bele Donostiako portuan, 1994ko abuztuan; abenduan, Larrabetzuko gaztetxean (Bizkaia); 1996ko martxoan, Urretxun (Gipuzkoa), eta, hala, azken-azkeneraino: Sorotan Bele Irunen (Gipuzkoa), 1996ko azaroaren 30ean. 1992-1996 urte arteko marratxoak jasotzen ditu une horiek guztiak, hor gertatu zen dena; taldearen ernatzea, loratzea eta itzaltzea, eta aski izan ziren lau urte eta lau disko euskal musikaren orrietan lorratza uzteko, beren hit eztabaidaezin eta guzti.

Sorotan Bele

Sorotan Beleren emanaldi bat, Getxon. 1992. urtean abiatu zuen bidea taldeak, eta lau urte oparoren ondoren eman zioten amaiera. (Ander Gillenea)

Fi-fa-fu, isiltasun labur bat, eta firibiribiribiri. Flauta soinu bizi bat, bateria, biolin, gitarra, baxu eta teklatuz ondutako oinarriaren gainean. Beste hiru kolpe, fi-fa fu, eta Gorka Sarriegiren ahotsean: «Itxaroten ari gera, arratsalde honetan…». Hogei urte ere ez zituzten plazaz plaza hasi zirenean, hogei urtetik gora igaro dira jada ordutik, eta Sarriegirekin batera egin du memoria ariketa Urbil Artola taldekideak, hainbestetan ahotan erabilitako arratsalde hura zinez noiz jazo zen jakiteko. 1992a zen. Lezoko (Gipuzkoa) Tomas Garbizu Musika Eskolan elkartzen zebilen lagun talde bat ziren Gorka Sarriegi (ahotsa, gitarra), Urbil Artola (ahotsa, gitarra), Mikel Errazkin (tin whistle, flautak), Mikel Izulain (biolina), Ixiar Amiano (teklatuak, pianoa), Ritxi Salaberria (baxua) eta Aitor Etxaniz (bateria). «Halako entsegu egun batean, Gorkak doinua ekarri zuen, akorde soil batzuk. Ordu pare bat jotzen pasatu eta gero, bagenuen bilera bat zenbait kontu erabakitzen joateko; beste seiok aurreratu ginen, eta Gorka han geratu zen, lokalean, hitzak ateratzen». Eta, oharkabean, paper gainean zirriborratutako hitz horiek etxean mamitzen hasitako doinuan lekua bilatu, eta prest zen kantua milaka lagunen aho-belarrietara jauzi egiteko. «Urteetan ez dut jakin arratsalde hari egiten zionik erreferentzia, nik imajinatzen nuen kuadrilla bat, berera… Baina orain letrari begira, ikusten dut, bai: Lauzpabost akorde jota, kitar zahar honekin… Hala aritzen ginen».

Ospe aurreko ospea

Taldearen arrakasta baino lehen sortutako kanta izan zen “Arratsalde honetan”. Lehen diskoaren aurretik, sei kantuko maketa atera zuten, eta hor zegoen jada. «Nire aitak [Txomin Artola kantaria] bazuen etxean Tascam magnetofoi zahar bat, lau pistakoa; han grabatu genuen maketa, hasieran guretzat. Gero enteratu ginen Euskadi Gaztean bazela maketa lehiaketa bat martxan, eta gurea bidali genuen. 18 urte genituen eta irratia beste belarri batzuekin entzuten hasi ginen. Bat-batean: ‘Gure kantua jarri dute!’».

“Egiten genuena oso freskoa zela esaten ziguten. Folk musikak akorde alaiak ditu, doinu errazak… Baina ez zen folk hutsa ere: bazuen rock-pop ukitua”

Uhinek bidea ireki zieten; maketa lehiaketa irabazi zuten, eta, saria zen diskoa kaleratzerako, bazituzten zaleak han-hemen, sinadura eske taldean hurbiltzen zirenak haietako asko. «Dena ere ez zen irratia izango», dio, dena den, Artolak. Elementu askok bat egin behar dutela dio kanta batek arrakasta izateko, eta, horietako asko asmaezinak badira ere, euren musika proposamenak «gantxoa» zuela iruditzen zaio. «Egiten genuena oso freskoa zela esaten ziguten. Folk musikak akorde alaiak ditu, doinu errazak… Baina ez zen folk hutsa ere: bazuen rock-pop ukitua». Freskotasuna azpimarratzen zuen Euskaldunon Egunkaria-k ere, 1993ko apirilean, taldea lehen diskoa kaleratzear zela iragartzen zuen artikuluan: «Gazteak dira, gazteak oso, baina hala ere euskal folkaren esparrura zenbait berrikuntza ekarri dizkigute, batik bat Irlandako doinu eta armonien aberastasuna, rockaren zenbait kadentzia eta, garrantzitsuena, freskotasuna». Euskal Herriko musika panorama «nahiko gaizki» sumatzen zutela zioten kideek orduan: «Betikoak dabiltza bueltaka, baina ez da berrikuntzarik sumatzen». Eurek, ordea, asteburuak kontzertuz beteta zeuzkatela aitortzen zuten, eta hala gogoratzen du gaur ere Artolak: «Leku askotara heldu ginen, eta hori izan zen gauzarik ederrenetako bat. Arratsaldeko lehen orduan iristen ginen, dena muntatu, jo, jaso, eta buelta egiten genuen. Arratsalde horretan bizitzen genuen herria. Ez genuen askoz gehiago egiten. Baina ordu horiek oso emankorrak ziren guretzat». Orainaldiaren taupa hura, kantuko errepikan jasoa: «Arratsalde honetan, honetan, honetan…».

ETIKETAK:Gorka SarriegiMikel ErrazkinSorotan BeleTxomin ArtolaUrbil Artola