2020.08.18
Iruñeko San Fermin ikastolako hiru ikasle, eurodance musika sortzen, sintetizadore doinuek lagunduta ohikoak ez ziren mezu politikoak uztartzen; ohikoak ziren mezu ustez apolitikoak alboratzen, nahiago bada. “Goazen”. 1995era. Hemendik At taldearen sorrerara. Halaxe grabatu zuten Iker Sadabak, Iker Lain Mattin-ek eta Arantzak (inon ez da ageri haren abizena) maketa bat, bospasei kanturekin, eta Gor diskoetxera bidali. 16-17 urte zituzten. Sadabarena zen musika; Lainenak hitzak.
Maketa jaso, entzun eta gorde egin zuen Gorreko Marino Goñik. «Marinok ez zuen oso argi ikusten hura argitaratzeko aukera. Erabat apurtzen zuen momentu hartan euskal musikan egiten zenarekin», dio Patxi Goñik. «Hain haluzinatuta utzi gintuen hark, entzun genuenean, erreparoa ere eman zigun argitaratzeak». Hala, bolada batez kutxa batean gordeta eduki zuten.
Marino Goñiri, halako batean, disko bilduma bat argitaratzeko ideia bururatu zitzaion arte, urtean argitaratutako diskoetako alerik onenekin. Aurtengo GORakada jarri zion izena, eta 1997koa izan zen lehena. Udarako plazaratu zuten, eta hantxe “Goazen”. Hantxe Hemendik At izena ere, lehen aldiz disko batean: Hemendik At Koma, Berri Txarrak, Ken 7 eta Skalariak taldeen ondoan. «Jendea hasi zen entzuten, eta iritzi kontrajarriak zeuden. Txosnetan musika hori jarri eta batzuk haserretu egiten ziren. Dantzarako musika ez zegoen ondo ikusia zenbait girotan. Norbait iritsi zen esatera hura ez zela euskal musika», gogoratu du Goñik.
«Jendeak uste du garai gozoa izan zela guretzat, baina, hasieran, gogorra izan zen», zioen Iker Sadabak Berria-n, garai haiei buruz, duela bi urte pasa: «Lehen kontzertuetan, rock taldeen ondoren jotzen genuen, gure musika ordu txikitako giroarekin lotzen zelako, eta batzuetan botilak botatzen zizkiguten».
Kontzertuotan entzuten ziren kantuekin bat egiten zuen Hemendik At-ek hitzez, baina ez estiloz. Irratietan entzuten zen musika estiloarekin bat egiten zuen, aldi berean, baina ez hitzez. Hala kontatu zuen Sadabak berak, 1999an, Euskaldunon Egunkaria-n: «Hasiera batean, irrati batzuetan ez zuten gure musika jartzen, hitzengatik. “Goazen” kantua atera zenean, adibidez, jendeari gustatu zitzaion eta ostatuetan entzuten zen, baina irrati batzuetan zentsuratu egin zuten».
Spice Girls taldearen “Wannabe”, Aquaren “Barbie Girl”, Galaren “Come Into My Live”, The Ververen “Bitter Sweet Symphony” eta Chumbawambaren “Tubthumping” behin eta berriz entzun zitezkeen irrati formuletan. Radiohead eta Daft Punk taldeek, hurrenez hurren, Ok Computer eta Homework diskoak argitaratu zituzten urte hartan; eta Bjorkek Homogenic.
Lehen diskoa
“Goazen” kantaren harrera ikusita, Hemendik At taldearen lehen diskoa argitaratu zuen Gor etxeak, 1997 hartan bertan, Durangoko Azokarako. Diskoa egiteko ordua ailegatu zenerako, Arantzak utzia zuen jada taldea, eta Stella Berzal sartua zen. Taldekideak unibertsitateko ikasle ziren jada.
Taldearen izena bera diskoko izenburu bihurtuta, arrano beltz bat zeraman lehen disko hark azalean. Hamar kantu entzun zitezkeen bertan. «Ordurako, “Goazen” toki guztietan jarria zuten eta oso kantatua zen, baina disko horren ale askorik ez genuen saldu», Goñiren esanetan. Azoka hartako nobedadeen artean zeuden, besteak beste, Su Ta Gar-en Agur jauna gizon txuriari, Kashbad-en Distantzia, Fermin Muguruzak eta Dut-ek elkarlanean egindako Ireki ateak eta Zazpi Eskaleren Barrenkaleko bluesak.
«Lehen disko hark bidea urratu zuen, taldearen hurrengo diskorako, Orain lanerako. Azken hori bai, arrakastatsua izan zen salmenta aldetik ere», Gorrekoaren aburuz. 1999an argitaratu zuten bigarren lan hori, eta izen berriak zeuden taldean: Alberto Domingo eta Edurne Arizu sartu ziren, eta Mattin irten. Arrakasta haren oinarria “Goazen” kantan ikusten zuten taldekideek ere, orduko elkarrizketetan jasota dagoenez: «Taldea 1995ean sortu genuen, eta, beharbada, orduan ez zuen piztuko halako arreta, dance musika ez zelako hainbeste entzuten. Gu atera ginenean, ordea, hasia zen ostatuetan ere entzuten, eta horrek ere lagundu zigun. “Goazen” kantua, batez ere, asko hasi zen entzuten festetan eta ostatuetan».
Beste disko bat etorri zen gero: Etorkizuna, 2001ean. Hark ere izan zuen arrakasta, baina taldea desegin egin zuten, emanaldi mordoa egin ostean. Handik urtebetera, Ados bikotea sortu zuten Stella Berzalek eta Edurne Arizuk, eta izen bereko diskoa argitaratu, Gor etxearekin hura ere. Ez zuten disko gehiago sortu. Edurne Arizu akordeoilari karrerari lotu zitzaion, eta horretan segitzen du egun. Iker Sadabak, berriz, konposatzen segitu du tarteka: Yogurinha Borovarentzako sortu ditu kantak, esaterako.
Iaz, Gor etxeak Iragana diskoa argitaratu zuen, Hemendik At-en bilduma gisa. Ez zen itzulera disko bat izan. Taldekideek ez zuten elkarrizketarik eman, eta isilik segitu dute gaur arte.